Kontzeptua

Euskal Herriko Historia: Aro Garaikidea

Euskal Herrian garaikidetasunerako iraganaldia 1789ko frantziar iraultzaren eraso orokorraz geroztik erne izan zen, Antzinako Erregimeneko euskal gizartea nabarmendu zuten oinarri ekonomiko eta politikoen mailaz mailako suntsiketa geldiezina bilakatuz. Iparraldean, gizarte estamentu guztietan aldekoak izateari inoiz utzi ez zion dinamika iraultzailea erlijio esparruari berezkoak zitzaizkion gatazken aztarnekin foru sistemaren berehalako ezabapena behingoan nabarmendu zen, euskal lurraldeak Behe Pirinioetako Departamendu sortu berrian txertatuak izanez. Errepresaliatuen, kanporatuen eta atzerriratutako nekazari-aldrez gain napoleondar garaian zehar izandako etengabeko guda-girotik eratorritako ekonomia arazoak eta pobretasuna gehitu zitzaizkion.

Hegoaldean, Antzinako Erregimen zaharrak eta liberalismoaren amaierak ekonomia hondamena eta aurkatze armatuzko epe aldi luzea sortarazi zuten. Ekonomia hondamena espainiar borboien monarkiari 1793an egindako girondarren Konbentzio guda-adierazpenarekin hasi zen. Goi Nafarroa eta gipuzkoar itsas ertza izan ziren eszenatoki pribilegiatuak. Gudaroste iraultzaileak ekartzen zituzten erregimen liberal berriaren aldeko atxikipenak izan ziren, eta horrek bilbotar eta donostiar hiri- eta baserri-eliteen arteko ideologiaren zatiketa adierazten zuen. Euskal foru sistemaren berrikusketa, horrela, Carlos IVaren gobernuen berehalako agendarekiko leialtasunik eza nabarmenaren ziotzat hartzen zen. Gudaren gizarte-ondorio negargarriak luzarorakoak izan ziren eta herriaren esparru zabalak zorrez, hondamendiz eta behartasun gorrian utzi zituen, batzuetan herri-protesta tea matxinadak sorraraziz. Goi Nafarroan hondamendiak eta hartutako zorren kopuruak udal-ogasun krisialdia eta familien ekonomiarena ere ekarri zuen. Nekazarien eta udalen geroago eta zor kopuru handiagoari uzta txarrak izan ziren urteak gehitu zitzaizkien eta, are txarragoa zena, 1808an napoleondar inperioaren gudarosteen inbasioa. Euskal lurraldea liskar guztian zehar ia okupatuta gelditu zen, aldi berean Cadizko Gorteetako legegintza-zereginean islatutako burgesiaren iraultza liberalaren hastapenak sorrarazten zituen aldaketen zeharreko eragina jasaten zuenaz batera. Cadiztar Konstituzio sistemaren ezarpenak espainiar boterearen eta foru sistemaren arteko XVIII. mendean zehar eta XIX. hasierako borbondarren dinastiaren erregealdietan, 1808ko Baionako Gutunetik hasi eta 1839an foru sistemaren ezabapenera arte, izandako gatazkak berrindartu besterik ez zituen egin. XIX. mendeko lehen herenean zehar politika jarrerek argitzen joan ziren. Jada, 1833 eta 1839 urte bitarteko karlista-liberalen guda-pizteaz aurretik, euskal esparru liberalek euskal foru guztien errotikako ezabapenik gabe konstituzio sistemarekin bat egiteak eskaintzen zituen ekonomia aukerak antzeman zituzten. Hirurteko Liberalaren politika bizipena foru sistemen etorkizunera begira eredugarria izan zen. Geroztik, karlismoaren atzeraezinezko porrotak euskal sistema politiko liberalari euskal foruak egokitu izatea ekarri zion, foruen legezko baieztapena eta ondorengo aldaketa, nafar kasuan berehalakoa, indarrean zen konstituzionaltasunaren nagusitasunaren pean. 1839ko Foruen Baieztapenaren Legearen garrantzia, foru sistemaren berezitasunaren gainetik batasun konstituzionalaren nagusitasun politiko eta juridikoa berariazkotasunez ezarrita gelditu izatearren, Euskal Herriko historia garaikidearentzako ikaragarrizkoa izan da eta da. Guda aldi luzearen amaiera ere jaurgo-ekonomiaren pribilegio berezi eta gizarte estamentalaren amaiera ere izan zen. Liberalismo politikoaren eta kapitalistaren ezarpenak ordutik aurrera atzeraezina bilakatu zen.

Garaikidetasunaren hasierak ez zuen Euskal Herriaren lurralde hezurmamitzea ekarri. Ekialdeko euskal eremua Napoleonen erresuma zentralistaren agindupeko lurretan txertatuta gelditu zen eta mende hasierako lehen herenean frantziar politika-dinamikaren arabera, matxinada iraultzaileenera, 1830eko liberala eta 1848ko demokratikoarenera, bizi izan zen. Mendebaldeko euskaldunak, guda zibil gorriaren ondoren, erbesteratzea, deserriratzea eta errepresioa jasan, zorrak egin eta ondasunen eta gizabanakoen suntsiketaz gain, foru sistemaren gainbeheratze eta bertako esparru liberalek hondakinak kudeatzen zituztenaren lekuko izan ziren, jaio berria zen espainiar Erresuma liberalaren esparruan. Euskal jauntxoen eta merkatal burgesiaren ordezkari ziren liberal moderatuek, behin eremu politiko berrian sartzea zuten euren asmoa lortutakoan, espainiar merkatuak eskaintzen zituen aukera ekonomikoetara jo zuten. Epe laburrera, hala ere, biztanlerik gehienak sistema liberal kapitalistaren berehalako gizarte- eta ekonomia-ondorioak beregan jasan zituen: bizitza garestitzea, zerga-presioaren gehikuntza, desamortizazioak eta, Nafarroan, gainera, soldadutza egitearen betebeharra, hau da, adierazgarritasunez "odol zerga" deitua.