Kontzeptua

Brokel-dantza

Momentuz, badirudi brokel-dantzaren erreferentzia zehatz zaharrena 1732 urtekoa dela (Gandásegui Larrauri 1946). Izan ere, Donostian urte honetako abuztuaren 24an, hain zuzen, Orango hartzea gremioek egindako dantza batzuekin ospatu egin zen. Jostunen gremioak danza del troqueado atera zuen, hamasei dantzari eta kapitaina kriskitinekin, cabriola eta buelta asko oso modu arinean eginez. 1824an, esan dugun bezala, aurkitzen dugu Iztuetaren liburua, bere azalpen luzeak eta batzuetan oso zehatzekin.

1828ko beste deskribapen bat aurkitu zuen Juan Antonio Urbeltzek (1978:158-162), horren erreferentzia zehatza ez jakinarazi arren, eta 1840ko deskribapen eta programa bat ere aurkitu izan da duela gutxi, bereziki interesgarria une oso ospetsu baterako egin zelako -Bergarako Besarkadaren mendeurrena hain zuzen- eta Iztuetak berak zuzendu zuen brokel-dantza azkenetariko bat zelako. Erreferentzia zahar hauekin bukatzeko, 1858 urteko bi deskribapen aski zehatz ditugu. Batetik, J.J.A. inizialekin besterik ez sinaturik dagoen Descripción (J.J.A. 1858). Joxemiel Bidadorren arabera (1998), honen egilea José Antonio de Azpiazu omen zen, beste gauza batzuen artean Iztuetaren suhia. Bestetik beste ekintza oso interesgarri batena ere badugu: Bilbon urte honetako irailaren bostean Jose Antonio Olanok zuzenduriko talde gipuzkoar batek eskaini zuena (Irigoien 1991).

Deskribapen hauek ikusita, argi dago eredu koreografiko bera aurkitzen dugula denboran zehar, baita, arlo honetan askotan gertatzen den bezala, aldaera ainitzekin erabiltzen dela ere. Aldaera hauen artean batzuetan zaila da esatea brokel-dantzan sartzen ziren dantzak zeintzuk ziren ere, eta Iztuetaren liburuak, erreferentzia zehatzenak dituena, ez ditu gauzak erabat argitzen. Agian oroitu beharrekoa da zer zehatza izan den dantza honetako maisutasuna, lerro zuzenean emanda Iztuetaren eskutik gaur egun arte. Baina ezta horrela ere, eta brokel-dantzaren dantzak ez dira berdinak azalpen guztietan, eredu orokorra oso zehatza izan arren.

Kontuan izan behar da, gainera, Gipuzkoako herri batzuetan eredu koreografiko honen beste sail berezkoak ere erabili izan direla, antza denez Iztueta eta bere ikasleen uniformizazioa jasan gabe. Hau da Antzuolako trokeo-dantzaren kasua (non hamabi dantzarik haien kapitainarekin makil txiki dantza, uztai txiki dantza, makil haundi dantza eta zinta-dantza egiten duten), Berastegiko San Juan iantzak -hamabi dantzarik eta kapitainak paseoa, lauko txikia, kontrapaseoa, kapitan-dantza, zorri-dantza, seikoa, brokel-dantza, billantzikoa eta bukaera dantzatzen dute- eta Lizartzako Inauteri dantzak, zortzi dantzari bi edo hiru taldek, kapitain eta sarjentu banarekin eta bi espentzierorekin, paseoa, lehenengoa, bigarrena, seigarrena, ostiko-dantza, etxe-dantza, lau ostikoak, azken paseoa, makila-dantza eta pala-dantza egiten dituzte. Sorta hauen arteko (Oñatiko Korpus-dantzak ere sarturik) antzak Angel Muruak (1991) ederki agirian utzi ditu.

Egile honek azpimarratzen duen bezala, Gipuzkoako beste sail hauen pausoak brokel-dantzarenak baino askoz ere sinpleagoak dira. Arrazoiak daude, beraz, pentsatzeko Iztueta eta bere ikasleen lan nagusia lehenago zegoen eredu koreografiko bateko dantzak Gipuzkoa osorako batu eta estereotipatzea izan zen, garaiko dantza akademikoaz baliatuz, baina ez modu erabat zehatzean. Baina bada garaia brokel-dantzaren saileko dantzak banan-banan apur bat zehazteko, bere aldaera nagusiak bide batez ikusiz.