Kontzeptua

Etxarri-Aranazko Dantzakia

Izen berezi honekin ezagutzen da Etxarri-Aranazko bertako soka-dantzaren bertsioa. Gaur egun San Adrian egunean -ekainaren 16an- izen bereko baselizan, eta San Quirico egunean (ekainaren 13an) eta Andra Mariren egunean (abuztuaren 15ean) herrian berean dagoen Santa Mariaren ermitan egiten da. Azken data eta egun horretan txistuaren laguntzaz dantzatzen zela Miguel Ángel Sagasetak dokumentatu du 1650. urtean.

Azkuek, bere kantutegi famatuan (1916:II,433-436), Dantzaki izen honekin Etxarri-Aranazko gaitero eta txistularia zen Rafael Karasatorrek emandako sei doinu argitaratu zituen. Horietako batzuk egiten dira gaur egun, eta beste batzuk ez. Beste Rafael Karasatorre batek, bere ondorengo batek, garbira pasa zituen bere arbasoak eginiko Dantzakiaren partitura ohar batzuekin 1983an. Izkribu honekin Azkuek bildutako doinuekin antzeko zerbait gertatzen da: tradizio bizia, herrian inoiz ez galdua, ez dator bat zehatz-mehatz gaur egun egiten denarekin. Beste alde batetik, dena den, datu oso interesgarri bat gainera ekartzen digu: hemen ere bazegoela soka-dantzaren erlazioa boterearekin, hemen ere alkatearen figuran bilduta.