Kontzeptua

Champaña Dinastia

15 urterekin eskuratu zuen tronua. Horrenbestez, bere amak, Margarita Borbonekoak egin zituen erregeordearenak. 1353. urtean Nafarroako noblezia eta burgesia batu egin ziren monarkiaren gehiegizko agintea arintzeko asmoz. Hala, Margaritak erregetzari uko egitea lortu zuten eta haren ordez hamabi "gizon onek" osatutako kontseilu batek hartu zuen aginte-makila. 1257an koroatu zuten erregea eta erregetza hartzeko ospakizuna aldatu egin zuen, izan ere, ezkutuaren gainera igotzeko ospakizun tradizionalari muzin egin eta haren ordez gantzuduraren eta koroatzearen erritua ospatu zen, hots, Frantziako erregeek egiten zuten sakramentu-ohitura.

1254. urtean Teobaldo Frantziako lurretara abiatu eta hurrengo urtean itzuli zen gobernu pertsonal bat ezartzeko, nobleziak eta burgesak osatutako ligaren porrota ekarri zuena. Administrazioaren alorrean aitak frantziar ereduari jarraituz barneratutako berrantolaketa-neurriak sustatu zituen, seneskal eta gobernadorearen karguak nabarmenduz. Halaber, merindadeen sistema sendotu zuen, edukitza-sistema zaharra erabat desagertu zelarik. Merkataritza bultzatzeko xedez, monetarekin lotuta berrikuntzak finkatu zituen. Hala, monetaren balio nominala zegokion materia metalikora doitu zuen eta bizi artean moneta bakarra egiteko konpromisoa hartu zuen. Azken konpromiso hori ordutik aurrera Nafarroako ondorengo erregeek ere baitaratu zuten.

Teobaldo II.ak Gipuzkoa eta Araban kokatutako Nafarroako lurralde zaharrak aldarrikatu zituen, 1200. urteaz geroztik Gaztelaren jabetzan zeudenak. Nazioartean Nafarroak 1266. urtean Gaskonian Ingalaterrako erregearen aurka egindako esku-hartzea azpimarratu behar da. Gerraren eraginez Nafarroako tropak Mixako lurren iparraldera mugitu ziren; ekialdetik Baionaraino iritsi ziren eta mendebaldetik Bigorrako konderri zaharrean kokatutako Lourdeseraino. Abenduan tregua adostu zen, 1269an berretsi zena.

Arlo kulturalari dagokionez, bere erregealdian Tuteran Unibertsitate bat eratzeko proiektua sortu zen, baina azkenean ez zen gauzatu. Aita bezala, gurutzada bateko sustatzaile nagusietako bat izan zen. Teobaldo II.aren kasuan zortzigarren gurutzadan murgildu zen eta bertan hil zen, Trapanin (Sizilia) 1270eko abenduaren 4an.