Kontzeptua

Champaña Dinastia

Champaña Etxeak 1234. urtean eskuratu zuen Nafarroako tronua, Antso VII.a Indartsua oinordekorik utzi gabe Tuteran hil zenean. Bere iloba Champagneko Teobaldo IV.a kondea izan zen erregetza hartu zuena, Blancaren (Antso VII.aren arreba) eta Champañako Teobaldo II.aren hil osteko semea.

1234ko maiatzaren 8an izendatu zuten Nafarroako errege Iruñeko katedralean, tradizioari jarraituz, subiranoa ezkutu blokatu batera igoz. Une hartan 33 urte zituen eta esperientzia politiko zabala zuen. Frantzian zituen eginbeharrak tarteko, Pirinioetako erreinuan 6 urte eta erdiz baino ez zen egon, hots, erregealdiaren herena soilik. Erregealdiaren hasiera ez zen erraza izan, izan ere, Teobaldo eta Champañako bere seneskalaren gobernu pertsonala zela eta nobleziak mesfidantzaz begiratzen zituen. Hala, Frantziako nobleen aholkuei jarraiki eman zituen lehen urratsak. Infantzoiek egin zioten aurka batez ere, baina 1238an adostasun batera iritsi zen haiekin ere. Teobaldorekin Nafarroako gobernua itunak egitearen alde agertu zen, izan ere, erregeak hamar "gizon aberatsek", hogei zaldunek, hamar eliztarrek, bere kontseilu pertsonalak eta Iruñeko gotzainak osatutako batzordea eratzeko eskaintza egin zuen, foruak idatziz emateko asmoz. Modu horretan sortu zen Nafarroako foruen lehen idatzia, Foru Zahar gisa ezagutzen dena (Foru Orokorraren funtsezko zatia).

Une hartan ezarri zen hurrengo mendeetan zehar aplikatu zen murriztapen bat, hots, Nafarroako administrazioko karguak betetzeko atzerritar kopurua 5 pertsonetara murriztearena. Administrazioaren arloan merindadeen sorrera (diru-sarrera areagotzeko xedez) izan zen berriztapen garrantzitsuenetako bat (XIX. mendera arte iraun zuena). Hala, kontulariak barneratu ziren fiskaltasuna hobeto kontrolatze aldera.

Halaber, erregealdi hartan Nafarroako erregeak bortuz beste aldeko lurraldeetan zuen presentzia hedatu eta sendotu egin zen. Ildo horretatik 1247. urtea azpimarratu behar da, izan ere, urte hartan Tartaseko bizkondeak Teobaldo I.ari omen egin zion Mixa eta Ostabaretsen, Biarnoko eta Zuberoako bizkondeak nahiz Luxako jauna lekuko zirela.

Bestalde, aipagarria da nazioartean Teobaldo I.a izan zela Lurralde Santurako seigarren gurutzada egin zutenen buruzagi nagusietako bat. 1239ko udan Marseillan ontziratu zen Acrera abiatzeko; handik Jaffara joango zen. Militar eta diplomatiko gisa egindako jardunak lagungarri izan ziren Kairoko sultanak Jerusalem hiria hustu eta kristauei lagatzeko. 1240. urtean gertatu zen hori eta urtebete geroago, 1241ean, Lurralde Santura itzuli eta Teobaldo I.ak "lignum crucis" bat eta aipatu sultanaren lorategiko arrosa-landare bat eraman zituen Frantziara. Lehenengoa Provinseko Saint-Laurent-des-Ponts elizan entregatu zuen eta bigarrena Provinsen zuen jauregiko lorategietan landatzeko agindua eman zuen.

Berrogeiko hamarkadaren hasieran Frantziako erregeari laguntza eman zion Ingalaterrako Enrique III.aren aurkako ekinean, izan ere, basailutza zor zion Champaña eta Brieren truke. Arlo politikoan eta militarrean nabarmentzeaz gain, musika eta poesia maite zituen; hori dela eta, Teobaldo "el Trovador" ezizena hartu zuen.