Kontzeptua

Etxarri-Aranazko Dantzakia

Partitura hori, adibidez, dei luze eta loratu batekin hasten da, gaiteroek egiten duten moduan. Gaur egun txistuen laguntzaz egiten da dantza, eta ziur aski horregatik beste xumeago bat erabiltzen da. Bitxia da Etxarrin dantzaren hasieratik dugula soka osoa egina, mutikoak eta neskak txandaka eskuak zapien bidez loturik. Dantzaki zubi batekin hasten da, hots, beste dantzariak lehen biek altu jartzen duten zapiaren azpitik pasatzen dira.

Atabalak eten gabe jotzen duen bitartean, dantza osoan gertatuko den bezala, lehen dantzariak lau zati egiten ditu, soka gidatuz eguzkiaren norabidean, erlojuaren kontrakoan alegia. Lau doinuak ezagunak dira, Nafarroako beste soka-dantza batzuetan ere bertsio ezberdinetan erabiltzen baitira 2/4ko konpaseko doinu kantagarri hauek. Laugarrena bukaturik errepikatzen da berriro zubia. Karasatorreren oharretan espres esaten da "Doñu onekin zubia egitenda neskak billatzeko". Honen arabera, beraz, soka-dantzaren ohiko estruktura berak bazuen Dantzakik ere: lehen mutilek soilik osatzen zuten soka eta geroago, tenore honetan hain zuzen, neskak ere sartzen ziren. Gero beste bi doinu agertzen dira, zortzikoaren erritmoan. Lehenak antza handia du Urdainen egiten den batekin. Eta Karasatorreren partiturako oharra oso adierazgarria da: "Neskan begira lendakariak bakarrik dantzatzendu doñu onekin".

Gaur egun atal hauek ez dira egiten, eta bigarren zubiaren ondoan zuzenean fandangoa eta arin-arina egiten dira. Karasatorreren partituran fandango eta arin-arin zehatz batzuk agertzen dira, baita biribilketa bat ere, gaitarekin jotzeko egokiagoa txistuarekin baino. Etxarrin, dena den, orain ez da azken hau egiten, eta arin-arinarekin bukatzen da dantza.