Kontzeptua

Brokel-dantza

Boastitzea edo Paseoa: Iztuetak bi izen hauek erabili zituen bere liburuan (1824:218). Saila hasteko oso egokia da: dantzari guztiak esku hutsik aurrera eta atzera joan eta etortzen dira, tokia hartuz eszenatoki bihurtuz. Bere musika zortzikoa da bai erritmoari begira (5/8 puntilloduna) bai esaldien konpasen kopuruaren arabera, zortzina baitu. Zortziko hitzaren esanahi betetzen ez duen bakarra (adibidez Sánchez Ekiza 1991) hitzena da, zortziko txikiaren estrofa horretan sartzea ezinezkoa baita. Argi dago, kasu honetan ere, Iztuetaren baieztapen batzuek -hala nola dantza guztiek hitzak zituztela- ez zirela errealitatearekin bat etortzen. Esan daiteke brokel-dantzaren beste zortziko guztiek ezaugarri hauek ere betetzen dituztela.

Agurra edo Erreberentzia: Berriro Iztuetak erabilitako bi izen ditugu hemen. Zaldibiarrak, gainera, brokel-dantzaren barne sartu zuen dantza hau, baina ezpata-dantzari lotuta eta soinu-zaharren artean ere agertzen da. Eta jakina, soka-dantzaren barne ere erabiltzen da agurra. Brokel-dantzaren kasuan talde osoak, kapitaina aurrean, egiten du dantza, eta logikoa denez, hemen ez dago bizkarra emateko debekurik, ez aldarearen aurrean (ezpata-dantzarekin loturik dagoenean) ez andreari dantzatzen denean (soka-dantzaren kasua) gertatzen den bezala.

Musikari dagokionez, bi doinu erabili izan dira gehienetan: gaur egun batez ere agurra edo zuzenean aurresku izenarekin ezagutzen duguna, minor moduko kontrapas alegia (minor modua, adibidez, aipatzen da J.J.A.-ren deskribapenean: 1858:6). Kontrapas izen generikoa, izan ere, dantza hau ere izendatzeko erabili izan da, baina beste doinuak, erritmo eta abiadura bera izan arren, ez du kontrapas itxurarik: hauek ez bezala, ez ditu XVIII. mendearen erdialdeko musika instrumentalaren ezaugarriak betetzen, oso kantagarria baita. Maior modu argian, Albeniz eta Iztuetaren Koadernoan agertzen da hitzak eta guzti (1826:32), ziur aski Iztuetak berak prestatuta (Azkue 1919: I, 259-260). Lehen doinuak gehien bat agurra izena jasotzen du, eta bigarrenak, berriz, Erreberentzia.

Bitxia da, bukatzeko, koaderno honetan ere erreberentzia soinu-zaharren artean agertzea, nahiz eta bere estruktura (zortzi konpasetako bi esaldi errepikatuta) zortzikoarena duen. Edozein kasutan, argi dago dantza hau, gaur egun bezala, omenaldi gisa erabiltzen dela, eta horregatik saila hasiz, boastitzearen ordez, agertzen da deskribapen batzuetan.

Makila txikiena: tresnekin egiten den lehendabiziko dantza izaten da hau, eta bere azalpena besteen eredua izan daiteke: Hasieran zortziko bat dantzatzen du kapitainak, gero talde osoak errepikatuko duena. Batzuetan zortziko honetan bilatu izan da Iztuetak aipaturiko zortziko lau aldeetacoa, maisuaren beste erreferentzia aski misteriotsu bat. Hau bukaturik, musikaren erritmoa aldatzen da: erritmo bitarra duen doinu oso kantagarri batekin dantzariek gero ta azkarrago elkar jotzen dituzte tresnak, makil txikiak kasu honetan. Zati hauek jokua edo jokoa dute izena.

Brokel-dantza edo Brokel-makilena: Iztuetak bigarren izen hau erabiltzen du, eta horrela saihesten dugu sail osoak bere dantza eponimo honekin sor ditzakeen nahasketak. Lehenagoko makila txikienaren estruktura bera du, baina kasu honetan egurrezko edo metalezko brokelak makil edo ezpata txiki batzuekin elkar jo dituzte. Hurrengo makila handienan eta uztai txikienan gertatzen den bezala, joku honetan lehen dantzari guztiek parte hartzen du, gero erdiko lauek eta bukatzeko berriro guztiek. Dantza honen zortzikoa Albenizek eta Iztuetak argitaratu zuten bakarra izan zen (1826:42).

Makila handiena: Eskema bera, kasu honetan makila handiekin eginda. Azkuek (1919:I,264-5) identifikatu zuen jokuaren doinua Il pleut, il pleut bergère abesti frantsesarekin.

Belaun Txingoa edo Bilantzikoa. Bigarren izena da maizago agertzen dena deskribapen zaharrenean, Iztuetarena sartuta, bai euskaraz eta bai gaztelaniazko villancico itxura harturik. Halere, dirudienez ez du zerikusi handirik, Baztango dantzekin gertatzen ez den bezala, izen bereko dantza espainiarrarekin. Antza handiena Erreberentziarekin du: dantzariak ez dira tokitik mugitzen dantzatzerakoan, eta erritmo bera du, kontrapas antzekoa baina doinua oso kantagarria izanik. Dena den, doinu bera bitan jotzen da, eta bigarren aldiz abiadura bikoitzaz dantzatzen da. Nahiz eta honek ere zortzikoaren estruktura izan, Albeniz eta Iztuetaren koadernoan agertzen da, erreberentziarekin gertatzen den bezala, soinu zaharren artean eta ziur aski Iztuetak berak egindako hitzekin (1826: 36-7).

Uztai txikiena: dantza hau ez du Iztuetak aipatzen, baina ia beste erreferentzia zahar guztietan agertzen da eta oso ohikoa da gaur egun. Tresnekin egindako dantza guztien eskema bera segitzen du, kasu honetan jokua zurezko uztai txikiz eginda. Jokuaren doinua El noi de la mare oso ezaguna den gabon-kanta katalanarena bera da.

Uztai handiena: Dantza honetan orain arte ikusi dugun tresnekin egiten diren berdintasuna apurtzen da. Uztai handiagoak erabiltzen dira, lorez edo koloretako paperez apaindurik, eta bere muturretan punta zorrotzak dituzte lurrean tinkatuz zutik mantentzeko. Arku hauek, noski, ez dira jotzen, eta agurra doinuaren zati batekin sarrera gisa hasi ondoren, bi zati ditu dantzak:, 2/4ko konpaseko zati bizi bat lehena eta zortzikoa bigarrena.

Zinta-dantza: Ohikoa da azken dantza hau izatea, Iztuetak idatzi zuen bezala. Betiko eskema dugu hemen, eta jokua dantzariek eskuetan dituzten zintak lehen txirikordatu eta gero txirikorda hori deseginez egiten da. Antza denez, lehen bitan egiten zen dantza, plazaren alde batera eta bestera begira, baina espektakuluaren eta eszenatokiaren zentzu garaikideak behin egiteko eskatzen du, eta horrela dantzatzen da normalean gaur egun.

Hala eta guztiz ere, badaude beste dantza batzuk batzuetan brokel-dantzan sartzen direnak. Hori da bereziki Gipuzkoako ezpata-dantzaren kasua, dantza oso zeremoniatsua bai ezpata handiekin bai txikiekin egiten dena, baita jorrai-dantzaren kasua ere, ezagutzen dugun zortzikoa eta jokua eskema erabiltzen duena. Historikoki, dena den, ez dira brokel-dantza sailean sartu haien berezitasunak izateagatik, handitasuna eta omenaldia egiteko gaitasunagatik lehen kasuan, eta jai-giroko izaeragatik bigarrenean, Inauterietan egiteko oso aproposa egin duena. Arraroagoa izan da sortaren barne beste dantza batzuen erabilpena, hala nola San Juan zortzikoa edo Bordon-dantza.