Zinekoak

Itsasoa urdina da

Lan Zinema produkzio-etxeak produzitu zuen filma, 1989an. Javier Rebollo arduratu zen produkzioaz, eta Juan Ortuoste, zuzentzeaz.

Lan Zinemako zinemagileak erreta egongo ziren, segur aski, Golfo de Vizcaya filmaz (1985) euskal errealitate minbera jorratu ondoren. Oraingoan, beraz, euskal problematik urruntzea hautatu zuten, eta abentura bitxi batean sartzea, non drama psikologikoa, maitasun istorio bat eta espioitza nahasten baitira. Istorioa hauxe da: Fernando (Feodor Atkinek antzeztua), Pragan bizi den biolinista bat, bere sorterri Bilbora itzultzen da, Jarka emazte txekiarra (Libuse Safránková) lagun duela. Fernandok urte batzuk egin ditu kanpoan, eta Euskal Herriko errealitateak gainditu egiten du -euskal egoera politikoak sortzen duen minaren metafora-. Gaia ohikoa da laurogeigarren hamarkadako euskal zineman. Bilbora heldutakoan, Jarkak erreakzio bitxiak ikusten ditu senarrarengan; batez ere, hura Miguelekin (Juan Diego), iraganeko adiskide batekin, egon denetik. Une horretatik aurrera, Jarka Fernandoren iragana ikertzen hasten da, hainbeste misterioren erantzuna aurkitu nahian. Film honetan, nahasmena da nagusi. Bitxia da: Rebollok eta Ortuostek, Euskal Herritik urrundu, eta Pragan filmatu zuten, euskal gatazkaren giro zapalgarritik ihes egiteko. Baina labirinto batean sartzea baizik ez zuten lortu, lehen baino galduago bukatzea. Antzekoa gertatu zitzaion Imanol Uriberi ere, Adiós, pequeña (1986) egin zuenean: hain errotik saiatu zen euskal gaitik urruntzen, hain ahalegin handia egin zuen filma euskal testuingurutik ateratzeko, proiektu osoa hondatu baitzuen. El mar es azul Donostiako Zinemaldian estreinatu zen. Kritikariek gupidarik gabe egurtu zuten. Gero, merkatuan, ikusleek ere ez zuten onartu Lan Zinemaren apustu arriskutsu eta bitxia.

  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 or.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zk., 1999, 407 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 3, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 276 or.