Aktoreak

Badiola Zubillaga, Klara (2010ko bertsioa)

1954ko maiatzaren 3an Donostian jaiotako aktoresa gipuzkoarra.

Filologia Erromanikoan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean. Arte dramatikoaren bidea urratu zuenean, irakasle lana (lizentziatura eskuratu ostean Hizkuntza eta Literaturako eskolak ematen zituen) interpretazioarekin tartekatzen zuen, azken hori Xaribari antzerki taldearekin jorratzen zuen euskaraz. Errepresentazio horiei esker haurrentzako saio bat egin zuen Herri Irratian. Saio horretan lanean ari zela Imanol Uriberen La fuga de Segovia (1981) filmerako castingera aurkeztu zen eta paper bat lortu zuen. Filma hori izan zen laurogeiko hamarkadako euskal zinemaren abiapuntua. Filmak izandako arrakastak bultzatuta irakasle lanak utzi eta interpretazioari eman zitzaion buru-belarri. Orduan, Eusko Jaurlaritzaren Arte Dramatikorako eskolan (Antzerti) sartzea lortu zuen. Antzertin ikasketak burutzen ari zela La conquista de Albania filmeko protagonistetako bat izateko papera eskuratu zuen, hots, Anjouko dukesa Juanaren rol korapilatsu eta ilunean barneratu zen. Geroago etorri ziren Fuego eterno (1984) eta Virtudes Bastian (1985) film laburra. Haien ostean, Ehun metro (1985) filmean parte hartu zuen Madelene pertsonaia enigmatikoaren azalean. Azken hori euskaraz filmatutako film ertaina izan zen, Alfonso Ungriaren zuzendaritzapean.

Donostiako aktoreak bere begirada eder eta eztiarekin kamera liluratzeko gaitasun handia zuen eta obra hartan aski frogatuta geratu zen hori. Badiolak interpretaziorako talentu apartekoa dauka eta lilura berezia sorrarazten du. Horri esker, garai hartan sortu berria zen euskal zinemagintzako promesa sendoenetakoa zen Klara, beste aktore batzuekin batera, esate baterako, Imanol Arias, Xabier Elorriaga, Amaia Lasa edo Patxi Bisquert. 1987an Gaurko maitasuna filmean bere lehen protagonista-papera eskuratu zuen. Arantza izeneko pertsonaia irudikatu zuen sentiberatasun handiz. Arantza ETAko militantea da, gizarteratzearen bidea hautatzen duena bizi berri bati ekiteko. Filmak porrot egin zuen eta bere paperak ez zuen oihartzun handiegirik ukan, horrenbestez, bere ibilbidean jauzi nabarmena emateko abagunea galdu zuen Klarak. Laurogeiko hamarkadaren bigarren erdialdean gutxi samar zabaldu diren euskal filmetan lan egin zuen, esate baterako, Karlistadaren kronika 1872-1876 (1987), Eskorpion (1988), El mar es azul (1989) edo El invierno en Lisboa (1990). Laurogeita hamarreko hamarkadan euskal zinemagile gazteak indarrez ari ziren sartzen, esate baterako, Enrique Urbizu edo Julio Medem. Haiek Klara Badiolaren talentuari ez zioten muzin egin beren opera primak garatzeko. 1990ean Enrique Urbizuk Ines seroraren papera eskaini zion Todo por la pasta film bikainean eta 1991n bere ibilbide profesionaleko interpretazio onenetakoa egin zuen Julio Medemen eskutik, Vacas (1991) filmean Madalen ilun eta harroa irudikatuz.

Modu horretan, Klara Badiolaren ibilbideak beste bultzada bat ukan zuen eta interpretazio adierazgarriak egin zituen, batez ere, bigarren mailakoak. Laurogeita hamarreko hamarkadarekin jarraituz aipagarriak dira Offeko maitasuna (1991) filmean irudikatu zuen Begoña, Urte ilunak (1992) filmean irudikatu zuen Gloria pertsonaia krudel eta gupidagabea (Klara Badiolak aktoresa modura izandako beste une gogoangarri bat), Todo está oscuro (1996) filmeko Leonor pertsonaia (film horretan Silvia Muntekin interpretazio-lehia paregabea izan zuen), edo Ione, sube al cielo (1999) filmeko Maria Jesus seroraren papera. Dagoeneko Euskadiko aktoresa dohaintsuenetako zen eta Klara Badiolaren filmografia puztu eta puztu egin da ordutik, hala zineman nola telebistan. Tartean ETBko telesaio ezagunetan parte hartu zuen, esate baterako, La traka (1987), Flamingo berria (1993) edo Jaun ta jabe (1996). Gerora, euskal telesaiotako paper horiek Espainiako telesaioetako paperekin tartekatu zituen, hala, Querido maestro, El comisario edo Hospital central saioetan parte hartu zuen. Edozein modutan ere, zineman publikoari zirrara eragiten jarraitu zuen paper bikainak eginez film luze ugaritan, esate baterako, Entre ciclones (2003), El final de la noche (2003), La buena voz (2006), Cosmos (2007), Un poco de chocolate (2008) edo La buena nueva (2008). 2009an Euskadiko Filmategiak editatu eta Carlos Roldan Larretak osatutako Secundarios vascos de primera 3 liburuan aztertutako aktoreetako bat izan zen Badiola. Modu horretan, instituzioak omenaldia egin zion aldi berean emozioa eta lilura sorrarazteko gai den aktoresari. Gainera, laurogeiko hamarkadan, euskal zinemaren oldarraldian, Euskal Herrian sortutako aktore eta aktoresen harrobiaren barnean donostiarrak izandako garrantzia erabakigarria azpimarratzen da.

  • La fuga de Segovia-Segoviako ihesa (1981), Imanol Uribe
  • La conquista de Albania-Albaniaren konkista (1983), Alfonso Ungría
  • Fuego eterno (1984), José Ángel Rebolledo
  • Virtudes Bastian (1985), Francisco Avizanda (FILM LABURRA)
  • Ehun metro (1985), Alfonso Ungría (FILM ERTAINA)
  • El amor de ahora-Gaurko maitasuna (1986), Ernesto del Río
  • Crónica de la guerra carlista-Karlistadaren kronika 1872-1876 (1987), José María Tuduri
  • Eskorpion (1988), Ernesto Tellería
  • El mar es azul-Itsasoa urdina da (1989), Juan Ortuoste
  • El invierno en Lisboa (1990), José Antonio Zorrilla
  • Todo por la pasta (1990), Enrique Urbizu
  • Vacas-Behiak (1991), Julio Medem
  • Offeko maitasuna-Amor en off (1991), Koldo Izagirre
  • Urte ilunak-Los años oscuros (1992), Arantxa Lazcano
  • La leyenda de un hombre malo (1994), Myriam Ballesteros (FILM ERTAINA)
  • Decirte que te quiero (1994), Juan Martínez (FILM LABURRA)
  • Agurra (1995), Iñaki Elizalde (FILM LABURRA)
  • Todo está oscuro (1996), Ana Díez
  • Lorca (1998), Iñaki Elizalde (FILM ERTAINA)
  • Pase negro (1998), Patxi Barco (FILM LABURRA)
  • Ione, sube al cielo-Ione, igo zerura (1999), Joseba Salegi
  • Viaje de ida y vuelta (1999), Nuria Ruiz Cabestany
  • Jaizkibel (2000), Ibon Cormenzana
  • Fin de trayecto (2000), Pedro Zancajo
  • -Entre ciclones (2003), Enrique Colina
  • El final de la noche (2003), Patxi Barco
  • La buena voz (2006), Antoni Cuadri
  • Cosmos (2007), Diego Fandos
  • Un poco de chocolate (2008), Aitzol Aramaio
  • La buena nueva (2008), Helena Taberna
  • La espinita (2008), Tania Arriaga (FILM LABURRA)
  • Estrellas que alcanzar-Izarren argia (2010), Mikel Rueda
  • Txirula miresgarria (ETB eta Quebeceko telebistaren arteko koprodukzioa, 1983) Bruno Carrierek zuzendutako filma,
  • Bai, horixe HABErentzat egindako saioa, Juan Miguel Gutierrezek zuzendua (ETB, 1985-1986),
  • La traka (ETB, 1987) Patxi Barcok zuzendua,
  • Dentro y fuera (ETB, 1990) Patxi Barcok zuzendua,
  • Flamingo berria (ETB, 1993) Ramón Bareak zuzendua,
  • Jaun ta jabe (ETB, 1996) Carlos Zabala eta Eneko Olasagastik zuzendua,
  • Querido maestro (Tele 5, 1997),
  • Entre dos fuegos (ETB, 1998) Josetxo San Mateok zuzendua,
  • El comisario (Tele 5, 1999),
  • Platos sucios (ETB, 2000) Kepa Sojok zuzendua,
  • Metrópoli (ETB, 2001) Kepa Gallegok zuzendua,
  • Mi hijo Arturo (2001) Pedro Costak zuzendutako tv movie,
  • Policías (Antena 3, 2001),
  • Hospital central (Tele 5, 2002 eta 2007),
  • Balbemendi (ETB, 2006)
  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia, Euskadiko Filmategia - Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 or.
  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las personas), Donostia, Euskadiko Filmategia - Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1999, 579 or.
  • López Echevarrieta, Alberto: Vascos en el cine, Bilbo, Mensajero, 1988, 403 or.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia, Euskadiko Filmategia, 1999, 295 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: La producción cinematográfica en el País Vasco: desde Ama Lur (1968) hasta nuestros días, Madril, Ediciones de la Universidad Autónoma de Madrid, 1996 (mikrofitxa edizioa).
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza, Ikusgaiak, 3. zenbakia, 1999, 407 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 3, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2009, 276 or.
  • Unsain, José Maria: El cine y los vascos, Donostia, Eusko Ikaskuntza / Euskadiko Filmategia, 1985, 355 or.
  • Zunzunegui, Santos: El cine en el País Vasco, Bilbo, Bizkaiko Foru Aldundia, 1985, 603 or.