Kontzeptua

Brokel-dantza

Brokel-dantza, hasteko, izen generikoa da: brokelekin egiten den edozein dantza.

Halere, izen honekin ezagutzen da normalean Gipuzkoako dantza zehatz bat, Gipuzkoako dantza sorta nagusiari ere izena ematen diona. Zentzu honetan, askotan Gipuzkoako dantzen edo gipuzkoar dantzen baliokidea den izen zuzenagoa da. Dantza sorta hau eskakizun tekniko oso handikoa da, eta horregatik talde itxi batek -zortzi edo hamabi dantzarik gehi kapitain batek- hartzen du parte. Kapitaina aurrean, bi lerrotan jartzen dira normalean dantzariak, batzuetan esku hutsik lekuz aldatzen dira pauso estereotipatu batzuen arabera eta beste batzuetan tresna batzuk elkar jotzen dituzte. Tradizioz gizonezkoen dantza izanik, emakumezkoen parte hartzea gero eta handiagoa izan da.

Dantza saila honek ezaugarri berezko eta berezi batzuk ditu: agian bitxiena da bere estandarizazioa, bai lurraldeari begira -Gipuzkoa osoa eta bakarrik Gipuzkoa- bai teknika eta pausoei dagokionez. Izan ere, euskal dantza guztien artean hau da dudarik gabe historiografia hoberena izan duena, Juan Ignacio de Iztuetaren 1824an argitaraturiko Gipuzkoako dantza gogoangarriak adierazlerik hoberena izanik. Obra honetan pauso guztiak zehatz-mehatz azaltzen dira, eta brokel-dantza beraren deskribapen zehatza aurkezten da, baina Iztuetaren tonua, ziurtasun eta arauez beteta, ez da beti zehatza, eta askotan bere azalpenak kontraesankorrak dira.

Honek ez du esan nahi Iztuetaren papera brokel-dantzan ez zela ezinbestekoa: liburua idazteaz gain, bere bizitza ia osoan zehar dantzari taldeak prestatu zituen Gipuzkoan, eta XIX. mendearen bigarren erdialdean bere ikaslea zen Jose Antonio Olanok segitu zuen lan horretan. Olanoren ikasle batek, Jose Lorenzo Pujanak, jarraitu zion ildo berean XX. mendearen hasieran, eta 1927an Donostiako Udalak Euskal Herri Dantzen Udal Eskolaren Zuzendari eta Maisu izendatu zuen. Jose Lorenzoren semea, Candido, izan zen Donostiako Goizaldi taldeko lehen maisua eta horren bidez, ikusten den bezala, Iztuetaren erakusketak gaur egun arte mantendu egin dira hala edo nola. Dudarik gabe, maisutasun zentzu honek zerikusi handia izan du esandako estandarizazioarekin.

Aipatu dugun bezala, izaera atletikoa du brokel-dantzak: sasoian egon behar da mugimendu gehienak egiteko, eta ballet klasikoekin konparaketa egitea ez da batere bortxatua. Iztuetaren ustez (1824: 214) dantzariek hogei egun pasatu behar zituzten maisu on batekin entseatzen, eta beste zortzi txistulariarekin dantza ateratzen ahal izateko. Pausoen deskribapen zehatz bat web orrialde honetan ikus daiteke, eta Santxez Zabaletaren liburua ere (2004) oso interesgarria da zentzu honetan.

Dantzarien mugimenduak oso homogeneoak dira, eta argi dago taldeko partaide guztiek zehaztasun osoz batera egitea helburua dela. Kapitainaren figura, ildo honetan, oso garrantzitsua da: makilatxo berezi bat eskuan, armada zaharretako danbor nagusia izango balitz bezala, antolaketa eta orden hierarkikoaren figura garrantzitsua da. Iztuetaren ustez (1824:214) berari obeditu bear diote beste amabiac, alcate bati bezin-ongui. Kapitainak bere trebezia teknikoa maiz erakusten du dantzetan zehar solo ugarirekin. Askotan, adibidez, beste dantzariek errepikatzen dituzte bakarrik lehenago kapitainak egin dituen mugimenduak.

Esan daiteke brokel-dantzaren musika, baita zentzu musikal orokorra ere, aski bitxia dela beste euskal dantzen aldean. Dantza berarekin gertatzen den bezala, musikaz ere bertsio idatzi dezente egin dira, eta Txistulari eta Dantzariak aldizkariek 1991ean elkarrekin karrikaraturiko aldizkarian ikus daitezke agian interesgarrienak, Jose Inazio Ansorenak, Javier Hernández Arsuagak, aita Hilario Olazaranek eta Raimundo Basurcok idatzita. Bertsio hauei, jakina, gehitu behar zaie Pedro Albenizek Iztuetaren libururako prestatu zuena, 1826an argitaraturik, askotan koaderno izenarekin ezagutzen dena. Orokorrean, adibidez, brokel-dantzaren doinu guztiak erabat sartuta daude Mendebaldeko parametroetan, beste euskal lurralde batzuetan hain ohikoak diren irregulartasun erritmiko eta bitxikeria tonal eta modalik gabe. Esan daiteke, adibidez, historian zehar euskal erritmo berezkoentzat hartu izan den zortzikoaren erritmo estereotipatu eta erregularra batez ere dantza hauetan agertzen dela, Gipuzkoan kanpo aski arraroa izanik (adibidez Sánchez Ekiza 2004). Are gehiago: badirudi Iztuetak berak txistulariei dantzariari laguntzeko eskatzen zien malgutasun erritmikoa, dantzariric onenac ere sarritan izan oiduela damboliñaren laguntzaren premia esaten zuenean (1824:58), hain ohikoa dena beste euskal dantza batzuetan, ez dela beharrezkoa brokel-dantza sailan. Edo, beste modu batean esanda, badirudi beste euskal dantza batzuetan gertatzen ez den bezala, dantzarien pausoak dira musikaren erritmo zehatzean sartu behar direnak, eta ez erritmoak pauso hauetara moldatu beharra duena.

Zentzu horretan, beraz, brokel-dantzaren musika XVIII. mendean txistularien giroan gertatu zen aldaketa handiaren adibiderik onena da (Sánchez Ekiza 1999 eta 2005). Eta horregatik ez da oso arraroa Aita Donostiaren (1928) iritzia, Peñafloridako kondeak berak dantza honetako doinu batzuen egilea izatea. Eta orokorrean, pentsatzekoa da garai berean brokel-dantzak hartu zituela bere ezaugarri berezkoak. Iztueta beraren hitzetan (1824:218):

"orai nola Guipuzcoaco zaldun-gazte, argui, ascoc icasi dituzten azteche edo seminarioetan contradantza ta beste aldaira-guisa anitz, obec sartu dituzte brokel-dantzan guziz egokitasun andian, eta chit chukinkiro; beragatic maitatu bear-ditugu gureac balirake bezala, zeñean dantza mota oni bere onetsiac bezala darraiozean, eta bidez edertzen, galantzen eta ugaritzen duten".

Pentsatzekoa da, honen arabera, Bergarako Mintegiko dantza akademiko ikasketaz baliatu ziren garai honetan dantza berritzeko (Bagüés 1988).