Kontzeptua

Champaña Dinastia

Teobaldo I.a eta Margarita Borbonekoaren semea. Bizitza publikoan egin zuen lehen agerraldia Nafarroako infantea zen garaikoa da, Gaskoniako gudan parte hartu baitzuen, 1266an. Beranduago, Teobaldo II.a anaiak erreinuaren gobernua laga zion, 1269ko gurutzadaren ostean. Anaia oinordekorik utzi gabe hil zen eta, horrenbestez, Enrique Nafarroako subirano bilakatu zen. Nazioartean zuhurtziazko politika egin zuen. Hala, Gaztelako erregeekin (erreinu horretan gerra zibila zegoen garaian) nahiz Ingalaterrakoekin jarrera baketsua izateko asmoa erakutsi zuen, modu horretan, besteak beste, Bigorrako konderriaren kontrola bereganatzeko xedez.

Etxean bere aurrekoek abiatutako berrikuntzak bultzatu zituen. Horrela, sektore pribilegiatu ugarien akordioa eta lankidetza ahalbidetu zuen politika garatu zuen. 1272an bere lehen semea jaio zen, Teobaldo izenekoa. Baina urte hartan bertan hil zen Lizarrako gazteluko leiho batetik erorita, inudearen besoetatik ihes eginda.

Aita bezala Iruñean hil zen Enrique, 1274ko uztailaren 22an. Bere alaba bakarra (Blanca de Artoisekin ezkondu ostean izandakoa), Juana izango zen oinordekoa.