Kontzeptua

Brokel-dantza

Bai Iztuetak bai beste deskribapen zahar batzuek esanahi militarra ematen diote dantza honi, kasu batzuetan zehaztasun oso handiz. Beste teoria batzuek lehenago esanahi bat bilatu dute emankortasun edo pubertarotasun erritoetan, eta ogibide-dantzatzat ere hartu izan dira. Oso zaila da, dena den, erabat galduta dauden esanahi zehatzak aurkitzea, bereziki erreferentzia ezin lausoagoak dituzten garai oso ilunetan -Neolitikoan, kasu- bilatzen denean. Argi dago, halere, ditugun iturri dokumentalei begira, Iztuetak arrisku larrian ikusten zuela brokel-dantza, orokorrean beste euskal dantzekin batera. Gipuzkoako agintariek ahal zuten egin zutena hori konpontzeko, baina argi dago bultzada nagusia nortasunaren zentzuak eman ziona, bai Foruzaletasun eta Lore-Jokoen bidez XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, bai data honetatik aurrera euskal nazionalismoarekin batera.

Dantza hain itxia eta teknikoki zaila izanik, euskal dantza taldeek izugarri garrantzia izan dute bere mantenuan eta garapenean. Prozesu honetan, gainera, pixkanaka andreek gero eta parte handiagoa izan dute, saileko dantza batzuk interpretatuz. Une honetan ohikoa da neskek boastitzea (zapiak eskuetan kasu honetan), agurra, uztai handiena eta zinta-dantza interpretatzea, baina andreak gaur eguneko gizartean merezi duen papera ez dute erabat hartu oraindik, eta erabat ezohikoa da tresneriaz egiten diren dantzetan parte hartzea. Hala eta guztiz, une honetan, dudarik gabe, brokel-dantza sailaren pauso zailek eta handitasunez beterik ez dute bakarrik Gipuzkoako dantza garrantzitsuena osatzen: gipuzkoar nortasun-ikur zalantzezina ere badira.