Pintoreak

Moraza Ruiz, Angel

Gasteizko pintore hau 1917ko ekainaren 19an jaio eta 1978ko urtarrilaren 12an hil zen.

1945. urtean hasi zen pinturako zaletu gisa lehen agerpen publikoak egiten: ekainean, Gasteizko Artista Vitoriano Kasinoko Pintoreen taldearen Lanen I. Erakusketan hartu zuen parte eta, urrian, Udal Aurrezki Kutxak antolatutako Arabako Artista Zaletuen Pinturako II. Erakusketan (gaur egun, Arabako Artearen Lehiaketak deitzen zaie). Arte arloko beste erakusketaren batean haren inguruko erreferentziak handik urte batzuetara azaldu ziren berriro.

Pintura arloko Arabako VIII. Erakusketan (1951) sari apala jaso zuen (hirugarren saria artista berrien atalean) eta berriro jendaurrean agertu zen 1952ko abuztuan egin zuten Gasteizko Txokoen Pintura Erakusketan. Beste pintore batzuekin, Gerardo Armestorekin eta Enrique Suarez Albarekin, adiskidetasuna sendotu eta haiekin batera Parisera joan zen 1953ko uztailean. Bidaia hura izan zen artistarentzat sekula izan zuen esperientzia pertsonalik atsegin eta ahaztezinetako bat. Pixkanaka, pintzelekin konfiantza hartzen eta hasierako lotsa gainditzen hasi zen.

Tarde de domingo lanean Gasteizko hiri-ingurua (Aliko bidea) biltzen zuen paisaia islatu zuen eta, hari esker, 1954ko Arte Ederren Erakusketa Nazionalean onartu zuten. Gauza bera gertatu zitzaion Habanako (1953-1954) eta Bartzelonako (1955) Biurteko Hispanoamerikarretan. Lehen aipatu ditugun Armestorekin eta Suarez Albarekin, eta sariketa haietan ere ohikoak ziren tokiko beste artista gazte batzuekin (Enrique Pichot eta Jose Miguel Jimeno Mateo) zuen adiskidetasunari esker, 1956ko urritik aurrera, bost artistek Arabako pintoreen Pajarita taldea, batez ere paisaia-pintoreen taldea, eratu zuten.

1955ko ekainean egin zuen Angel Morazak banakako lehen erakusketa; San Prudentzio kalean Florentino eta Cayetano Ezquerra anaiek zuzentzen zuten Arte Aretoan izan zen. Gune hartan bertan, hilabete lehenago, Armestok bere estreinaldi indibiduala egin zuen eta, urtebete lehenago, Jimeno Mateok. Abenduan egin zuen bere bigarren erakusketa berezia Bilboko Arte Aretoan.

Ordurako, Gasteizko pintorea Coruñan herritartuta zegoen; izan ere, Chocolates Ezquerra enpresako ordezkari gisa joan zen hiri hartara. Gutxi gorabehera, bost urte eman zituen Galiziako hiriburuan, baina distantzia ez zen oztopo bihurtu Arabako erakusketetara eta probintziatik kanpo egiten zituzten erakusketetara margolanak bidaltzen jarraitzeko. 1960. urteko lehiaketa batean, El Ferrol hiriko Zilarrezko Domina eskuratu zuen Galiziako lur haietan.

1961. urtean itzuli zen jaioterrira eta lan-arrazoiak zirela eta ez zen berriro handik urrundu. Urte bereko apirilaren 2tik 16ra bitartean, Olagibeleko Kultura Aretoetan erakusketa eskaini zuen berriro bere herrikideen aurrean. Guztira, 45 koadro jarri zituen ikusgai: margolan gehienetan, Galiziako eta Arabako paisaiak ikus zitezkeen; horiez gain, figuren hainbat konposizio, batez ere emakumezkoenak, eta eszena animalistikoak, zaldiak azaltzen zirenak, hiru olio-pintura eta El asno azul lana bildu zituen erakusketan. Urte haren amaieran, Arabako Artearen XVIII. Lehiaketan bigarren saria eskuratu zuen beste batzuekin (Florentino Fernandez de Retana, Carmelo Ortiz de Elgea eta Jose Maria Apodaca artistekin) partekatuta. Saria eskuratu zuen koadroak Betanzosen bista biltzen zuen.

1963ko Zaragozako Pintura eta Eskultura Biurtekoan beste sari apal bat eskuratu zuen, baina hura ere pintorearentzat oso pozgarria izan zen; bere ohiko paisaia-lanetako batekin accesita edo ohorezko diploma jaso zuen.

Zazpi urte jarduerarik gabe eman ostean, 1964ko martxoan Pajarita taldea berriro sortu zen Logroñon. Lehen garaiko erakusketen artean, azpimarratu beharrekoak dira taldearen lehen bi erakusketa hauek: 1956ko urrian Madrilen egindakoa (Morazak, Camon Aznar kritikoaren interesa jaso zuen); eta 1957ko martxoan Iruñean egindakoa. Bigarren eta azken etapa horretan, taldeak bideratutako erakusketa guztietan hartu zuen parte: Logroñon ez ezik, kideekin batera erakusketak egin zituen Gasteizen (hiru aldiz), Lizarran eta Bilbon ere. Pajarita taldea 1967ko apirilaren amaieran sakabanatu zen behin betikoz.

Erakusketa kolektibo horiez gain, Angel Morazak banakako erakusketak ere eskaini zituen Olagibeleko aretoetan: 1964ko uztailean eta 1966ko apirilean. Bere pinturaren bikaintasunak Gasteizko publikoaren gustuetara zabaltzeko ahalegin gogorra egiten hasi zen orduan. Tokiko beste pintore batzuekin batera (haien lanek ez zuten herritarren estimaziorik eskuratu) "Arabako Pintura Erakusketan" parte hartu zuen. 1965eko irailean egin zuten erakusketa hura eta ekimen hartan honako hauek ere izan ziren: Jon Abad Biota, Joaquin Fraile, Rafael Lafuente, Juan Mieg eta Javier Vizcarra. Egile haietako bakoitzak berezko estiloa zuen, baina guztiek komunean zuten lotura hau: askoz ere ausartagoa eta naturalagoa zen pintura eskaintzeko gogoa, Gasteizko gizartean nagusi ziren estimu estetiko moldaerrazago eta atseginagoak gaindituta.

Pintore intuitiboa eta oso autodidakta zen; Arabako esparruan bere paisaia-konposizioek biltzen zuten apaltasun eta freskotasunari esker nabarmendu zen. Izan ere, horixe izan zen hitz gutxitan esanda: konposizio arloko soiltasun handiarekin, eta kolore alai eta zirraragarriekin panoramikak islatu zituen paisaien pintorea. Hori guztia dela eta, Gasteizko zaletuak miresle sutsuen eta aurkako haserretuen artean banatu zituen pintura mota haren ezaugarri nagusiak hauek izan zirela esan dezakegu: soildutako lerroak eta kolore adierazkorrak (bioleta, horia, urdina, gorri bizia, arrosa, berdea...). Haren koadroek inor ez zuten hotz uzten eta, gehienetan, formatu txikikoak eta ertainekoak izaten ziren.

Angel Morazaren garaikideek onartzen zutenez, "adierazteko bere modua da harrigarria". Pintore haren hiztegi plastikoaren ezaugarriak hauek ziren: fauve pintura, osagai ingenuista edo naïf sendoarekin, oso biziak eta soilak ziren inpresio zuzenak eta sortzeko arau gisa subjektitibismoa.

Egiteko eta jarduteko modu haren ondorioz, pintorea borondatezkoa eta garratza zen ostrazismora kondenatuta zegoen. 1967. eta 1974. urteen artean, ia ez dago artistari buruzko albisterik eta erakusketa publiko gutxi egin zuen aldi hartan. Izan ere, konpromiso artistikoetatik kanpo bizi izan zen garai hartan. Lozorroko aldi hura, ordea, 1974ko abenduan, hilaren 14tik 30era bitartean, apurtu eta Gasteizko San Antonio kaleko Eder Arte gunean erakusketa eskaini zuen. Ilusio berriak berreskuratu eta itxaropenak berritu zituen. Horren ondorioz, esperientzia hura errepikatu zuen 1975eko maiatzaren 17tik 31ra bitartean Burgoseko Udal Aurrezki Kutxaren aretoan.

Artista hil eta handik bi hilabetera, martxoaren 11tik 20ra bitartean, Luis de Ajuria aretoan pintorea omentzea xede zuen oroimenezko erakusketa egin zuten.

  • ARCEDIANO, Santiago. "Precisiones sobre un pintor: Ángel Moraza Ruiz (1917-1978)". Celedón, 72 zbk., Gasteiz, 1990, 77-81 or.
  • ARCEDIANO, Santiago. "La Figuración Vasca de Postguerra (1940-1965)". Pintores Vascos en las Colecciones de las Cajas de Ahorros (Bilbao Bizkaia Kutxa,Gipuzkoa Donostia Kutxa, Vital Kutxa), 5 libk., Donostia, 1996.
  • ARCEDIANO, Santiago. Grupo Pajarita de Pintores Alaveses: entre la tradición y la renovación. Gasteiz: Arabako Arte Ederren Museoa; Arabako Foru Aldundia, 2004.
  • FRAILE, María Asunción. "Ángel Moraza: el pintor que no fue profeta en su tierra". Norte Exprés. 1971ko ekainak 15.
  • FRAILE, María Asunción. "Ángel Moraza en Eder-Arte". Norte Exprés. 1974ko abenduak 17.
  • GARCÍA DÍEZ, José Antonio. La pintura en Álava. Gasteiz: Vital Kutxa, 1990.
  • PICHOT, Enrique. "Moraza. Exposición de pintura". La Gaceta del Norte, 1966ko apirilak 8.
  • SERRANO, Javier. "El tiempo recobrado. La exposición de Ángel Moraza Ruiz". La Voz de España, 1974ko abenduak 19.
  • SERRANO, Javier. "Un renovado homenaje. Ángel Moraza Ruiz (1917-1918)". Egin, 1978ko urtarrila.
  • VIZCARRA, Javier. "Ángel Moraza". La Voz de España, 1964ko uztailak 17.