Konposatzaileak

Aita Donostia

José Gonzalo Zulaika Arregi.

Lan hau idazteko garaian, funtsezkoa izan da Aita Donostiaren Egunkariaren eskuizkribua edukitzea. Hau Aita Donostia Artxiboan dago, Iruñeko Anai Kaputxinoen egoitzan. Aipamen testualak dagozkien jatorrizko ohar adierazlearekin argituak izango dira. Inolako oharrik jartzen ez dudanean irakurleak ulertu behar du egunkariko edukian oinarritzen ari naizelako dela eta ez dudala aipatzen oharren sisteman astuntasuna saihesteko nahian.



Aita Donostiaren gurasoak, Jose Antonio (Orio, 1856) eta Felipa (Donostia, 1855) 1880an ezkondu ziren eta Idiakez kaleko 5. zenbakian helbideratu ziren, eraikin guztia Jose Loidirena zena eta Maria Josefa Zulaicarekin ezkondua zegoena, Jose Antonioren arreba. Jose Loidik Jose Antonio Zulaica gonbidatu zuen 1875etik aurrera Loidi eta Zulaica enpresa elkarrekin sortzera, ardo klase guztietan espezializatua, nahiz eta ospe gehiena ardo gozoekin lortu, batez ere mezako ardoekin.

Idiakezeko 5. zenbakian jaio ziren Jose Antonio eta Feliparen hamar seme-alabak.1

1883an Pedro Juan jaio zen, Aita Fortunato de San Sebastian kaputxinoa izatera iritsi zena, eta San Bizente parrokian bataiatu zuten.

1886an Jose Gonzalo jaio zen, Aita Jose Antonio de San Sebastian kaputxinoa izatera iritsi zena. Sorkuntza berriko parrokian bataiatu zuten, kultuak kapera txiki batean izaten ziren, San Martzial kaleko 44. zenbakiko beheko solairuan, Urbieta kalearekin izkina eginez 2. Parroki honetako bataio liburuko jaiotza-agiriak honela dio:

"Donostiako Hirian, Gipuzkoako Probintzian, Gasteizko Elizbarrutia, 19886ko Urtarrilaren hamaika,...nik sorkuntza berriko parroki-elizako Presbitero Apaiz Ekonomoa, handitasunez Jose Gonzalo izenarekin haur bat bataiatu nuen. Jose Antonio Zulaica, jatorriz Oriokoa, eta Felipa Arreguiren, hiri honetakoa jatorriz eta hemengo elizatiarra, seme legitimoa da. Aitak adierazi duenez atzoko egunean goizeko 8tan jaio zen, Idiakez kaleko 5 zenbakian. Aitaldeko aiton-amonak Jose Mª Zulaica, Oriokoa, eta Teresa Alberdi, Aiakoa dira eta amaldekoak aldiz, Vicente Arregui eta Josefa Antonia Echeverria, sortzez hiri honetakoak. Aitabitxiak Jose Manuel Zulaica eta Josefa Arregui izan ziren, Oriokoa bata eta hiri honetakoa bestea eta hauei jakinarazi nien zeukaten ahaidetasun espiritualaz eta hartu zuten betebeharraz, lekuko bezala Antonio Esnaola eta Miguel Arruspide zeudelarik, parrokia honetako zerbitzariak, Abaltzisketakoa bata eta hiri honetakoa bestea jaiotzez. Eta egia denez sinatzen goian aipaturiko datan. Martin Lorenzo de Urizar Lizentziatua" 3. (Itzulpena gazteleratik moldatua).

Ikastetxera hasi baino lehen, bost edo sei urterekin "bi makilekin jolastea gustatzen zitzaion, biolina jotzen ibiliko balitz bezala... agertzen zuen zaletasun hau ikusirik, gurasoek txiki bat erosi zioten". 4(Itzulpena gazteleratik moldatua). Ondorengo urteetan gainerako anai-arrebak jaio ziren; Fermin Vicente, Luis, Jose Luis, Maria de la Concepcion, Ramon Maria eta Gil eta Estanislao bikiak.

1892an Pedro eta Jose anaiak Santa Maria Ikastetxe Katolikoan sartu ziren, Aita Marianistek zuzendurikoa. 1895eko abenduak 8an Jose Gonzalo Zulaicak ospakizun handiz Lehen Jaunartzea egin zuen Ikastetxe honetan. Ikastetxean jasotako heziketan euskararen lantzeak ez zuen izpirik eduki. Modu honetan Pedro eta Josek, guraso euskaldunen semeak zirenak, ama-hizkuntza galdu zuten. Zulaica-Arreguitarrak, familia ugaria zena, Santa Catalina 5 zenbakira joan ziren bizitzera ugazaba gisa.

1Maria Zulaikak, Aita Donostiaren arreba, Idiakezeko 5. zenbakian hamaika anai-arreba jaio zirela esan arren, hamarren jaiotza eta bataioa besterik ezin izan ditut egiaztatu.

2MURUGARREN, Luis. Catedral del Buen Pastor. Donostia- San Sebastián, 1897-1997 (Kutxa Fundazioa, Donostia, 1996), 24. or.

3Donostiako Sorkuntza Berriko Parrokiako Bataiatuen Liburua, 1886, 154. or.

4ZULAICA Y ARREGUI, María, EUSKO IKASKUNTZA aldizkaria. Cuaderno de Sección de Música, 3. zenb., Donostia, 1978.

Mezako ardoa eta ardo normala eskuratzeagatik Jose Antonio Zulaica Lekarozko Ikastetxeko kaputxinoekin harremana edukitzen hasi zen. 1896an Pedro eta Jose Gonzalo 5 semeak ikastetxean sartu ziren. Honek batxilergoko ikasketak bukatu arte ikasleak etxera ez itzultzea suposatzen zuen. Jose Antonio Zulaicak Ikastetxearengatik estimua eta mirespena zuen eta guzti honek etxearen hobekuntzetarako diru-ekarpen garrantzitsuak ekarri zituen.

Jose Gonzalok bere ikasketen ohiko egitarauekin jarraitzen zuen bitartean musika ere landu zuen, ikastetxeko bizitzan garrantzi handia zuen artea baitzen. Ikastetxean 1898tik erlijioso berria zeukaten, Ismael de Tudela anaia, harmonia irakasteaz gain, bere espiritu irekia eta ulerkorra zabaldu ziena eta ikasleei bizitzarako ideia berriak eman zizkiena. Osasun arazoengatik Ismael de Tudela anaiak 1902an utzi zuen Ordena. Jose Gonzalo bere ikaskideen solfeo eta pianoko irakasle bihurtu zen. Konposizio musikalean ibili zen instintuz, bere hitzen arabera. Gaztetatik zenbait erlijio-partitura idatzi zituen. 1904ean bere konposizioak, ia beti orkestratuak, koruak programatzen zituen 6.

5Ibidem, 216. or.

6Urreta-Zulaica familiaren gutunen funtsa. Donostia.

Pedro Zulaikak, anai nagusiak, erlijioso kaputxinoko botoak egin zituen eta Jose Gonzalok gurasoei anaiaren bide beretik jarraitu nahi zuela adierazi zien 7. Honela, abitu-hartzea 1902ko martxoaren 19an izan zen. Garai hartan Kaputxinoen ohitura zen hautagaiari izen berri bat ematea, abizenaren erabilera alde batera utziaz. Honela Pedro Zulaica, Fortunato de San Sebastian anaian bihurtu zen eta Jose Gonzalo, Jose Antonio de San Sebastian anaian eta teologiako ikasketekin jarraitu zuen.

Apaizgintza 1908ko abenduaren 19an izan zen eta lehenengo meza 1909ko urtarrilaren 10ean eman zuen. Hemendik aurrera Aita Jose Antonio de San Sebastian da. Askotan hartu zuen parte ikastetxeko festetan pianoko bakarlari bezala, Mozart, Bach, Beethoven, Brahms, Grieg, Mendelshonn, Wagner, Debussy edo Ravel-en obrak joaz.

1918an Lekarozeko ikastetxera Aita Hilario de Estella iritsi zenetik parte hartzeak lau eskuz eskaini ziren.

1908ko urrian Bartzelonan bizitzen egon zen, harmonia eta kontrapuntua Adria Esquerrarekin ikasiz. 1909ko udan Burgosera joan zen, bertatik Silosko abadia bisitatu zezakeen eta gregoriano-kantua praktikatu. 1910ean aldizkako bisitak egiten zituen Donostiara, Bernardo de Gabiolak harmonia irakatsi ziezaion. Ikasturtean zehar frantsesa, geografia, solfeoa eta pianoko irakaslea izan zen.

Musikako argitalpen garrantzitsuenekin loturan egoteko gogo bizia zuenez liburutegi aberats bat biltzera iritsi zen, baina honek leku egokia eskatzen zion. Honela, nagusiek lokal bat egokitu zioten eta bertan estudioa jarri zuen, geroago Madrilen erosi zuen Erard pianoa ere bertan kokatu zuelarik. Honez gainera, berarekin hitz egiteko Lekarozera etortzen zirenen bisitak estudioan bertan jaso zitzakeen.

7ZUDAIRE, Eulogio. Colegio Nuestra Señora del Buen Consejo (1888-1988) 267. or.

Euskal musikako pertsonalitate garrantzitsuenekin elkartu zen eta bere herriko folklorea, euskal musika orokorrean, ikertu eta batzeko behar berezia sentitu zuen. Eredugarria zen berarentzat Resurreccion Mª de Azkue, herriko melodiei egiten zien azalpenengatik eta ateratzen zituen ondorioengatik. Bere zaletasuna Francisco Gaskueren hitzaldi batean indartu eta Charles Bordesen euskal abestiak ezagututakoan azpimarratu zen.

Pertsonalki euskal folklorearekin eduki zuen lehen harremana 1911 izan zen, Baztango lehen herri doinuak bildu zituenean. 1912an pianorako Preludios Vascos serieak hasi zituen, lehen momenturik generoko benetako bitxiak bezala hartuak izan zirenak. 1913an euskal doinu asko orfeoirako harmonizatu zituen. Aita Jose Antonio de San Sebastian-en izena mirespenaz inguratua geratu zen. Hemendik aurrera bere izendapen ohiko eta ezagunena Aita Donostia izango da. Bere kontzientzian euskal sentimenduen apostolu bihurtu behar zuenaren ideia eratu zuen. 1916ko apirilaren 30ean Bilboko Filarmonikoan euskal musikari buruzko lehen hitzaldiak eman zituen. Harrera ikaragarria izan zen. 1918ko irailean (1etik 8ra) Euskal Ikasketen I Kongresuan parte hartu zuen.

Baina Aita Donostiak tinko eusten zion musika ikasketak Madrilen, eta bereziki Parisen, jarraitzeko ideiari. Nagusiek baimena eman zioten "Madrilera joateko, bere musika ikasketak osatzeko helburuarekin"8. (Itzulpena gazteleratik moldatua).

Perez Casas-en Orkestra Filarmonikoaren kontzertuetako abonu iraunkorren garaia zen, eta Aita Donostiari bere audizioetara joateko aukera eman zioten. Honek komentuko bere ordutegi diziplina aldatzen zuen. Horregatik Calonje jaunekin, Lekarozen ezagutu zituenak, erlazionatu zen bere eskura jarri zutelarik Madrileko Casado del Alisal kalean zuten 5. zenbakiko etxea.

Jaun hauen etxeak kapera pribatua zeukan eta bertan Aita Donostiak askotan ospatuko zuen meza.

Madrilera iritsi eta egun gutxitara, azaroak 29an Perez Casasek 1ª Serie de Preludios Vascos programatu zuen Circo Price-en. Aita Donostia bertan egon zen eta entzuleek izugarri txalotu zuten. 1919ko ekaina 17an Perez Casas-ek bere Orkestra Filarmonikoarekin la 2ª Serie de Preludios Vascos estreinatu zuen Eslava Antzokian. Txaloak berriz ere kaputxinoarentzat 9.

Andereño gregoriarrentzat korua sortu zuenetik, maiz bisitatzen zuen Calonjetarren etxea, bertan egiten baitzituen entseguak. Madriletik Lekarozerako erretiroa 1919ko abuztuan ez zen behin betikoa izan. Aldizka itzuliko zen Espainiako hiriburura iraupen ezberdinetako etapetarako.

8Nafarroako Kaputxinoen Artxibategi Probintziala. Probintziako Gaiak 1900-1925. 1918ko abuztuaren 28ko akta, 1.go puntua.

9RIEZU, Jorge de. José Antonio de Donostia: Vida y obra... Verdad y Caridad algitaletxea. Iruñea.

Madrilen igarotako egonaldiak musika joera berriekin konektatzeko zuen grina ez zuen bete, Frantzian gertatzen zen bezala. Debussy eta Ravelenganako zuen mirespena obsesiboa zen.

Bere proiektua Parisera joan eta Maurice Ravel idoloarekin konektatzea zen. Frantziako hiriburura joateko baimena lortu zuenean, zorrozki bete behar zuen programazioa egin zuen: Ravelekin harremanetan jarri, Biblioteka Nazionala, Opera, Arsenal eta Kontserbatorioa bisitatu, kontzertuetara joan eta bertan frantziar kulturako pertsona eta talde nabarmenenak ezagutu.

Parisera 1920ko urtarrilaren 20an iritsi zen. "Parisera egin nuen lehenengo bisitan, egin nuen lehenengo gauza hilerri honetara etortzea izan zen (Trocadero Plazaren ondokoa) Debussyren hilobi aurrean Aita Gure bat errezatzeko" 10. (Itzulpena gazteleratik moldatua)

Saint Péres edo Boissonade-ko 26. zenbakiko kaputxinoetan egoitza finkatuta, Ricardo Viñes bisitatu zuen, honek Parisen zuen etxean. Hau izan zen aldizka konpositore handiak aurkeztuko zizkiona, bereziki, Maurice Ravel 11. Viñesek Aita Donostiari Jean Pierre Altermann aurkeztu zion, Parisen jaiotako israeldarra. Katoliko bezala bataiatu ondoren, Maison d'Ananie sortu zuen, barne-bakearen beharra zeukaten pertsonalitateen topagunea. Leku honetan Aita Donostia Henri Ghéon-en lagun min egin zen, antzerki katolikoaren zaharberritzailea zena. Ezagutu ziren momentuan, antzerki katolikoaren proiektu baten plangintza egin zuten: Les trois miracles de Sainte Cécile, 1921eko urtarrilaren 23 estreinatua Parisen.

Azken finean Ricardo Viñes izan zen 1920an Aita Donostiari Maurice Ravel aurkeztu ziona, oinarrizkoa berarentzat Parisera iristean. Ravelek kaputxinoa zuhurtasunez hartu zuen, baina estimuz eta interesez, bera bezala euskalduna zelako. Ravelen lehen inpresioak Eugène Cools-i 1920ko maiatzean idatzitako gutun batean argi geratzen dira:

"Cools maitea: zure gutunak estutasunetik atera dit: zure helbidea bilaka nenbilen. Gauza honela da: Aita Donostia izeneko herrikide batek -jakin behar duzu euskaldunek bi aberri dauzkagula- bisitatu dit bere lanak erakutsi eta aholku eske. Beldur nintzen bere musika ez ote zen monastikoegia izango, orain arte komentu batean bizi izan baita. Baina ustekabe atsegina izan da sentsibilitate musikal samurra aurkitzea beragan, lantzea bakarrik falta zaiona. Niri ezinezkoa gertatzen zait lan hori burutzea, noizbehinka bakarrik ahal izango bainuke lan egin. Zuregan pentsatu dut, zer iruditzen zaizu? Momentuz ikasgaiak posta bidezkoak izango dira (kontrapuntu eta fuga). Eskertuko nizuke erantzuna hona bidaltzea, denbora batez atseden hartzen jarraitzea pentsatzen baitut." 12 (Itzulpena gazteleratik moldatua)

1937an Ravel hil zenean, Aita Donostiak hitz hauek idatzi zituen:

"Ez dut ahaztuko nire lehenengo topaketa, lehenengo elkarrizketa Ravelekin Saint-Cloudeko bere etxean. Berak gomendatu zidan Eugène Cools (irakasle honetaz oroitzapen bikainenak dauzkat, bai bere gaitasun pedagogikoengatik, bai berari elkartu ninduen adiskidetasunarengatik)." 13 (Itzulpena gazteleratik moldatua)

Eugéne Cools-engandik jasotako lehen ikasgaien ondoren, Aita Donostia Lekarozera itzuli zen 1920ko abuztuaren 14an. Baina berriz ere Parisera 1920ko abenduaren 9an itzuli zen, bertan 1921eko uztailaren 18 arte geratu zelarik. Lekarozera behin betiko itzulera izan zen, Eugéne Cools-ekin burututako ikasketak amaitutzat eman zituelarik.

Bere musika ikasketen laburpen bezala, fidagarritzat hartu dezakegu 1927an Jose Subirari bere curriculum-aren zati bezala bidali zion paragrafoa:

"Nire harmonia irakaslea Ismael Echazarra izan zen. 13 urterekin ikasi nuen. Ondoren ikerketa laburrak egin nituen Bartzelonan Esquerrarekin eta Donostian Gabiolarekin. Baina oso gauza oinarrizkoak izan ziren, ez dutena idatziz jartzea merezi. 1920 eta 1921an Parisera joan nintzen, bertan bi negu egon nintzelarik. Han kontrapuntua eta fuga ikasi nituen Cools-ekin. Gainerakoan nire kabuz ikasi dudala esan dezaket." 14

10JORDA, Enrique. Recordando al P. Donostia. Aipatutako EUSKO IKASKUNTZA aldizkaria, 61. or.

11VIÑES SOTO, Elvira. Mis recuerdos del P. Donostia. Aipatutako EUSKO IKASKUNTZA aldizkaria, 173. or.

12RIEZU, Jorge de. Cartas al P. Donostia. 7. or.

13AITA DONOSTIA. Obras Completas, tomo III, 67. or Aipamenak. La gran Enciclopedia Vasca algitaletxea. Bilbo.

14ANSORENA, José Luis AITA DONOSTIA Kutxa Fundazioa, Garibai, 20, Donostia, 187. or.

Hemendik aurrera Aita Donostiak duen obsesio logikoa, bere lan musikal berrietan bereganatutako teoriak erabiltzea izango da. Zalantza handiak zeuzkan liturgia sakratuetan erabiliko zuen musika estiloa aukeratzeko. Oraingoz genero hau ez lantzea hobetsi zuen. 1937 arte ez zuen erlijio-polifonia idatzi. Baina ez zuen zalantza egin piano, lied, antzerki, eta abarrerako musikarekin. Konpositore berri bat sortu zen, Euskal Preludio, Melodia herrikoiak pianoaren laguntzarekin eta Orfeoiko Abestien egile herrikoietatik urrun dagoena.

Aita Donostiarentzat oso gogorra zen bere organista-zerbitzuak eskaintzen zituen elizan organo egoki bat ez edukitzea. Posible izango al zen bigarren eskuko organo bat aurkitzea, modu onean zegoena, arrazoizko prezio batengatik? Lortuko al zuen bere aitak, Jose Antonio Zulaicak, berriz ere Ikastetxearenganako eskuzabaltasun keinu bat edukitzea?

Parisera iritsi bezain azkar gai honen inguruan aritu zen, 1920ko apirilaren 15 eta 17an Cavaillé Coll enpresan agertuz. Azkenik, 1922ko uztailaren 21an Aita Donostiak bere egunkarian idatzi zuen:

"Gertaera ikaragarria: arratsaldeko lehen trenean iritsi da organoa, segituan jarri ziren martxan bi idi-gurdi eta zaldien kotxe edo gurdia; kokatu baina lehen instrumentua zegoen kaxa guztiak zeuden, hogeita bi, ikastetxearen barruan." (Itzulpena gazteleratik moldatua)

1922ko abuztuaren 20an estreinaldi handia gertatu zen. Ekitaldiaren buru Ildefonso de Ciáurriz probintziburua izan zen. Organoa Aita Fortunatok bedeinkatu zuen, Aita Donostiaren anaiak. Organo berria Luis Urteaga eta Victor Zubizarretak jo zuten.

Aita Donostiak 1930etik El Día egunkari abertzalean kolaboratu zuen, musikarekin erlazionaturiko 46 ikerlan txikitan parte hartuz. Bazekien Eusko Alderdi Jeltzalearen aldeko edo hurbileko konpositore-ospea zuela. Euskaldunen aurkako kolpe militarraren etengabeko zurrumurruak kezka pertsonal ziren berarentzat, etorkizuneko jardueran pentsatuz. 1936ko uztailaren 18an gerra zibilak eztanda egin zuenean, Nafarroa altxamenduko indarretara batu zen eta Lekarozko Ikastetxea uztailaren 29tik aurrera Irun eta Oiartzungo fronteetako soldadu zaurituen lehen sendaketak burutzeko larrialdietako Ospitalean bilakatu zen. Urriaren 18an ospitalea itxi zen, Ikastetxea bere jatorrizko izaerara itzuli zelarik. Baina emaitzak oso txarrak izan ziren: Ikastetxeko 23 erlijioso beste leku batetara bidaliak izan ziren: Andaluzia, Portugal, Txile edo Argentina. Aita Riazuk, Argentinara bidalia, honako hau adierazi zuen geroago: "Ez ziguten ez militarrak, ez zibilak bidali... Egia esan, etxekoek bidali ziguten, Ordenakoek. Jende asko bidali zuten apetak emanda eta gogo txarrez. Pentsatzeko beste modu bat genuen eta hau ez zitzaien gustatu, gu ez baikinen frankistak...Eta gainera abertzaleak ginen." 15 (Itzulpena gazteleratik moldatua)

Aita Donostia Tolosara (Frantzia) bidali zuten, Lekaroztik 1936ko azaroaren 3an atera zelarik. Aita Bonifacio de Ataunek hartu zuen, euskal errefuxiatu bezala baitzegoen bertan. Arrazoizkoa zen Tolosako bizitzara girotzen ari zen momentu hauetan, musika konposiziotik aldendua egotea. Baina denbora gutxi iraun zion jardun gabeko denbora honek. 1936ko abenduaren 15eko gutun batean idatzi zuen: "... Albioniren piano eta biolinerako Sonataren behin betiko transkripzio egin dut... eta Parisera bidali dut. Clavecinistas-en bi bolumenak garbira pasatzera noa eta Ama Birjinari Motete bat (Hortus conclusus) idazten ari naiz laukote eta organorako... (Itzulpena gazteleratik moldatua)

"

Aita Donostiarentzat Tolosara joan beharra gogorra gertatu bazen, latza zen baita iraunaldiaren ziurgabetasuna. Indarrez beteriko gutunak jasotzen zituen eta miresten zituen pertsonen bisitak. Edozein arrazoirengatik Parisera joaten zen. 1937ko abuztuaren 19an Folkloreari buruzko Nazioarteko II Kongresuan komunikazio batekin parte hartu zuen.

Maurice Ravelen gaixotasun atzeraezinaren berri izandakoan, Monfort-eko bere Belvédère-ra joan zen bisitatzeko. Han jaso zuen bere azken irribarrea hitz hauetaz lagundurik: "Je suis un papillon... Padre, fermez la fenêtre... Je vais m'envoler...!" 16

15ZUFIA, Rosa Aita Donostia a la luz de Jorge de Riezu Muga aldizkaria. Bilbao 1980, 73. or.

16Mme. Anchochury-ren kontaketa, aldizkari pribatu frantsesa.

Garai honetan izaera ezberdinetako partiturak konposatu zituen, baina 1938an liturgiako musika erlijiosoa idazterakoan zein orientazio hartu galdera egin zion bere buruari. David Pujolen aholkuak jasotakoan, motete talde bat eta organorako Itinerarium mysticum-en zati bat konposatu zituen. 1939an erlijio-musikarako partiturak idazten jarraitu zuen. Abuztuak 9an O Jésus, amour otoitza idatzi zuen, batasunerako Otoitza zena. Europako gerra posible baten etengabeko zurrumurruek eraginda idatzi zuen. 1940ko urtarrilean, Bigarren Mundu Gerra hasirik zegoela Charles d'Orléans-en testu batekin Priez pour paix konposatu zuen. Tolosako (Frantzia) komentua erlijioso errefuxiatuz bete zen. Horregatik Mont de Marsan komentura joan zen, urtebetez bertan biziko zelarik. Baina bere obsesioa Lekarozera itzultzea zen. 1941eko martxoaren 1ean probintziburuarengandik Baionara joateko baimena lortzen du. Apirilaren 8an Sine nomine Schola sortzen du. 1941an depresio izugarri bat jasaten du, kargu erlijiosoen kentzea eskatzeko zorian egon zena. Baina trantze txarra gainditu eta lan berriak idazten jarraitu zuen.

Abuztuaren 23an, pasaportea behar bezala zuela, muga Hendaia-Irundik zeharkatzen saiatu zen eta inongo arazorik gabe lortu zuen. Abuztuak 25 eta irailaren 3an berriz zeharkatu zuen, etxean bisita asko jasotzeko. Meza ospatu zuen egoitza kaputxinoan. Hilaren bostean bere amaren gelan ospatu zuen meza, oso gaixo eriondo baitzegoen. Oraindik beste aldi batzutan ere zeharkatu zuen muga. 1942ko martxoaren 19an mezu urgente bat jaso zuen, bere amaren larritasunagatik. Baina orain eginbideak korapilatu egin ziren eta bitartean Felipa Arregui de Zulaica arratsaldeko 7retan hil zen 88 urte zituela. Bere seme kaputxinoa hurrengo egunean iritsi zen. Errespontsu bat errezatu zuen amaren gorpu aurrean eta besarkada hunkigarri bat eman zion.

Berak behin betiko Lekarozera itzultzearekin egiten zuen amets. Lurralde ezberdinetan bera bezala sakabanatuak izan ziren garai bateko adiskide erlijiosoez oroitzen zen.

1943. urtean sarturik, bere Probintziara itzulera gertu zegoelaren berria iritsi zitzaizkion. Iparraldeko agintari-zibilekin baimenak azkartzen saiatzen da. Zenbait joan-etorri antolatzen ditu, erbestealdian lagundu diotenak agurtzeko : Pauen Ambrosio Zatarain, Betharram-en J. Leizaola eta P. Bordachar. Martxoaren 21an Sine Nomine koralarekin Urruñara joan zen gero Sokorriko Notre Dame bisitatzeko. 23an Donibane Lohizunen Telesforo Monzon agurtu zuen. 28an azken aldiz jo zuen organoa St. Charles-en. 29an Uztaritzen bere lehengusuak agurtu zituen. 30ean maletak prestatu eta Sine Nomine koralarekin elkartu zen, Aita Donostiaren zenbait lan abestu zituenak eta Gelasio Arambururi batuta eman zion handik aurrera. Eta hau da bere Egunkariko kronika:

"1943ko apirilaren 1a. Hendaiara doan 9'37ko trenean. Baionako geltokira M. Hiriart. Darrieux, Mlle. Labuille, Pili, Zugadi etorri ziren. Lehenengoek Biarritzera lagundu zidaten...estazio horretan koruko beste batzuk agurtu nindutelarik. Hendaiara iritsi nintzen : Eguiaçabalekin zenbait arazo zuzendu nituen eta zubia pasa nuen, alemaniarrek nire maletak begiratu ondoren. Maria, Ramon eta Aita Bergareche zain nituen. Etxera bazkalordurako iritsi nintzen. Idiakezen gelditu nintzen." (Itzulpena gazteleratik moldatua)

Zenbait bisitariei azken konposizioak erakusten zizkien, berak Fleurs d'exil deitzen zituenak.

Behin betiko, apirilaren 17an agertu zen Lekarozen. Komunitateko adiskide berriei aurkeztu zen, betiere adierazpenetan zuhurtasun beldurti bat mantenduz. Maiatzak 23an Zabaleta kalean zegoen Santa Teresa Ikastetxean Anton anaiaren alaba zen Teresita ilobari lehen jaunartzea eman zion. Neska hura, urteak geroago, Jorge Aitaren babesa izango zen musika-obra argitaratzeko momentuan.

1943ko hilabete hauetan zehar mesfidantzako giroa antzematen du harremana duen pertsona zibil eta erlijiosoen artean. Nabaritu du baita musika giroak ez duela euskal gaiekin erlazionatutako ekintzen sustapena, ikerkuntza eta antolaketa bultzatzen. Deseroso dago. Hezkuntza Nazionaleko Ministerioak Bartzelonan finkatu zen Musikologiako Institutu Espainiarra sortu zuela jakin zuen. Erakundearen funtzionamenduaren ardura Higinio Anglesi eman zioten, Aita Donostiaren oso laguna zena. 1944ko otsailaren 7an Bartzelonara joan zen. Bere hurrengo egoitza izan zitekeen Nuestra Señora de Pompeya komentua bisitatu zuen. Kataluniako Aita Probintziala bisitatu zuen eta Bartzelonan inkardinatzeko nahia adierazi zion.

Higinio Anglesekin hitz egin zuen, egin zezakeen lan motaz mintzatzeko. Hilaren 16an Lekarozera itzuli zen. Hemen bisitak jasotzen jarraitu zuen, zenbait partitura berri konposatu zituen eta bere eginkizunak ahalik eta era onenean uzten saiatu zen.

Azkenik, apirilaren 26an Lekaroz Ikastetxeko Zaindariaren egunean, Bartzelonarako bidaia etapa ezberdinetan egin zuen. Maiatzaren 1ean iritsi zen, Diagonal 450ko Nuestra Señora de Pompeya-an instalatu zelarik. Arratsaldean Higinio Angles ikustera joan zen eta Marius Schneider musikologo alemaniarra agurtu zuen. Beraiekin elkarrizketatu ondoren, Institutuan lanak hasteko egutegia finkatua geratu zen: datorren ekaina bukaera. Fitxategi folkloriko baten eraketaren ardura eman zioten, argitaratu edo argitaragabeko eskualdeko Kantutegi guztien hustuketaren ardura. Hemendik aurrera erakartzen dion lan-eskema dauka eta adiskide zahar eta berrien talde zabal baten babesa sentitzen du, agertzen duen guztiarekin laguntzen diotena.

Konpositore jarduerarekin jarraitu zuen, Bartzelonako erakunde eta pertsonen edo Urt-Belloc-eko beneditarren eskaera anitzei erantzunez. Garai honetan amaitzen ditu organorako Itinerarium mysticum, Missa pro defunctis eta honen ondorengo orkestrazioa eta Tríptico franciscano.

1952ko martxoaren 17an Bartzelonatik Lekarozera joan zen bizirik zeuden Aita Jose Miguel de Aldaz eta Aita Ambrosio de Echarren adiskideekin erlijioko profesioan Urrezko Ezteiak ospatzeko.

1953ko urtarrilaren 13an aulkian eserita zegoela lurrera erori eta eskuin eskumuturra hautsi zuen. 1954ko maiatza arte organoa jotzeari utzi zion.

Ekintza-gaitasuna maila guztietan gutxitua sentitzen zuen eta Lekarozko egoitzako mina sortu zitzaion, familiarteko eta mugako bi aldeetako lagunen kontaktua areagotzeko. Horregatik eskatu zuen Musikologia Institutuan egonaldia bukatzea eta 1953ko ekainaren 13an Donostiarantz trena hartu zuen. Okendoko 22. zenbakian kaputxinoek zeukaten egoitzan gelditu zen.

Beharrezko bisitak egin ondoren, uztailaren 1ean behin betiko Lekarozen gelditu zen. 1953ko abenduaren 16an Felipe Gorriti Eskolaniak, Javier Bello Portuk zuzendua zegoena, donostiar kaputxinoaren Missa pro defunctis estreinatu zuen Tolosan.

Aita Donostiak gaitz ezberdinak gehitzen ari zitzaizkiola sentitzen zuen, Bartzelonan zegoenetik jasaten zituenak. Gregorio Marañonekin adiskidetasun handia zeukan eta honegatik 1954ko martxoa eta azaroan eta 1955eko otsaila eta ekainean Madrilera joan-etorri azkar eta motzak egin zituen bera ikusteko.

Bere bizitzako azken urteetan gaude. Buru-osasunean neke, zorabio, eta abar antzematen zitzaion pixkanaka. Baina oraindik partitura garrantzitsuak idatzi zituen, Eguberritako edo Aste Santuko Errespontsuak bezala. Infantiles I pianorako lanaren orkestrazioa hasi zuen, baina bukatu gabe gelditu zen.

Garai honetan berarekin egon zirenak, bere pixkanakako gainbeheraren testigu izan ziren. 1956ko ekainaren 8an Meza Santua azken aldiz eman zuen. Ez da ohetik altxatzen, ikusmenak huts egiten dio, mintzamena baldartzen zaio, eskuin esku eta oinak ez diote erantzuten. Abuztuko lehen egunean egoera larritu zen. Ez du ikusten, ez du hitz egiten; konorterik gabe dago.

Azkenik, abuztuaren 30ean, gaueko hamaikak eta laurdenetan hil zen. Irailaren 1ean goizeko hamarretan Komunitateak ehortz-elizkizuna eta hildakoen Meza gregorianoa abestu zion, organorik gabe, berak eskatu bezala. Elizkizuna bukatutakoan bertan zeuden guztiak Lekarozeko hilerrira joan ziren eta bertan hartu zuten atseden bere gorpuzkiak, Aita Fortunato de San Sebastián anaiaren alboan.

Irailaren 5ean handitasun handiz eta jarraitzaileez bildurik berriz ere hileta-elizkizuna ospatu eta bertan Elizondoko Koralak Aita Donostiak idatzitako Missa pro defunctis abestu zuen.

  • JOSÉ ANTONIO DE DONOSTIA, Vida, Obra y Semblanza Espiritual del Padre. P. Jorge de Riezu. Verdad y Caridad Argitalpena. Iruñea.
  • BOLETÍN OFICIAL DE LA PROVINCIA CAPUCHINA DE NAVARRA-CANTABRIA-ARAGÓN, XI. libk, 65. zenb., 1956ko urria, Iruñea.
  • CARTAS AL P. DONOSTIA. P- Jorge de Riezu. Dr. Camino Taldea, Donostia, 1978.
  • OBRAS COMPLETAS DEL P. DONOSTIA (I Tomoaren hitzaurrea) La Gran Enciclopedia Vasca Argitaletxea, Bilbao.
  • OBRAS MUSICALES DEL P. DONOSTIA (Argitaratzailearen Azalpenak, Eranskinak Aita Jorge de Riezu). Aita Donostia Artxiboa. Iruñea.
  • EUSKO IKASKUNTZA, Cuadernos de Música, 9. zenb., Donostia, 1986.
  • TESORO SACRO MUSICAL, Aita Klarentiarren aldizkaria, 6. zenb., 1957, Buen Suceso, 22, Madril.
  • CUATRO MÚSICOS VASCOS. Ángel Sagardía. Ediciones de Conferencias y ensayos. Madril, 1965.
  • 100 VASCOS DE PROYECCIÓN UNIVERSAL, Celia López Sáinz, La Gran Enciclopedia Vasca Argitaletxea, Bilbao, 1977.
  • MUNIBE, Natur Zientzietako gehigarria, Euskalerriko Adiskideen Elkartea, 3. zenb., 1957, Donostia.
  • HOMENAJE DE AMÉRICA AL P. DONOSTIA, Denak Bat Euskal Etxea. Buenos Aires, 1961.
  • LECÁROZ, Lekaroz ikastetxeko aldizkaria, 2. garaia, 1. zenb., 27. or.
  • TXISTULARI, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen aldizkaria, 1. zenb., 1933, 8. zenb., 1956, 9. zenb., 1957.
  • BOLETÍN DEL INSTITUTO AMERICANO DE ESTUDIOS VASCOS, P. Teófilo García de Arbeiza, 3. libk., 166. zenb., 1991, Buenos Aires.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Jose Antonio Zulaika, Aita Donostiari buruz.

logo bidegileak