Kontzeptua

Sozialismoa

Pentsamendu sozialistaren bilakaera ikuspuntu historikotik aztertzen badugu, marxismoa izan da zorte handienekoa, egon diren sozialismo mota guztien artetik. Garai batean, Marxen (1818-1885) eta Engelsen (1823-1895) teorien aurreko pentsamendu-korronteen erakargarritasuna ukaezina izan zen. Ez dugu ahaztu behar Saint-Simon (1760-1825), Owen (1771-1858), Fourier (1772-1837) eta Cabet (1788-1856) idazleen ekimenek eta idazkiek islatzen zituzten gogoeta sozialistak eztabaidarako eta hausnarketarako gaiak izan zirela industrialismoaren hedapenaz jabetzen ari ziren intelektual- eta langile-taldeentzat; baina, fourierismoa izan ezik, gainontzekoak baztertu egin ziren 1840ko hamarkadarako jada. Gizartea hobetzeko planak aurkeztea zen horien kezka nagusia, baita Marx eta Engelsena ere. Azken bi horiek giro intelektual hartan gizarte burgesaren azterketa egin zuten, beren jatorrizko ideiak argituz, eta, gero, aurreko pentsalarien markotik harago zeuden proposamen teorikoak eginez.

Marxen obrak eta analisirako erabiltzen zituen irizpide metodologikoak langileen praktika sozialean indarra hartzen zihoazen dudarik gabe. Planteamendu horiek gizarte- eta ekonomia-zientzien eremu zabaletan errealitatea interpretatu eta eraldatzeko moduan oinarritzen ziren. Metodo horren berezitasun bat da aztertutako errealitatean sartzeko nahia. Pentsamenduaren eta hori sortzen duen "izaki sozialaren" arteko lotura horrek eskatzen du planteamenduak bere baitan har ditzala Marxen ideien jatorri berdina duten mugimendu erreformista edo iraultzaileen eta protesta edo aldarrikapen sozial eta laboralen dimentsio historikoa. Ondorioz, horiek aztertzean, pentsamenduaren bertsio guztiak aintzat hartu behar dira.

Sozialismo marxistak, horrenbestez, doktrina teorikoz osatutako multzo koherentea eratzen du, hasiera batean Marxek muntatu zuena, eta bertan jasotzen dira helburu iraultzaileak lortzeko ahaleginetan edo testuinguru burgesa gainditzen duen gizarte berri baten azaleratze-prozesuan emandako arazo praktikoak ulertzen saiatu ziren korronteak. Interpretazio desberdinetatik harago, Marx eta Engelsen obrari atxiki izanak eta helburu berak izateak definitzen dute sozialismo marxista.

Marx eta Engelsek beren buruak komunistatzat aitortu zituztenean (1842-1843 inguruan), kontrako kritikak topatu zituzten, eta horiek, tradizio erlijiosoan eta pentsamendu-ohitura jakinetan oinarrituta, liberalismoak bizitzaren aspektu guztietan proiektatzen zuen indibidualismoa errefusatzen zuten. Lege naturalak tradizio handia zuen, eta bertan, komunitarismoak indar handia zeukan, baita jabetza pribatuaren kritika ere (indibidualismotik kanpo zegoen gizarte-ereduaren faktore desitxuratzailetzat hartzen zen). Bidegurutze hartan, Marxen pentsamendua kritika tradizionalaz baliatu zen gizarteko desberdintasunei eta gero eta finkatuago zegoen gizarte burgesari aurre egiteko. Haren etorkizunerako asmoa zen garaiko gizarteak gainditzea: berrikuntza liberalak errefusatzen zituztenak zein irizpide burgesetan oinarritutakoak.

Testuinguru historiko hartan, arrazionalismo ilustratuari lotutako "aurrerapen" historikoaren ikuspegia sendotzen zihoan, kritikarako eta gizarte berri bat eraikitzeko ezinbesteko tresna moduan. Arrazionalismo ilustratua eredu sozial berri eta perfektua zen, eta hori ezartzea zen helburua, askatasuna eta zoriontasuna lortzeko desirak gidatuta. Plangintza horren zama kutsu sozialistak zituzten kritika sozial modernoetan islatu zen. Marx eta Engelsek beren planteamendua pentsamendu ilustratuari zor ziotela aitortu zuten. Izan ere, ilustrazioa Frantziako iraultzaren aurreko autore materialistekin elkartzeko zubi bilakatu zen, eta, nolabait, baita Rousseaurekin ere, filosofo garrantzitsua jakobinoen berdintasunezko politika ezkertiarretan -Babeuf eta Buonarrotti, besteak beste-, hark berdintasunaren alde egin baitzuen Frantziako pentsamendu sozialistaren eta komunistaren barruan 1840ko hamarkadan.

Marxen hasierako proiektua, oinordetzan hartutako elementuen eta elementu berritzaileen nahasketa batean oinarritu bazen ere, aurrea hartu zien aipatutako pentsamendu-korronteei, ekonomian eta politikan zein filosofian. Hausnarketa-ildo horiek esperientzia ingelesari, frantsesari eta alemanari lotu zaizkio, hurrenez hurren, eta baita Marxen lehenengo obren aurreko ekimen sozialistei eta komunistei ere. Edonola ere, ekimen horiek ezin dira 1840ko hamarkadako aldaketa sozialetatik kanpo ulertu, eta aldaketa horietatik aipagarriena industria-langileak egonkortu osteko klaseen aldaketa izan zen, horrek eztabaida soziala areagotu baitzuen. Idazle garaikideak gizarte-aldaketa horretaz jabetu ziren: "komunista" eta "komunismo" hitzak erabiltzea ohikoa bihurtu zen; Frantzian, talde sozialistak indartzen zihoazen, eta, aldi berean, cartisten mugimendu ingelesak eragin-kota handienak lortu zituen; aitzitik, aurreko sozialismo owenistak eta saintsimonianoak indarra galtzen ari ziren, nonahi.

Hegelen filosofia dialektiko horrez blai, Marxek industria-langileen mundu berri horretan aurkitu zuen gizarte kapitalista eraldatuko zuen indarra/arrazoia. Engelsek industria-munduari buruzko informazio xehatua eman zion, eta, horren bidez, langile-klasearen azterketa egin zuen. Engelesekin izandako topaketak, hortaz, berebiziko garrantzia izan zuen. 1844tik, Europa Mendebaldeko gune batzuk asaldatzen zituzten ekonomia eta gizarte kapitalisten azterketa sistematikoari ekin zion, eta, Frantziako eta Ingalaterrako esperientzia sozialen inguruan gehiago zekien heinean, teoria eta praktika soziala egokitasunez lotu ahal izan zituen. Aitzitik, sozialismo marxista gutxi hedatu zen Ingalaterran eta Frantzian. Marxen eta Engelsen lehenengo idatzien pentsamendu garaikideak ez ziren berehala desagertu, eta langile-mugimenduen eta mugimendu ezkertiarren esperientziak -denek gizarte burgesak eta kapitalismoa beren osotasunean edo partzialki kritikatzen zuten- interes handikoak izan ziren. Marxek kritika horri oinarri ekonomikoa erantsi zion, eta gizarte horretako ideologiarekin eta aurreikuspen historikoekin erlazionatu zituen. Horrekin batera, orduko egoera gaindituko zuen erreferentziazko markoa eskaini zuen: sozialismoa. Espekulazioak alde batera utzita, ez zituen gizarte sozialista berriaren oinarriak diseinatu, horiek historikoki eratuta geratuko zirelako. Hala ere, langileen protagonismoa azpimarratu zuen, iraultzaren unean klaseen arteko borroka areagotuko baitzen. Bestalde, sozialismo marxista horrek aurreko sozialismoak analitikoki gainditzen zituen. Ondorioz, marxismoaren aurreko sozialismoa -utopikotzat jotzen zuten- eta sozialismo marxista - hau, aldiz, zientifikotzat hartu zen- termino zabar bihurtu ziren. Deskripzio hori, alabaina, ez da egokia horien konplexutasunarentzat, aniztasunarentzat eta legatuarentzat.

Langile-mugimendua izan zen teoria marxistaren hartzaile naturala, baina ez zuen sozialismo berriaren formulazioa begi onez ikusi 1880ko hamarkadara arte. Borroka ideologikoak urte luzez auzitan egon ziren, 1789ko Frantziako iraultzaren esperientzietan jatorria zuten Marxen aurreko sozialismoarekin (demokrazia erradikala, errepublikanismo jakobinoa, komunismoa babouvista, ezkerreko hegeliarrak eta Feuerbach-en jarraitzaileak). Gero, aurre egin zioten kooperatibismo owenianoari lotutako asoziazionismo sendoari eta Blanc-en (1811-1882) eta Proudhon-en (1809-1865) ikusmoldeekin lotutakoari. Izan ere, langile gehienek modu hartara ulertzen zuten sozialismoa, baita 1860ko hamarkadan ere, eta horixe zen artisau-langile kontzienteen eta XIX. mende erdiko tailer ugarietako langileen horizontea. Hegemonia ideologiko hori Proudhon-en, Lassalle-ren (1825-1864) eta Bakunin-en (1814-1876) jarraitzaileetan ikus zitekeen bereziki, baita talde anarkistetan ere. Eragin hori sindikalismo iraultzailea agertu arte luzatu zen. 1847tik aurrera, ordea, Marxek pentsamendu sozialistaren espresio horiekin harreman kritikoa eta politikoa eduki zen, une hartako polemikek erakusten diguten bezala; baina ez zuten eraginik izan postulatu teorikoak prestatzean.