Monarkia eta noblezia

Antso VII.a Azkarra

Nafarroako Erregea (1194-1234), "Azkarra" goitizenarekin ezagutua.

Estimazioen arabera, 1150 eta 1160 urteen artean jaio zen. Antso VI. "Jakituna" izan zuen aita, eta haren oinordeko izan zen tronuan, eta, ama, berriz, Antsa, Alfontso VII.a Gaztelakoaren alaba.

1195ean, Konstantziarekin ezkondu zen, haren etsai Raimundo VI.aren, Tolosako (Akitania) kondearen, alabarekin. Urte berean, haren arreba Blanka Xanpainako Tibalt V.arekin ezkondu zen.

Bere aitaren heriotzaren berri eman zioten Rikardo "Lehoibihotz" bere koinatuaren tropekin Locheseko (Indre eta Loira) jauregia erasotzen ari zela, Frantziako erregearen kontra. Handik alde egin eta Iruñera itzuli zen errege izendatua izateko. Durangoko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako lurrek osatzen zuten garai hartan Nafarroako Erresuma, haren aitak galduak baitzituen Bizkaiko, Burebako eta Errioxako lurrak. Besterendutako lur haiek berreskuratzeko ahaleginak egingo zituen Antso VII.ak.

Beste alde batetik, haren erregealdian zehar, behin betiko erantsi zen Nafarroa Beherea (1194). Nafarroako Erresumaren eta Ingalaterrakoaren arteko harremanak estuagoak ziren Rikardo eta Antsoren arreba, Berengaria printzesa, ezkondu zirenez geroztik. Horren ondorioz, 1189 eta 1196 artean, Rikardok Baigorriren, Arberoaren eta Ortzaizeren subiranotasuna utzi zion, eta Nafarroaren subiranotasuna onartu zuen Garazin. Nafar monarkiak lurralde horiek jaso zituen Rikardorengandik, Antso VI. "Jakitunak" eta Antso "Azkarrak" emandako laguntzagatik, edo horien laguntza izaten jarraitu nahi zuelako, Gaskoiniako haren lurrak bermatzeko hura hirugarren gurutzadan sartzen zen artean. Une horretatik aurrera, lau bailara baxenabartar horiek sendotu egin zuten beren egoera Nafarroako Erresuman, eta ingelesen laguntzak geldiarazi egiten zituen Gaztelako eta Aragoiko erregeek Nafarroa banatzeko zituzten asmoak.

1196ko otsailaren amaieran edo martxoan egin zen "Hiru erregeen mahaia" izenez ezagutzen den bilera hori, Agreda eta Tarazona arteko toki batean. Antso Nafarroakoa, Alfontso VII.a Gaztelakoa eta Alfontso II. Aragoikoa bildu ziren bertan. Azken horrek, era berean, Antso I.a Portugalekoa eta Alfontso IX.a Leongoa ordezkatzen zituen. Zelestino III.a aita santuaren gurariei jarraiki egin zen bilera, penintsulako errege kristauak batu nahi baitzituen musulmanen aurka borroka egiteko eta horiek penintsulatik kanporatzeko. Bileran, gaztelauek okupatutako lurrak itzul ziezazkiotela eskatu zuen errege nafarrak, baina Alfontso VII.ak ezetz esan zion. Hala eta guztiz ere, adostutako akordioak ez ziren bete. Izan ere, bileratik denbora gutxira, Alfontso II.a Aragoikoa hil zen, eta, beste alde batetik, Leongo erregea eta Antso almohadeekin aliatu ziren; Leongoa, erregearen aurka borroka egiteko, eta Antso, berriz, leondarren eta gaztelauen arteko borroketan esku hartzea ekiditeagatik.

Alfontso I.a "Borrokalariak" hiru ordena militarren eskutan utzi zituen Iruñea eta Aragoi testamendu-xedapenean. Hura 1134an hil zenean, haren testamentua ez zen bete, eta Gartzia Ramirez "Berrezarlea" Iruñeko errege izendatu zuten. Egoitza Santuak ez zuen Gartzia Ramirez erregetzat onartu, baina ezin zuen ukatu existitzen zenik, eta "Duci" tratamendua ematen hasi zitzaion. Tratamendu bera eman zien haren ondorengo izan ziren Nafarroako erregeei.

Garai hartan, musulmanen arriskuak eta erregearen politika berriak aldaketa nabarmena eragin zuten Egoitza Santuaren jarrera diplomatikoan. Zelestino III.a aita santuaren 1196ko martxoaren 29ko buldan "Duci Navarrae" deitzen zitzaion Antso "Azkarrari", baina urte bereko maiatzaren 28an, aita santuak haren hierarkia igo zuen eta "Sanctius illustris Rex Navarrae" titulua eman zion.

Hurrengo urtean, 1197an, aita santuak bere jarrera aldatu zuen berriz ere, eta Nafarroako erregea eta Leongo erregea eskumikatu zituen haien arteko aliantzagatik. Aita santuaren jokabidearen ondorio politikoek mesede egin zioten Gaztelari. Ezbaian jarri izan da Antso Azkarraren eskumikua, baina, 1198ko apirilaren 16ko buldan, Inozentzio III.a aita santu izendatu berriak eskumikua aldarrikatu ote zen egiaztatzeko agindua eman zion haren legatu Raineriori. Buldan adierazten denez, Nafarroako erregea eskumikatua izan zen Gaztelako erregearekin adostutako su-etenak ez zituelako bete, eta Gaztelarekin adostutako su-etenaren fidantza gisa zeuzkan gazteluez jabetu zelako.

Alfontso VIII.ak Nafarroako erregearen kontrako kexuak helarazi zizkion Inozentzio III.a aita santuari; alde batetik, su-etenak hautsi izana eta horien berme gisa hartutako gazteluak okupatu izana leporatu zion Antso Azkarrari, eta, beste alde batetik, Gregorio kardinalak, Zelestino III.aren buldako arbitroetako batek, Nafarroako erregea eskumikatu zuela esan zuen. Salaketa hori zela eta, Inozentzio III.ak Rainerio kardinala igorri zuen esku har zezan eta erregeak lasai zitzan, baita Antso Azkarraren inguruko akusazioak egia ote ziren egiazta zezan ere.

Raineriok ezer egiaztatu baino lehen, Gaztelako eta Aragoiko erregeak Calatayuden bildu ziren 1198ko maiatzaren 20an, eta Nafarroako Erresuma elkarren artean banatuko zutela adostu zuten berriz ere.

Gaztelako eta Aragoiko erregeek 1198ko udaberrian inbaditu zuten Nafarroa; Aragoikoak ekialdeko mugatik, eta Gaztelakoak mendebaldetik. Alfontso VIII.a Arabatik sartu zen, eta Miranda de Ebro eta Inzura hartu zituen. Aragoikoak, berriz, Zangotzako merindadea inbaditu zuen, eta Aibar eta Burgiko (Erronkaribar) hiria eta gaztelua hartu. 1198ko uztailean amaitu zen kanpaina.

1199an, Alfontso VIII.a eraso-kanpaina prestatzen ari zen euskal erreinua inbaditzeko, Aragoiko erregearen laguntzarik gabe oraingoan. Antso VII.ak Afrikara bidaiatu zuen bizkor, aliatu ahaltsuen bila, Akitaniako egoera ez baitzen oso egonkorra. Pirinioen beste aldean, Rikardo "Lehoibihotz" koinatuaren laguntza zeukan soilik; alabaina, Rikardo Chaluzeko gazteluaren setioan hil zen, Limousingo bizkonderrian. Harresitik jaurtitako gezi batek zauritu zuen, eta 42 urte zituela hil zen. Rikardo hil zenean, Akitaniako ondorengotzaren auzia sortu zen. Alfontso VIII.a Gaztelakoak, Leonorren, Rikardoren arrebaren, senar zen heinean, bere emaztearentzat aldarrikatu zuen ondorengotza.

Antsok Afrikara egindako bidaiaren inguruan, gauza asko gelditzen dira argitu gabe. Gaztelari aurre egiteko laguntza bila Afrikara joan aurretik, errege nafarra harremanetan jarri zen Aben Jacub miramamolinarekin. Baina hara joan zenean, almohadeen arteko egoera ere aldatuta zegoen. 1199ko urtarrilean, miramamolina hil zen (ez zen ongi jakin nola), eta haren anaia batek, Brahemek (Mohamed al Naser), ordeztu zuen, Mohamed adin txikiko ondorengoaren izenean. Antsori harrera egin zioten Marokoko gorteetan, eta, hura han zegoenez, errazagoa izango zen Gaztelako eta Aragoiko erregeentzat erresuma inbaditzea. Han egon zen artean, erresuma horietako enbaxadoreek su-etenak sinatu zituzten Brahemekin 10 urteko aldirako.

Hurrengo urtean, 1200ean, Gaztelako tropak berriro sartu ziren Arabatik. Trebiñu eraso zuten lehenbizi, eta, ondoren, beste gotorleku batzuk. Ekainaren 5ean Gasteiz eraso eta setiatu zuen Alfontso VIII.ak. Hiriko defendatzaileak bertan itxi ziren Alfonso Fernandez Gendulainekoa gobernadorearen agindupean, eta, setioak iraun zuen artean, Gaztelako erregeak Arabako eta Gipuzkoako beste herri batzuk hartu zituen. Gasteizek bazituen bizigaiak, baina setioa bost hilabetez luzatu zen, eta egoera jasangaitz bihurtu zen.

Bi mugetatik eraso zuten erresuma, eta babesgabe geratu zen. Egoera horretan, Iruñeko apezpikuak, Gartziak, esku hartu zuen. Apezpikuak Antso Nafarroakoarengana jo zuen, eta Gasteiz Gaztelako erregeari eman ziezaiola eskatu zion. Gasteiz erori ostean, nahiz konkista armatuagatik, nahiz Gaztelako boterearekin adostutako hitzarmenen bidez, Gaztelako erregeak laster kontrolatu zituen Gipuzkoa eta Durangaldea. Gaztelako erregeak Diego Lopez Harokoa izendatu zuen lurralde horietako agintari, Gaztelaren alde jarria baitzen hura. Urte hartako urriaren 11n, Diego Lopez Harokoa teniente zen Sorian, Naiaran, Marañonen eta Donostian, eta, Bizkaian berriz agintzeaz gainera, Durangaldea anexionatzea lortu zuen, 1212. urtean erregeak laga baitzion. Jimenez Radaren hitzetan, Alfontso VIII.aren kanpaina hartan Donostia, Hondarribi, Beloaga edo Feloaga (Oiartzungo bailaran), Aizorrotz, Zaitegi, Arluzea, Atauri, Gasteiz, Marañon, Irurita, San Vicente eta Orzorroz erori ziren. Trebiñuk eta Portella de Ibda gazteluak eutsi zioten, baina, bakearen ostean, Inzurarekin eta Mirandarekin trukatu zituzten. Mendebaldeko hiru euskal lurraldeak Gaztelaren mende geratu ziren beraz, baina ez zituzten Gaztelako erresumaren lurralde propio gisa erantsi, Errioxa eta Bureba bezala; aldiz, Gaztelako Koroan sartu zituzten. Nafarroak itsasorako irteera galdu zuen.

1201an itzuli zen Antso "Azkarra" erresumara, bi edo hiru urtez kanpoan egon ostean. Itzuli zenerako, bere erresumara sartuta zeuden. Honela kontatzen du Anneliers poetak (XIII. mendea):

Lai correc traicios. en alcus de sa gent,
Et adoncs i mesage anec sen mantenet
A Morrocs al rey Sancho, é dissli apertament,
"Seinnor rei de Navarra, be sapchas certament,
Que tu perdes ta terra é ton eretament,
Quel rey, Alfons que tu tens per leial parent.


Es intrat en Navarra ab gladi é ab foc ardent,
Quar tal en cui fidavas. sapchas queo conssent,
E si tu no vens trestot ton regnament,
Sapchas quauras perdut, que mas á ton vivent
No y albergaras jorn com te vei á present,
Car perdut as Bitoria, é Alava issament,
Ipuzcoa, é Amesquoa ab lur pertenement,
E Fonterabia, é zo que si apent,
E San Sebastian, or es la mar batent,
E vílas é castels, que eu non ay ement,
E si laisses Navarra par la paiana gent,
Deus tan airara, é far tena parventu.

Versión del poeta Anneliers


Esta noticia corrió, entre algunos de su gente,
Y entonces un mensajero se dirigió inmediatamente
A Marruecos al rey Sancho, y díjole abiertamente,
"Señor rey de Navarra, sabrás bien ciertamente,
Que pierdes tu tierra y heredad totalmente,
Que el rey Alfonso que tienes por leal pariente,
Ha entrado en Navarra con espada y con fuego ardiente,
Pues tal en quien fiabas, sabrás que lo consiente,
Y todo tu reino si no regresas prontamente,
Sabrás que lo habrás perdido, pero muy rápidamente,
Y allá no morarás un día, como te vi hasta el presente
Pues has perdido Vitoria, y Álava igualmente,
Guipúzcoa, y Amézcoa con lo perteneciente,
Y Fuenterrabía, y todo lo concerniente,
Y San Sebastián, donde el mar es batiente,
Y villas y castillos que no tengo en la mente
Y si dejas Navarra por la pagana gente
Dios te escarmentará, al encolerizarle reiteradamente".

Traducción de Luis del Campo

1204. urtearen amaiera aldera, Alfontso VIII.a gaixotu egin zen. Hiltzeko zorian zegoela ikusi zuenez, testamentua eman zuen 1204ko abenduaren 8an. Testamentuan promesten zuen Nafarroari itzuliko zizkiola haren erresuman okupatutako lurrak. Zehazki, Araniello Portutik Hondarribiraino, Buradongo gazteluak, San Vicente, Toro, Marañon, Alcazar, Santikurutze Kanpezu, Antoñana hiria, Atauri eta Portilla de Cortes. Era berean, promestu zuen Diego Lopez Harokoari itzuliko ziola Bizkaiko Jaurerria, jaurerri horren jabe egin baitzen bien artean 1202an izandako guduaren bitartez.

Alfontso VIII.a Gaztelakoak osasuna berreskuratu zuen, eta ez zituen okupatutako lurrak itzuli. Are gehiago, 1205eko udan, Lapurdin eta Gaskoiniako lurretan ere sartu zen.

Rikardo "Lehoibihotz" 1199an hil ondoren, haren ondorengotzaren auzia zela eta, liskarra sortu zen Frantziako erregearen eta Joanes "Lur Gabearen" artean. Frantziako erregeak Alfontso VIII.aren laguntza bilatu zuen, eta Joanes "Lur Gabeak", berriz, Antso VII.arena. Errege nafarrak aliantzak zituen Baionako burgesekin, eta, horrela, Alfontso VIII.ak Guiena hartzea oztopatzen zuen. Alabaina, gaztelauak laguntza eskatu zien Guienako jauntxoei, horiek ez baitzeuden gustura Ingalaterrako erregearekin. 1204ko urriaren 26an, Gaztelako erregeak "Gaskoniako jaun" izendatu zuen bere burua. 1205eko kanpainan, zenbait hiri okupatu zituen, baina ez zuen lortu Baiona, Bordele eta La Reole hiriak hartzea. Bere alde egin zuten jauntxoek iritziz askotan aldatzen zutela ikusita, gaztelauak alde batera utzi zuen laster konkista-proiektu hori.

Gaztelak Alarcoseko gudua galdu zuenean (1195), eta musulmanek Agurain setiatu zutenean (1211), errege gaztelaua urduritu egin zen. Almohadeen armada oso indartsua zela ikusi zuen Alfontso VIII.ak, eta, gertaeren joera kontuan hartuta, laguntza eskatu zien Europako herrialde kristauei.

Haren aliatua zen Inozentzio III.a aita santuarengana ere jo zuen, eta musulmanen kontrako gurutzada aldarrika zezala eskatu zion; haren eskaera onartu zuen aita santuak.

Antso Azkarrak zalantzak izan zituen parte hartu edo ez hartu erabakitzerakoan, haserre baitzegoen Antso "Peñalengoa" hil zenez geroztik haren erresumak pairatutako inbasioengatik eta okupazioengatik. Arnaldo Narbonakoa artzapezpikuak konbentzitu behar izan zuen, eta, azkenean, indar gehiago izan zuen Kristautasuna defendatzeko konpromisoak pairatutako bidegabekeriek baino.

Nafarroako erregea haren tropa guztiekin agertu zen Toledon, Calatravako guduaren ostean, eta Navas de Tolosako borroka baino egun batzuk lehenago. Ingelesen eta frantsesen arteko arazoa eta ingelesen eta euskaldunen arteko auziak alde batera utzita, erresumako tropez gainera, haren babespean zeuden lurraldeetako tropak ere eraman zituen Antsok.

Hiru gorputzez osatzen zen armada kristaua; eskuinekoa Antso Azkarraren agindupean zegoen, ezkerrekoa Aragoiko erregearen adindutara, eta erdikoa, berriz, Alfontso VIII.aren agindupean. Atzeguardian geratu ziren hiru erregeak.

1212ko uztailaren 16ko egunsentian hasi zen borroka. Musulmanek, hasierako bultzada batean, abangoardia desegin zuten, baina armada kristauaren alboetako hegalek ezustean harrapatu zituzten musulmanak, alboetatik eraso baitzituzten. Nahasmena eragin zuen horrek musulmanen lerroetan, eta erdiko armada berregiteko aukera ekarri zuen. Miramamolinaren denda eraso zuten; kondairaren arabera, katez elkarri lotutako gizonen tropa handi batek defendatzen zuen denda. Kondairaren arabera baita ere, Antsok kate horiek hautsi zituen, eta, gerora, gurutze-formako hagadun eta gurutzedun Nafarroako armarrian jarri zituen sinbolikoki. Musulmanen porrot handiarekin amaitu zen borroka.

1225ean, hirurogeita hamar urte inguru zituen Antso VII.ak. Xanpainiako Tibaltek, erregearen arreba Blankaren eta Tibalt V.a Xanpainiakoaren seme zenak, Antsoren ondorengo izan nahi zuen tronuan. Egia esan, hura zen zuzeneko oinordeko bakarra. 1201ean jaio zen, eta adienez nagusia zen ordurako. Sasiko bi seme zituen Antsok, Remiro eta Guillermo. Xanpainiako kantzelari izendatu zuten lehena, eta, gerora, Iruñeko apezpiku, ehun librako soldatarekin.

Urte horretan bertan, Tibaltek Nafarroara bidaiatu zuen, nobleak bere alde jar zitezen, eta tronuko ondorengo gisa omendu zezaten, haren osaba erregeari zor zion leialtasunaren kaltetan izan gabe. Ez zuen lortu baina. Sasiko bi anaiak elkartu, eta haren kontra altxatu zuten herriaren zati bat, eta nobleek hark eskatutako omenaldia egitea eragotzi zuten. Haren ilobarekin etsaituta, Antsok ondorengo bat bilatu zuen, eta Aragoiko errege gaztearengan, Jaume I.arengan, jarri zuen arreta.

Antso Azkarrak ez zuen legezko semerik, ezta, beraz, tronurako ondorengorik ere. Ez bazuen beste irtenbiderik aurkitzen, haren iloba Tibalt Xanpainiakoa izango zen ondorengo, eta harekin haserretuta zegoen. Ondorengo bat bilatzeko asmoz, Jaume I.a Aragoiko erregearengana hurbildu zen. Tuteran bildu ziren bi erregeak, elkar umeordetzea adosteko; horrela, bata bestearen erresumaren oinordeko izango zen. 1231ko otsailaren 2an izenpetu zuten akordio hori, eta bi hilabete beranduago berretsi zuten Nafarroako eta Aragoiko erresumen izenean.

Azkenean, bi erregeek ez zuten adostasunik lortu. Antso VII.ak, ordurako zahartuta eta gaixo, erresuma zaharreko lurraldeak berreskuratu nahi zituen soilik, hau da, Errioxa, Bureba, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia. Jaumek, berriz, gerra-ekintza handiak gauzatu nahi zituen irabazi oparoak lortzeko.

Lehenengo elkarrizketan aztertu zuten nola egingo zioten aurre Lope Diaz Harokoari eta gaztelauei; Aragoiko erregeak bi mila zaldun eskaini zizkion armada bat bidaltzeko Lope Diazen kontra. Beste alde batetik, Jaume I.ak ehun mila soldatako mailegua eskatu zion Nafarroako erregeari; Ferrerako, Ferrellongo, Zalatamorreko, Ademuzeko eta Castielfabibeko gazteluak eman zizkion berme gisa. Peña Faxina nafarra, Moncayoren oinetara zegoena, eta Peña Redonda ere eman zizkion, gotortu eta birpopulatu zitzan. Era berean, mila zaldun prestatzeko konpromisoa hartu zuen, Pazkorako eramango zituenak, eta beste mila Mikel Deunaren egunerako.

Urte hartako Pazkoan Aragoiko erregeak ez zituen bere konpromisoak bete, Mallorcara joan behar izan baitzuen. Aragoiko erregeak, bere baliabide guztiak konkista-ekintzetan jarrita zituenez, ezin zizkion Antso VII.ari itzuli hark maileguan emandako zenbatekoak. Hori horrela, nafarrarekin izandako beste bilera batean, Ferrerako, Ferrellongo eta Zalatamorreko gazteluak eman zizkion betiko. Jaumek Antso VII.ari beste hainbat gauza emateaz gainera, bi erregeek berriro sinatu zuten elkar umeordetzeko akordioa. Ordurako, Antso ahulduta zegoen, eta ez zeukan konfiantzarik bere gizon aberatsengan; harengandik dirua ateratzen soilik ahalegintzen zirela esaten zuen.

Ez zuten akordiorik lortu, eta Aragoiko erregeak, Mallorcara itzuli aurretik, bere semea izendatu zuen ondorengo urte hartako maiatzaren 6ean idatzitako testamentuan. Semea ez bazegoen, erregearen hurbileko ahaideak izango ziren zuzeneko ondorengo, eta testamentuan ez zuen aipatu ere egiten Nafarroako erregea.

1234ko apirilaren 7an hil zen Antso Azkarra Tuterako gazteluan. Gaztelu hartan lur eman zioten behin-behinean. Gaztelako eta Aragoiko erregeak zain zeuden berriz ere Nafarroako erresuman esku hartzeko. Gorteak bildu ziren Iruñean, eta Tibalt Xanpainiakoa izendatu zuten errege. Noble-batzorde bat eta Iruñeko apezpikua Provinsera joan ziren kondeari tronua hartzeko gonbitea luzatzera. Tibaltek Orreagako monasteriora eraman zuen osabaren gorpua han lur emateko.