Kontzeptua

Baztango mutil-dantzak

Mutil-dantzen corpusa osatzen duten aleen zenbakia informatzaileen arabera aldatzen da. Izan, baditugu bi bilduma osoak oinarrituak, bata Antonio Elizalderen semearengan. Berak corpus osoa bildu zuen. Bestea Antonio Elizalderen mutil-dantzetan lankide izan zen Jose Telletxeari zor diogu. Honek melodiak eta dantzen deskripzioak Bernardo de Zalduari (bildumaren egilea izan zena) eman zizkion. Biak errepertorioaren zatirik handienean bat datozen arren, diferentziak badaude beraien artean. Eta batzuk, izendapenen haratago esanguratsuak. Adibidez, Bernardo Zalduaren bilduman ez dira ez Billantziko Txiki, ez Zahar Dantza ez eta Hiru puntukoa agertzen. Beraien tokian eta Billantziko nola dantzatzen den azaltzen digunean, esaten digu bere atzetik Tellarinen esaldi musikal batzuk dantzatzen zirela eta:

"Aintzinean ez zen dantzatzen "txalo" dantza hau "BILLANTZIKOren" segidan, baizik eta etenik gabe ondoko 2 "mutil-dantzak" dantzatzen ziren eta deskribatzen diren hurrenkeran". (Jordá, 1973)

Eta bi mutil-dantza horiek Billantziko Txiki eta Zahar Dantza dira.

Bestaldetik, Maurizio Elizalderen bilduman Zazpi jauzi ez dago mutil-dantza gisa, irri dantza modura baizik.

Mutil-dantzen kopuruari dagokionez, Zalduak egindako bilduman hemezortzi dira mutil-dantzak; Maurizio Elizaldek, aldiz, hamabost ematen ditu. Hau ulertzeko kontutan izan beharko dugu nola mantendu duen tradizioa Mauriziok. Gorago aipatutako zerrendako aldaera zaharra, Mauriziok sartzen du izen komuneko mutil-dantzan itzulia gisa. Honela, Xerri-begi eta Xerri-begi zaharra bi mutil-dantza ezberdin ziren baina Mauriziorekin bat egiten dute eta, bata lehendabiziko aldean joko da (igotzen) eta bestea bigarrenean (jaisten), hurrenez hurren. Hortik sortzen den mutil-dantza Xerri-begi eta bere itzulia litzateke.

Garapen koreografikoa oinarri hartuta, bi taldeetan sailka daitezke mutil-dantzak. Badira "puntukako" mutil-dantzak eta puntukakoak ez direnak. Horien funtzionamendua hau da: Mutil-dantza hauek bi esaldi musikalez osaturik daude (A eta B) zeinak etengabe errepikatzen diren (AA;BB); baina melodiaren momentu zehatz batzuetan esaldiak luzatzen dira eta dantzariek oinekin markatu behar dituzte "puntuak". Puntua oin librearekin egiten den ostikadatxo bat da, zeinak nota zuriaren balorea luke partituran. Puntu horiek batetik bostera igotzen dira gero jaisteko berriz ere hasierako neurrira, mutil-dantza bukatzeko.

Mutil-dantza hauen artean daude Biligarroarena, Biligarroarena zaharra, Xerri-begi, Xerri-begi zaharra, Xoxuarena eta Xoriarena. Gainontzekoek ez daukate eskema motor hau.

Azkeneko aipamena izenei. Goragoko zerrenda ikusita, nabarmentzekoa da hor agertzen diren animalien izenak eta, batez ere, hegaztienak: Xoriarena, Xoxuarena, Biligarroarena etab.

Batzuk ikusi dute izen hauetan balizko dantza imitatzaile batzuen aztarnak. Aldiz, onartuago dago orain txistulariaren faltan kantatzen zireneko kanten letretan izan dezaketela oinarria. Adibide gisa Mandozaharrarena kantatzeko Larraldek (1991) ematen digun letra:

Erosi nuen mando zahar zahar bat.

Kargatu nuen egurrez eta makurrez...

Larralde, 1991; 21