Aktoreak

Badiola Zubillaga, Klara (1977ko bertsioa)

1954ko maiatzaren 3an Donostian jaiotako aktoresa gipuzkoarra.

Filologia Erromanikoan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean. Arte dramatikoaren bidea urratu zuenean, irakasle lana (lizentziatura eskuratu ostean Hizkuntza eta Literaturako eskolak ematen zituen) interpretazioarekin tartekatzen zuen, azken hori Xaribari antzerki taldearekin jorratzen zuen euskaraz. Errepresentazio horiei esker haurrentzako saio bat egin zuen Herri Irratian. Saio horretan lanean ari zela Imanol Uriberen La fuga de Segovia (1981) filmerako castingera aurkeztu zen eta paper bat lortu zuen. Filma hori izan zen laurogeiko hamarkadako euskal zinemaren abiapuntua. Filmak izandako arrakastak bultzatuta irakasle lanak utzi eta interpretazioari eman zitzaion buru-belarri. Orduan, Eusko Jaurlaritzaren Arte Dramatikorako eskolan (Antzerti) sartzea lortu zuen. Antzertin ikasketak burutzen ari zela La conquista de Albania filmeko protagonistetako bat izateko papera eskuratu zuen, hots, Anjouko dukesa Juanaren rol korapilatsu eta ilunean barneratu zen. Geroago etorri ziren Fuego eterno (1984) eta Virtudes Bastian (1985) film laburra. Haien ostean, Ehun metro (1985) filmean parte hartu zuen Madelene pertsonaia enigmatikoaren azalean. Azken hori euskaraz filmatutako film ertaina izan zen, Alfonso Ungriaren zuzendaritzapean.

Donostiako aktoreak bere begirada eder eta eztiarekin kamera liluratzeko gaitasun handia zuen eta obra hartan aski frogatuta geratu zen hori. Badiolak interpretaziorako talentu apartekoa dauka eta lilura berezia sorrarazten du. Horri esker, garai hartan sortu berria zen euskal zinemagintzako promesa sendoenetakoa zen Klara, beste aktore batzuekin batera, esate baterako, Imanol Arias, Xabier Elorriaga, Amaia Lasa edo Patxi Bisquert. 1987an Gaurko maitasuna filmean bere lehen protagonista-papera eskuratu zuen. Arantza izeneko pertsonaia irudikatu zuen sentiberatasun handiz. Arantza ETAko militantea da, gizarteratzearen bidea hautatzen duena bizi berri bati ekiteko. Filmak porrot egin zuen eta bere paperak ez zuen oihartzun handiegirik ukan, horrenbestez, bere ibilbidean jauzi nabarmena emateko abagunea galdu zuen Klarak. Laurogeiko hamarkadaren bigarren erdialdean gutxi samar zabaldu diren euskal filmetan lan egin zuen, esate baterako, Karlistadaren kronika 1872-1876 (1987), Eskorpion (1988), El mar es azul (1989) edo El invierno en Lisboa (1990). Laurogeita hamarreko hamarkadan euskal zinemagile gazteak indarrez ari ziren sartzen, esate baterako, Enrique Urbizu edo Julio Medem. Haiek Klara Badiolaren talentuari ez zioten muzin egin beren opera primak garatzeko. 1990ean Enrique Urbizuk Ines seroraren papera eskaini zion Todo por la pasta film bikainean eta 1991n bere ibilbide profesionaleko interpretazio onenetakoa egin zuen Julio Medemen eskutik, Vacas (1991) filmean Madalen ilun eta harroa irudikatuz.

Modu horretan, Klara Badiolaren ibilbideak beste bultzada bat ukan zuen eta interpretazio adierazgarriak egin zituen, batez ere, bigarren mailakoak. Laurogeita hamarreko hamarkadarekin jarraituz aipagarriak dira Offeko maitasuna (1991) filmean irudikatu zuen Begoña, Urte ilunak (1992) filmean irudikatu zuen Gloria pertsonaia krudel eta gupidagabea (Klara Badiolak aktoresa modura izandako beste une gogoangarri bat), Todo está oscuro (1996) filmeko Leonor pertsonaia (film horretan Silvia Muntekin interpretazio-lehia paregabea izan zuen), edo Ione, sube al cielo (1999) filmeko Maria Jesus seroraren papera. Dagoeneko Euskadiko aktoresa dohaintsuenetako zen eta Klara Badiolaren filmografia puztu eta puztu egin da ordutik, hala zineman nola telebistan. Tartean ETBko telesaio ezagunetan parte hartu zuen, esate baterako, La traka (1987), Flamingo berria (1993) edo Jaun ta jabe (1996). Gerora, euskal telesaiotako paper horiek Espainiako telesaioetako paperekin tartekatu zituen, hala, Querido maestro, El comisario edo Hospital central saioetan parte hartu zuen. Edozein modutan ere, zineman publikoari zirrara eragiten jarraitu zuen paper bikainak eginez film luze ugaritan, esate baterako, Entre ciclones (2003), El final de la noche (2003), La buena voz (2006), Cosmos (2007), Un poco de chocolate (2008) edo La buena nueva (2008). 2009an Euskadiko Filmategiak editatu eta Carlos Roldan Larretak osatutako Secundarios vascos de primera 3 liburuan aztertutako aktoreetako bat izan zen Badiola. Modu horretan, instituzioak omenaldia egin zion aldi berean emozioa eta lilura sorrarazteko gai den aktoresari. Gainera, laurogeiko hamarkadan, euskal zinemaren oldarraldian, Euskal Herrian sortutako aktore eta aktoresen harrobiaren barnean donostiarrak izandako garrantzia erabakigarria azpimarratzen da.

  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (Las personas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia-Filmoteca Vasca, 1999.