Monarkia eta noblezia

Antso IV.a Gartzes Peñalengoa

Iruñeako erregea (1054-1076).

Gartzia Santxez III.a zuen aita, eta haren oinordeko egin zen Atapuercako batailan hil zenean (1054).

Bataila horretan, Iruñeako erregea Gaztelako eta Leongo Fernando I.a anaiaren aurka aritu zen, nafar erregeak jabetzan hartu zituen Gaztelako lur batzuengatik. 14 urte besterik ez zituela, Antso Gartzes gaztea iruinsemeen errege izendatu zuten, batailan bertan, eta haren osaba Gaztelako Fernandok hasiera hasieratik bere izendapena onartu zuen. Lehenengo urteetako agintaritzan amaren laguntza izan zuen, Estefania de Foix erregina, hain zuzen.

Antso Gartzes IV. "Peñalengoa" ezizenez ezaguna zen, heriotza eragin zioten jazoerengatik. Ondoren, "Noblea" ezizena hartu zuen.

Atapuercako batailaren ondoren, Iruñeako eta Gaztelako erregeen arteko gerra hasi aurreko ordena berreskuratu zen, eta Gartzia Santxez III.ak bere erresumara atxikitako Gaztelako lurrek Iruñeako erresumaren barruan jarraitzen zuten. Gartzia erregeak San Millan monasterioari hainbat dohaintza egin zizkionez, Obarenes eta Montes de Oca inguruak hartzen zituen, eta Atapuercaraino iristen zen. Hedapen horri esker, lurrak eskuratu ahal izan zituen Menako, Burebako eta Arlanzoneko haranetan, eta baita urrunagoko beste eremu batzuetan ere. Gartzia Santxez III.aren oinordeko zen Antso IV.ak zailtasun ugari izan zituen oinordetutako mugak mantentzeko eta arbasoek eskuratutako lurrak bana zitezen saihesteko. Hasteko, ez zen oso ziurra atxikitako eskualde batzuetako jaunak eta jabeak fidelak zirenik, eta batez ere, Gaztela Zaharreko zenbait jaunen kasuan. Bestetik, Gartzia III.ak Iruñeako edo herrialdean finkatutako zaldunei zenbait lurren agintea eman zien, eta ez zen hori oso neurri eraginkorra suertatu. Ubierna, Urbel eta La Piedra izan ziren banandutako lehen lurrak, eta Fernando I.aren eskuetan gelditu ziren. Gainontzekoak nafar erregearen agindupean mantendu ziren zenbait urtez.

1057an, bi erreinuen arteko arazoek bere horretan jarraitzen zuten. Erasoaldiak sartu-irten baketsuak ziren, eta, horiekin batera, erregeak hurbileko kondeak eta jaunak erosten zituen. Gaztelau-leondar erregearen aldeko politika horrek bere lehenengo emaitzak eman zituen Trasmieran, Menako haranean, Bureba inguruan eta Gaztela eta Leongo erresumarekin muga egiten zuten Gaztelako beste jaurerri batzuetan; baina berehala egin zuten topo erresistentzia handiago batekin. Fernando erregeak, Oña hartu, eta bere boterea indartu zuen, eskualdeko erlijio-instituzioei dohaintza handiak emanez. Aialako, Menako eta Somorrostroko jaurerriak zituzten Lope eta Galindo Velazquez jaunak lagun zituen.

Iruñeako erregeari fidel mantendu ziren, batetik, Eneko Lopez Bizkaiko jauna Naiarako Fortun Santxezen ("Aitano" edo "Eitano" ezizenez ezaguna) alaba batekin ezkonduta zegoena, eta, bestetik, Pancorbon jaurerria zuen Antso Fortuñon zalduna. Azken hori Obarenes mendietarako iraganbide eta sargune estrategikoa zen. Era berean, honako hauek Iruñeako erregearen alde egin zuten: Munio Gonzalez Arabako kondearen semeek (Nuño Moñuz, Araban; Lain Muñoz, Cellorigon eta Tello Muñoz, Terminoko gotorlekuan) eta Burgos aldean zeuden aurrelari-taldeetan, Fortun Jimenez, Monasterion, eta Garcia Jimenez, Montes de Ocan (1060).

1062. urte inguruan, bi erregeek bakea sinatu zuten, eta erresumen arteko mugak adostu zituzten. Egile batzuen esanetan, bi erregeek 1037. urteko mugak berrezartzea erabaki zuten, hau da, Fernandok Iruñeari hainbat barruti laga aurretik indarrean zeudenak. Beste batzuen ustez, ordea, hitzartutako mugak Antso Nagusiaren eta Gaztelako Antso Gartzia kondearen ordezkariek 1016. urtean ezarritako muga berberak lirateke, eta Iruñeako jabetzen barruan sartuko lituzkete Antso Nagusiak 1024.an hartutako lurrak, Pancorboko ingurua Antso Gartzesaren erresumaren mende geratu baitzen. Harrezkero, Fernando erregeak "Gaztela osoko errege" titulua hartu zuen, eta Antso Gartzes Naiarako eta Iruñeako erregea izan zen. Errioxako lurrek Iruñeako erresumaren barruan jarraitzen zuten.

Fernando I.a erregeak bere lurraldeak hedatzeak larritu egin zituen Antso Gartzes eta Aragoiko Ramiro, Antsoren osaba eta Fernando I.aren anaia zena. Iruñeako eta Aragoiko erregeek 1057an bilera egin zuten, Leireko elizaren kontsagrazioaren ospakizunean. Antso erregeak zaldun eta erresumako apezpiku guztiak bildu zituen Leiren, eta Ramiro erregeak, berriz, Garsea Aragoiko gotzaina, Belascon San Juaneko abadea eta erresumako jaun garrantzitsuenak izan zituen laguntzaile. Topaketa horretan, Ramirok Zangotzako gaztelua eta Lerda eta Undues herriak eskuratu zituen, ilobari laguntza eman eta harekin leial izatearen truke. Halaber, Iruñeako erregeak Arrosako monasterioa (Sarasaz haranean) dohaintzan eman zion Leireko monasterioari.

Iruñeako erresumaren hegoaldean, Zaragozako taifa musulmanaren lurraldeak zeuden. Taifa aberatsa zen, eta ez zion Iruñeako erresumari hegoaldetik zabaltzen uzten, bi eremuak Errioxan, Nafarroako erriberan eta Aragoiko ibarretan mugakide baitziren. Muga horietan zehar, zenbait gotorleku zeuden: mendebaldean, Autol, Quel eta Arnedo errioxar gotorlekuak, eta Ebroren ezkerreko ibarrean, Sartaguda, San Esteban eta Azagra. Nafarroako erdialdean, Funesetik Iruñearako sarbidea babesten zuten Peralta, Faltzes, Arlas eta Alesues herriek, eta ekialdean, Uxue gotorlekuak.

Bestetik, Zaragozako taifak muga egiten zuen Aragoiko eta Gaztelako erresumekin, eta horrek egoera zailean uzten zuen. Hiru kristau erresumekin bakea mantentzeko, haiekin itunak egin behar zituen, baita pariak ordaindu ere: taifak zerga antzeko bat ordaindu behar zien, eraso ez zezaten edo babesa eman ziezaioten.

Garai hartan, Antso erregeak harreman ona zuen Aragoiko erresumarekin, eta 1060. urte inguruan, Zaragozaren jabe zen al-Muqtadir erregearekin adostu zuen Iruñeari aldizkako pariak ordainduko zizkiola, babesaren truke. 1063ko gertaerek hitzarmena baliorik gabe utzi zuten, eta errege musulmanaren mendekotasuna hautsi zen. Izan ere, urte horretan, aragoiarrek Grauseko gotorlekua inguratu zuten, Ribargoza eskualdeko Isabena eta Esera ibaien elkargunean zegoen gotorleku musulman garrantzitsua, alegia. Gotorlekua hartzeko zorian egon ziren; baina unerik erabakigarrienean, Fernando I.ak Antso semea Zaragozara bidali zuen bere soldadu onenekin. Gaztelauek musulmanekin bat egin zuten, eta gotorlekuaren aurrealdera iritsi ziren. Aragoiarrek, bataila irabazi, eta setioa altxatu zuten. Garaileek Ramiro I.a hil zuten, Grauseko hormen aurrean. Bataila 1063ko maiatzaren 8an izan zen, eta ordutik aurrera, Muqtadirrek Iruñeari zerga ordaintzeari utzi zion. Antso Ramirezek bere aita Ramiroren oinordekotza hartu zuen Aragoiko erresuman (1063-1094).

1065eko azaroaren eta abenduaren bitartean, Fernando I.a gaixo zegoela itzuli zen Zaragozan eta Valentzian borrokatutako gudetatik. Urte amaieran hil zen, Leongo hirian. Fernando I.ak utzitako lurraldeak berak aitarengandik hartutako Gaztelako konderriak baino askoz hedadura handiagoa zuen. Izan ere, agintaldiaren hasieran, Leongo erresuma eta bertako lurraldeak bereganatu zituen (Asturias, Galizia, etab.), eta jabegoa hedatuz joan zen, musulmanei eta Iruñeako erresumari hartutako lurraldeekin, batik bat.

Pirinioetako usadioei jarraiki, Gaztelako erresuma osatzen zuten ondare-lurrak oinordekotzan utzi zizkion Antso lehensemeari (1065-1072). Leongo erresuma osoa Alfonso VI.a (1065-1109) semeari utzi zion, Galizia izan ezik, beste lurretatik bereizi, eta Gartzia semeari (1065-1071) eman baitzion. Halaber, erresuma musulmanetatik jasotzen zituen pariak semeen artean banatu zituen. Gaztelako tronua hartzean, Fernandoren semea Antso II.a izendatu zuten. Horrela, Antso izeneko hiru errege egon ziren aldi berean: Gaztelakoa, Iruñeakoa eta Aragoikoa.

1067an, Iruñeako, Aragoiko eta Gaztelako erregeen arteko gatazkak hasi ziren, Hiru Antsoen Guda izenez ezagutzen dena. Hiru erregeak lehengusu propioak ziren. 1067ko urtarrilaren 18an, gaztelau erregea eta haren anai-arrebak San Millanen bildu ziren, lurraldeko hainbat jaun garrantzitsurekin batera. Aldi berean, Iruñeako erresuman, erregearen eta haren aliatuen indarrak antolatzen ari ziren. Gaztelako erregearen aurrelari-taldea Pancorboko pasabidera iritsi zen, eta Ebro ibaia gurutzatu zuen, Logroñotik. XIV. mendeko aragoiar kroniken arabera, Iruñeako Antso Gartzesek laguntza eskatu zion Aragoiko Antso Ramirezi, eta bi erregeak indarrak batu zituzten, Gaztelaren erasoari aurre egiteko. Bi armadek borroka egin zuten Mendabiatik gertu, Viana inguruan. Guda hartan, iruindarrek eta aragoiarrek irabazi zuten, eta Gaztelako erregeak ihes egin behar izan zuen. Antso Ramirez atzetik joan zitzaion, eta gaztelauek Iruñeari hartutako lurrak berreskuratu zituen. Iturri horien arabera, Iruñeako erresumaren mende geratu ziren berriro ere Errioxako eta Burebako lurrak, Montes de Ocaraino. Beste egile batzuen hitzetan, ordea, gaztelau erregeak lurralde horiek berreskuratzea lortu zuen.

Tronuan bere aurretik izandako Gartzia Santxez III.aren ildo beretik, Antso Gartzia IV.ak monasterioei lurrak, herriak eta beste ondasun batzuk eman zizkien. Horietako bat Leireko monasterioa izan zen, erregeak hainbat ondasun dohaintzan eman baitzizkion, esaterako: Villatuertako San Miguel monasterioa eta haren ondasunak (1062), Punicastroko San Andres monasterioa, Prezolaz herriaren heren bat eta Torrecillako etxalde bat (1063), Nabaskoze inguruko lurrak eta beste lur batzuk Equen (1066). Azkeneko dohaintza hori Orbita Acenariz Gipuzkoako jaunak berretsi zuen, beste batzuen artean. Era berean, Iruñeako erregeak Iurretako monasterioa (Bizkaia) San Millaneko monasterioari dohaintzan eman zion (1072).

Bestetik, erresumako leinu nagusietako jabeek dohaintzak egin zituzten. 1056ean, Iruñeako erregeak Antso Fortunionesi Errioxako Villanoba de Sagonciello (Agoncillo) herria saldu zion, gero Antso Fortunionesek eta haren emazte Belasquitak (Gaila andrearen alaba) San Juan de la Peñari eman ziotena dohaintzan. Horrez gain, monasterio horrek zenbait ondasun jaso zituen Mundakan, Munio Nuñezen eskutik (1070).

Antso Gartzes IV.aren erregealdian zehar, erresuma barruko nobleen artean hainbat azpijoko izan ziren. Erregearen bi anai-arrebek, Ramon eta Ermesinda infanteek, azpikeria horietan partaide izan ziren, eta erregearen heriotza antolatu zuten. Erregearekin leial zirenen artean, mesfidantza zabaltzen hasi zen 1074an. Urte horretan, Laratik gaztelauak iristen hasi ziren, San Millanera erromes zihoazela esanez. Kopurua gero eta handiagoa zenez, mugako gazteluak defendatzen zituzten kapitainek kanpotik antolatutako mugimendua zela susmatzen hasi ziren, eta espioi izan zitezkeenak atxilotu eta kartzelaratzeari ekin zioten.

1076an, erregea hil zuten. Moreten arabera, Antso Gartzesaren anai-arrebek Funes eta Villafranca herrien arteko basoan ehizaldia antolatzeko itxurak egin zituzten, eta bertara joan ziren amarruaren berri zuen noble talde batek lagunduta. Ehizan zeudela, erregea Peñalen izeneko harkaitzera gerturatu zen, Arga eta Aragoi ibaien ibilguaren gainean dagoena, eta abagunea aprobetxatuz, bizkarrean bultza egin eta amildegian behera bota zuten.

Nobleetako batzuk azpijokoaren jakitun ziren, eta ez zuten konspiratzaileen agintea onartu. Erregearen anai-arrebak gaitzetsi zituzten, eta herrialdetik joatera behartu. Ermesinda infanteak Gaztelako gorteetan babestu behar izan zuen, eta Ramon abegitsu hartu zuen Zaragozako errege musulmanak, Iruñeari ordaintzen zion zergatik libre geratzeko irrikaz baitzegoen.

Iruñeako tronuak oinordekoa behar zuen, eta zendutako erregearen bi semeak gazteegiak ziren. Hortaz, Ramirorengan pentsatu zuten, erregearen anaia eta Kalagorriko jauna zena. Aitzitik, Antso II.aren hilketaren ostean, Gaztelako Alfonso VI.aren ejertzitoak erresuma hartu zuen, eta Bureban eta Errioxan sartu zen. Ramiro, bere aldetik, Gaztelako gorteri atxiki zitzaion.

Alfonso VI.a erraz sartu zen Iruñeako erresuman, gaztelau erregearen konplizeek Antso Gartzes anaiaren hilketagatik mendeku hartu nahi zuela zabaldu baitzuten. Konplize horietako bat Diego Alvarez Montes de Ocako gobernadorea zen. Jaun gaztelau hark alaba bat zuen: Tekla andrea, Bizkaiko kondearen semearekin ezkonduta zegoena. Bizkaiko jaunak, bere aldetik, Bilibioko gaztelua jagoten zuen, Conchas de Haron, Obarenes mendien pasabiderako puntu estrategikoa zena. Uztailaren 10ean, hilketa gertatu eta aste gutxira, gaztelau erregea Kalagorrira heldu zen, eta erregearen familiak Naiaran hartu zuen, senide eta lagun bailitzan. Gertaera horiek ikusita, Aragoiko Antsok esku hartu zuen, eta berehala sartu zen Iruñean. Gaztelauek erresuma Gareseraino eta Zangozaraino hartua zuten, eta iruinsemeek, aragoiarrekin batuta, Errioxa aldera atzera egitera behartu zituzten.

Gaztelau erregeak bere lurraldeari kendutako lurrak bereganatu zituen, eta aragoiarrak Iruñeako errege izendatu zuen bere burua. Errege biek hartutako lurrak beren erresumari erantsi zizkioten, eta nolabaiteko akordioa adostu zuten, beren jabetzako lurrak mugatzeko. Horrela, ekialdea, hots, Donostiatik Jakaraino eta Ebrotik Pirinioetaraino, Antso Ramirezen mende geratu zen. Mendebaldeko jaurerriek aldaketa batzuk jasan zituzten, eta zendu berria zen Bizkaiko jaunaren Naiarako jaurerria Garcia Ordoñez kondeari esleitu zitzaion. Lope Eneko Bizkaiko jaun bihurtu zen, eta Naiara galtzearen ordainetan, Arabako jaurerria eta Gipuzkoako jaurerriaren zati bat jaso zituen. Burebaren zatirik handiena Gonzalo Salvadores Larako jaunari eman zioten, eta emakida horrekin, Gaztelako blokea indartu egin zen. Azkenik, Orbita Aznarezek Gipuzkoako jaurerria galdu zuen, eta ordainetan, beste jaurerri bat eman zioten.

  • ÁLVAREZ PALENZUELA, Vicente Ángel (coord.). Historia de España de la Edad Media. Bartzelona: Ariel, 2008. 3. arg.
  • CANELLAS LÓPEZ, Ángel. "García Sánchez de Nájera. Rey de Pamplona (1035-1054)". Cuadernos de investigación: Geografía e Historia, Errioxako Unibertsitatea, 5 libk., 2 zbk. (1979), 135-156 orr.
  • LACARRA DE MIGUEL, José María. Historia política del reino de Navarra: desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla. Iruña, 1972.
  • LADERO QUESADA, Miguel Ángel (koord.). La Reconquista y el proceso de diferenciación política (1035-1217). Madril: Espasa Calpe, 1998.
  • MARTÍN DUQUE, Ángel J. ""Vasconia en la Alta Edad Media. Somera aproximación histórica)". Revista Internacional de los Estudios Vascos, 44 libk., 399-439 orr. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1999.
  • MONTERO TEJADA, Rosa María; SÁNCHEZ CANDEIRA, Alfonso.Castilla y León en el siglo XI. Estudio del reinado de Fernando I. Madril: Historiaren Errege Akademia, 1999.
  • MUTILOA POZA, José María. "Constitución, consolidación y disolución del patrimonio de la Iglesia en Navarra. El monasterio de Leyre". Príncipe de Viana, 42 urtea, 162 zbk. (1981), 53-165 orr.
  • PESCADOR MEDRANO, Aitor. "Tenentes y tenencias del Reino de Pamplona en Álava, Vizcaya, Guipúzcoa, La Rioja y Castilla (1004-1076)". Vasconia, Cuadernos de Historia, 29 zbk., 107-144 orr. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1999.