Kontzeptua

Euskal Herriko Historia: Aro Garaikidea

Lehen guda zibilaren amaieratik, merkataritza, nekazaritza, finantza eta industria esparruetako ekonomia kapitalistaren mailaz mailako garapenak ez zuen Antzinako Erregimenetik zetozen sektoreen aldetik aurkakotasun garrantzitsurik aurkitu. Aurreko egoeratik jasotako lurralde eta toki mailako aginte politikoek herriaren eraketan nolabaiteko garrantzia izaten jarraitu zuten, Estatu berriaren organo zentraletatik emandako legedi liberalaren baitan ziren arren. Liberal moderatuek agintera iritsi zireneneko 1844ko urtetik aurrera, bai Batzar Nagusiak bai Lurraldeetako Foru Aldundiek ere irauterik izan zuten, bertako burgesiari aduanen aldaketaren ondoren ekonomia hazkunderako aukera erabat zabalak eskainiz.

Eta Nafarroan lur-jabedun burgesiak estatu liberalean sartu izanagatik zerga- eta ekonomia-abantaila esanguratsuak lortu izan baldin bazituen, Baskongadetan, foru eskumenak liberaltasun moderatuari adierazi gabeko eran lotuta gelditu ziren, eta liberaltasun horrek aurrerakoitasun liberalaren aurka zuen liskarrean erabili zituen. Alderdien gatazka politikoa ordutik aurrera sistema ordezkatzaile errolda zorrozdunak bideratuko du. Ideologia foruzalea mendearen erditik aurrera hezurmamitzen joan zen. Erlijio arazoak ere Seiurteko demokratikoaren hasiera eta iraileko iraultza bezalako ohizkanpoko une politikoen arabera indar asko hartu zuen. Aldi historiko berri horren aurrean karlismoak, 1872an hasitako II. Guda karlista liberalak eztanda egin aurretik izandako hauteskunde-deialdian izugarrizko hauteskunde indarra erakutsi zuen. Gatazkan zehar, erlijio-gaia eta foruen aldezpena zentralismo liberalaren aurrean aspertu arte borrokarako elementu bezala erabili ziren, amadeotar errege-erregimenari eta I Errepublikari ere, bere izaera laiko eta demokratikoagatik, oldarkor agertuz. Euskal karlismoaren 1876ko porrotak Baskongadetan iraun izan zuten foru-erregimenaren aztarnen aldaketak bizkortu besterik ez zituen egin, lurralde hori geroago eta egituratuagoa zen espainiar estatu liberalean txertatuz.

1839tik 1876 urtera arte nekazaritza-jabegoaren antzaldaketa egia bihurtu zen, eta antzinako partekatutako jabetza hark, mendekotasunez betea, amortizatua edo lokarriduna, jabeak erabilerarako eta disposiziorako erabateko ahalmena zeukan beste norbanako eta osoa izan bati bidea eman zion. 1836tik iraultza burges liberalaren biziagotzeaz prozesu hori atzeraezin eta geldiezin bilakatu zen. Elizaren ondasunen desamortizaziotik, nobleziari zegozkion lurren lokabetzetik eta 1855eko udalen ondasunen desamortizaziotik eratorritako ondorioei, jurisdikzio-jaurerrien deuseztatzearena, Mestaren desagerpenarena, hamarrekoen ezabatzea bezalako feudo motako zerga ordainarazpenak, eta lanaren merkatu askea eta lan-harremanak oztopatzen zituzten antzinako arautegiak ere gehitu zitzaizkion. Antzaldaketa horiek guztiak lur-jabe ziren antzinako aristokraziaren oinarri sozioekonomikoetan sakon sakonean eragin izan zuten arren, aristokraziaren sektorerik aipagarrienak jarduera kapitalistaren eredu berriaren alde ekin zioten, liberalismoaren bere bertsiorik moderatuenean sartuz. Bertan bat egin zuten merkataritza arloko eta finantza motako beste burges sektore batzuekin. Horiek izan ziren ia etenik gabe aro moderatutik aurrera euskal eta espainiar sistema politikoaren gidaritzan izan ziren gizarte maila menperatzaile burges berriaren muina. Nafarroako eta baita Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde botereen eraketak 1839az geroztiko dinamika politiko ezberdinak erakusten digun bezala osaketa ugaria izan zuen. Aipatutako guztiak biztanleriaren lurralde birkokapen berrian eta baita berrantolaketan ere eragin nabarmena izan zuen baina baita Auñamendiren alde bietatik abiatutako Ameriketaranzko atzerriratzearen berrindartzean ere.

Ekonomiaren nekazal osagarri sendoari eutsi izan zitzaion arren, mendearen erditik aurrera banketxeak sortu ziren eta trenbidearen azpiegituren eraikuntzari ekin zitzaion. Merkataritza ekimenerako aukera berriak zabaldu ziren eta industria ekoizpen sortu berriarentzako ere. Gobernuaren politika babesleak XIX. azken laurdenean euskal enpresari-taldeen laguntza izan zuen eta, 1876an guda zibilaren amaieraz geroztik, eta euskal metalgintzaren ekoizpena, mineralaren erauzketarekin, itsaso-merkataritzarekin eta ontzigintzarekin, sendotu egin zen. Hasierako merkataritzarekiko eta meatzaritzarekiko ekimena (esparru honen urrezko garaia 1891tik 1910era bitartean bizi izan zen), eta burdingintza-industria sare horren osaketarako beharrezko kapitalaren metaketak bereizi zuen Bizkaian "burdinaren monolaborantza". Tartean Iparraldean zen ekonomiaren eta biztanleriaren gainbehera, nabarmena eta etengabea zen.

Industriaren garapen handiak gizarte mailako orekarik eza larriak ekarri zituen. Bizkaitar enpresariek aipatutakoa bezalako eraldaketarik ezin abiarazi izango zuten gaztelar mesetatik eta barne aldeko euskal lurraldeetatik, maila hobe baten amuak erakarrita biztanleriaren ikaragarrizko etorrera euskal lurraldeetara bideratu izan ez balitz. XX. mendean zehar euskal lurralde guztietan izan zen bilakaera demografikoa oso urria izan zen, baina gizaldiaren azken hamarkadetan joera hori Gipuzkoan behintzat,eta batez ere, Bizkaian eten egin zen. Bizkaian, 1857 eta 1900 urte bitartean biztanleria ia %94 gehitu zen, Gipuzkoan %25 besterik gehitzen ez zen bitartean. Ekonomia-eraldaketaren eragina hirien eta euskal hiriburuen diseinu berrian ere nabarmena izan zen.

Atzerritarren biztanleria-aldra ugariak mota guztietako zenbat gura arazo azaleratu zituen, batik bat arrera guneetan gutxieneko azpiegiturarik ezagatik, egoera berriari aurre egiteko baliabiderik ezagatik eta aurreikuspen eraginkorrerako politikarik ezagatik ere. Etxebizitzetako pilaketek, bilbotar ibaiaren ezkerraldean bereziki izandako hiritar-kontzentrazioek, hirigintza-politika erabat kaxkarrak, eta osasun- eta eskola-gunerik ez izanak ere heriotza-tasen gorakadan eta gaixo ugarien garapenen eragina izan zuten. Ugazabaren aurrean industria esparruko langileen erabateko babesik ezaren erakusgarria soldata urrik, bidegabekeriazko lan harremanak, erakunde ordezkatzailerik eza izanak, iraizpenak, eskarmenturik ezagatik eta segurtasunik ezagatik gertatutako lan-istripuak, enpresa ekonomatoarekiko menpekotasuna, gizarte-arroztea, alkoholismoa, etab., ekarri zituen.

Industria-kapitalismoaren sustraitzea Bizkaian eta Gipuzkoako, berezitasunez lurralde-eraso ezberdinari esker, zonalde batzuetan, langileriaren agerpenarekin eta euskal abertzaletasunaren eta sozialismoa bezalako ideologia berrien hedapenarekin gizarte mailan eremu berri bat ezarri zen.