Kontzeptua

Baztango mutil-dantzak

Dantza tradizionalen gehiengoan gertatzen den moduan, mutil-dantzen kasuan ere ez dugu berririk bere jatorriari buruz edo bere garapen historikoaz. R.M. de Azkuek hainbat mutil-dantza jaso zituen bere Cancionero Popular Vasco delakoan (1915tik aurrera argitaratua). Melodiak iturri ezberdinetatik jaso zituen eta horien artean Amaiurko txistularia zen Antonio Elizalderengandik (Billantziko, Txorienak, Xoxoaina), gero erreferentziazko txistularia eta informazio iturria bilakatuko zena.

1911tik aurrera hasiko du bere Baztango ibilbidea Aita Donostiak, eta 1918 eta 1925. urteen artean Aita Olazaran zenarekin batera egonen da Lekarozen. Urte horietan, dirudienez, Jose Telletxea (Erratzuko txistularia) eta Antonio Elizalde (Amaiurko txistularia) bilduko dituzte erdi edo erabat galduta zeuden mutil-dantzak (eta Baztango folklorearen beste adierazpen musiko-koreografikoak) eta ekingo diote biziberritzeko eta berreskuratzeko prozesuari. Hau da Mariano Izetak esaten diguna:

"Bi txistulari hauen denboran nabari da baztandar dantzen pizkundea batez ere mutil-dantzetan. Gure haur denboran eta gero ere Antonio-ri Amaiur-ko txistularia deitzen zioten. Gero Arizkun-go egin zen. Antoniok eta Joxek berpiztu zuten mutil-dantza. Antoniok bildu zituen han-hemenka Baztan guzia arakatuz, galduak eta erdi atzenduak aurkitzen ziren mutil-dantzak, dantzaris zaharretaik eta txistulari zaharretaik ere ikasiak. Badakigu Jose Telletxeak, "Xamar"enganik ikasi zituela zenbait mutil-dantza eta holaxe bien artean bildu zituzten Baztan-go dantza guztiak, han-hemenka barreiaturak zaudenak (Izeta, 1991; 26)

XX. mendearen hasierako urteetan mutil-dantzak galtze prozesu garbian zeudelako zalantzarik ez dago, baina bi praile kaputxinoen presentziak eta lanak, txistulari baztandarrenarekin batera, lortuko du joera hori iraultzen.

Gainera, eta presentzia horrekin bat egiten, Baztango mutil-dantzak Euskaltzaindia sortzea ospatzeko egindako ekitaldietan dantzatu ziren Oñatin 1918an. Horretarako mutil-dantza dantzatzeko estiloak batu behar izan ziren, barneko aniztasun koreografikoa galduz. Bateratze prozesu hau areagotuko da beste irteera batekin: 1929an Baztango mutil-dantzariek hartuko dute parte Bartzelonako Nazioarteko Erakusketan. Baina batez ere, prozesu hori gauzatuko da transmisioa, hein haundi batean, familia baten eskuetan geldituko baita (Elizaldetarrak, Antonio eta Maurizio -azken hau aurrekoaren semea-).

Gorago esan den bezala, mutil-dantzen lehendabiziko partiturak Hilario Olazaran eta Aita Donostiari zor dizkiegu. Azken honek Euskal Eres Sortan (1921) argitaratuko ditu batzuk. Mutil-dantzen urratsen lehendabiziko deskripzioak (zehaztasun nahikoarekin), baina, Bernardo Zalduak egin zituen (1932-1933) Joxe Telletxeak eman zion informazioarekin. Eskuizkribu hau argitaratu gabeak mantenduko dira harik eta Enrique Jordák RSVAPen (Ikus Biblio) argitaratuko duen arte 1973. 1943. urtean Baztango Udalak Maurizio Elizalderi egingo dio enkargua kaiera bat egiteko folklore baztandarraren ale nagusien partiturekin. Beraien artean mutil-dantzak, irri dantzak eta dantza gehiago aurki ditzakegu.

J.M. Guilcherrek, Maurizio Elizalderen laguntzarekin, 1975tik aurrera argitaratuko ditu hainbat artikulu Baionako Euskal Museoko Boletinean mutil-dantzen deskripzioekin. Horretarako, jauziei eta beren sistematika koreografikoa eta musikalari buruzko zeukan jakituriaz baliatuko da eta aplikatuko du urrats baztandarretan. Zalduak hasitako lana sakontzen du Guilcherek. Geroko argitalpen batzuk batuko dira argitalpen hauei.

Baina, dantzaren tradizioa Baztanen (gutxienez 50eko hamarkadatik eta zendu arte) Maurizio Elizalderen pertsonan zetzan. Berak irakatsiko ditu mutil-dantzak eta berak grabatuko ditu beren melodiak. Bera izan zen tradizio baten gidaria eta gordailua. Horrek bere eragina izan zuen gauza batzuetan, emakumearen partaidetza, adibidez.

Emakumearen partaidetza mutil-dantzetan problematikoa bizi izan da tradizionalki Baztanen. Maurizio Elizaldek dantza tradizio honen historikoki egindako irakurketa zorrotza, ez zuen ahalbidetu emakumeak plazan dantzan egin zezaten. Emakume bat dantzarien borobilera sartzen zelarik, Mauriziok jotzeari uzten zion emakumea edo emakumeak ateratzen ziren arte. Agian ez zen izango emakumeak kanporatzeko zio bakarra, baina Baztango iritzi publikorako Maurizio zen autoritatea mutil-dantzetan. Egun, XXI. mendearen bigarren hamarkada honetan emakumeen partaidetzari egiten zaion ukoak dantzaldien suspentsiora eramaten ari da.

Tradizioaren ikuskera "ortodoxo" hau historikoki gainditua izan da "mutil-dantza" (mutil gazte eta ezkongabeen dantza) izendapenarekin bat ez datozen gizarte taldeen onarpenarekin: edozein adineko edo estatus sozialeko gizonezkoa onartzen da eta baita ere, lehendabiziko postua zaharrenari uzten zaio.