Zuzendariak

Uribe Bilbao, Imanol

San Salvador (El Salvadorko Errepublika) 1950eko otsailak 28. Zuzendari eta ekoizle salvadortar-bizkaitarra. Gernikarra zen sendi baten baitan jaioa.

Bere sendiak Erdialdeko Amerikako Errepublika horretara joan eta zapatagintza lantegia ezarri zuen. Imanol Euskal Herrira bidali zuten Bilboko eta Tuterako Jesulagunekin ikasketak egin zitzan. Gaztetatik zinema gustuko zuen baina hasieran sendiaren aurkaritza zuenez medikuntza (bertan behera utzia) eta kazetaritza ikasketak egiteari ekin zion.

1972an Kazetaritza Eskola Ofizialean lizentziatu zen. Baina bere zineagatiko zaletasuna desagertu ez zenez; Zinema Eskola Ofizialean sartzea lortu zuen, Javier Aguirresarobe, Pilar Miró eta Fernando Colomo bezalako gerora bere ibilbide artistikoan garrantzi handia izango zuten zinegileak ezagutuz.

Eskola uztean, 1975ean Zeppo Films izeneko ekoizpen-etxea sortu eta Off (1975) eta Ez (1976) film laburrak egin zituen. Azken hori izan zen, Bilboko Zine Labur eta Zine Dokumentalaren Zinemaldian zilarrezko Mikeldi Sariaren irabazlea (1977) eta Huesca Hiriko (1978) Film Laburren Nazioarteko Lehiaketako Hispaniar Kulturaren saria ere irabazi zuen Lemoizko zentral nuklearraren aurkako alegatua, Euskal Herriaren egoera sozio-politikoaz Uribe liluratu izatearen abiapuntua ezarri zuena. Horregatik, 1979an ETAko zenbait militanteren aurka 1970. urtean izandako epaiketa famatuari buruzko El proceso de Burgos film luzea egin zuen. Oso pelikula zorrotza da, idealismoz betea eta frankismoaren aurkako borrokan euskaldunen arteko elkartasuna adierazten duen egitate historiko horren zalantzagabeko agiri bezala gelditu da. Militar eta politikari ultraeskuindar atzerakoien ( Milán del Boschek, Marcelino Orejak, Jaime Mayor Orejak) presioagatik, filma ia Donostiako Zinemaldian eman gabe gelditu zen.

Oztopo horiek gainditu ostean ezagutzera eman ahal izan zen, Donostiako Zinemaldian Gaztelerazko Filmik Hoberenaren, Kantauriko Perla Saria (1979), Benalmadenako Autore Zinemaren Nazioarteko XI. Asteko lehenengo Saria, (1979) eta Kordobako Zinemaldiko ikusleen Saria lortuz. Arrakasta horrek bultzatuta, Ángel Amigo ekoizlearekin batera, 1981ean, laurogeiko hamarkadako euskal zinearen abiapuntu izan zen "La fuga de Segovia-Segoviako ihesa" bere fikziozko lehenengo film luzea grabatzera animatu zen. 1976an Segoviako kartzelatik ihesitako ETAko kideen bizipenari jarraituz Uribek politika eta abentura armoniaz uztartu zituen filma egin zuen. Uriberen proposamenak berriz eskuindar espainolisten gaitzespena pairatu (filma banatzeko arazo larriak izan zituen Espainian) eta ezker abertzalearen kritikak ere, ETA politiko militarraren eta Euskadiko Ezkerraren apologia zekusatelako, jaso zituen.

Segoviako ihesak Donostiako Zinemaldian FIPRESCI-ren saria eta Orleanseko Zinemaldian 1. Saria lortu zituen. 1983an, horrenbesteko zorrozkeriak dezepzionatuta, botikari batek bere homosexualitatea askatasunez bizitzea erabakitzen duen kontakizunetik abiatuz intolerantziaz jositako gizartearekiko kritika garratza azalduz laurogeiko hamarkadako euskal zinearen maisu lan gorenekotzat jo daitekeen "Mikelen heriotza" egin zuen. Mikelen heriotza laurogeiko hamarkadako euskal zinearen historian diru-sarrerarik handiena lortu zuen filma izatera iritsi zen eta Napolesen Espainiar Zinemaren Astea Saria, Zinema Espainiarraren gidoi onenaren Bronces Saria (1984) eta Diario 16k emandako Icaro Saria (1984) bezalakoak jaso zituen. Geroago, José Ángel Rebolledo-ren Fuego eterno (1984) filma ekoiztuz ez zuen proposamen berri honek espero zezakeen adinako arrakastarik izan. 1986an Adiós pequeña filmatu zuen.

Euskal Herriko egoeraz gogaituta, istorioa testuingururik gabe lagaz urruntzeko ahalegin guztia egin zuen, erabaki oker hori bere filma bizitasun eta nortasunik gabe utzi zuena izanik. Madrilera joan eta bertan telebistarako hainbat film grabatu zituen, 1991an Felipe IV.aren Espainiako kronika ironikoa azalduz zetorren eta hasiera-hasieratik kritika zein publikoaren harrera beroa jaso zuen "El rey pasmado" filmarekin pantaila handira itzuli arte. Biarritzeko Zinema Iberiarraren Zinemaldian zilarrezko Makila lortu zuen, epaimahaiaren Sari Berezia, Ikusleen Saria eta Gizonezkoen Antzezpen Saria Juan Diegorentzat. Egindako hurrengo film luzea, "Días contados" (1994) Madrilgo auzo ilunetan girotutako ETAkide eta neska drogazale batek bizi duten maitasun istorio erromantiko eta muturrekoak, Uribe euskal- eta espainiar-zuzendari garrantzitsuenetariko bat bezala behin betiko goretsi zuen. 1994ko garaile nagusia izan zen, Donostiako Zinemaldiko urrezko maskorra, hiru Onda Sari (1994), zortzi Goya (horien artean pelikularik eta zuzendaririk onenarenak) edo Saint Jordi saria irabazi zituen.

1994ko urte handi hori amaitzeko, Gasteizeko Euskal Zinemaren 10. Astean bere irudia "Entre el documental y la ficción. El cine de Imanol Uribe." liburua argitaratuz omendu zuten. 1996an espainiar gizartearen arrazakeria salatzen zuen "Bwana" filmarekin berriz ere Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra lortu zuen. Ekoizle desberdinetatik hainbat urtetan zehar Montxo Armendarizen zuzendari ibilbidea gogoan hartuz, era harrigarrian, aintzat hartua izan ez zen bere "Secretos del corazón "-en alde (1997) ekoizle bezala apustua egitean arrakasta handia lortu zuen. Uribek sustatutako Armendarizen proposamenak, Berlingo Zinemaldian (1997) Europar filmik Hoberenari Angel Azul Saria ( 1997), pelikula Hoberenaren Onda saria eta Zinema Akademiako lau Goya irabazi zituen. Ingelesa ez zen hizkuntzetarako Atzerriko filmik Hoberenari Oscar sarirako proposamena ere lortu zuen saria eskuratzerik izan ez zuen arren.

1999an Uribek Extraños estreinatu zuen eta 2000an Donostia Zinemaldiko atal ofizialean Plenilunio. Antonio Muñoz Molinaren izen bereko eleberrian oinarritua filmak 2000an Zineko Ondas saria eskuratu zuen. 2001ean Punta del Esteko ( Uruguay), Europar Zine Jaialdiak "Ibilbideari Saria" saria eman zion. 2002an frankismoaren garaipenak betirako itotako giro baten inguruan haurtzarotik nerabezarorako igarobidean zentratutako drama hunkigarri eta ongi egindako "El viaje de Carol" aurkeztu zuen. Hain zuzen ere, Víctor Ericek ("El espíritu de la colmena", "El sur"), Montxo Armendárizek (Secretos del corazón) eta Arantza Lazcanok (Urte ilunak) bezalako euskal zinemagileen lilura sortarazi duen gaia izan da. Pelikulak Berlingo Zinemaldian haur zinearen atalean epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen eta Nantesko Zine Espainiarraren Zinemaldian Publikoaren Saria. 2004an Manipulación film laburra aurkeztu zuen ¡Hay motivo! protesta-filmean eta 2007an, Arturo Pérez Reverteren "La carta esférica" eleberriaren zinemarako moldaketa egin zuen. Itsas giroko pelikula honetan pirata modernoak eta altxor bilatzaile ankerrak topatzen ditugu. 2007an Espainiako zinemagintzak izan zuen arrakastarik handienetakoa izan zen.

Donostiako 57. Zinemaldian (2009) Imanol Uribek Zinemira Saria jaso zuen, hots, euskal zinemagintzan aparteko ibilbidea izan duen pertsonari Euskal Zinemaren Jaialdian eskaintzen den saria.