Kontzeptua

Meatzaritza. Harri-zulatzaileak

Información complementaria


Antzina-antzinatik ezagutzen dira Bizkaiko burdin hobiak edo meategiak. Horiek Somorrostro inguruan daude eta 30 km luze eta 8 km zabaleko eremua hartzen dute.

Meategiak izatez herri-jabetzakoak izan ohi ziren, eta horiek ustiatzeko eskubidea zuten Bizkaiko jaurerrian bizi ziren guztiek, gainera inolako izapide edo zergarik ordaindu gabe. Nork bere hobia gurutze batekin markatzea nahikoa zen handik burdina ateratzen hasteko. Mea lurrean zulatutako hobietatik ateratzen zen. Zuloak argitzeko, gantzaz egindako kandelak erabiltzen zituzten. Orduko garaietan, sua egiten zuten beta zegoen lekuan mea bigundu eta errazago ateratzeko. Horretarako, pikatxoiak, ziriak, borrak, mailuak eta palankak erabiltzen zituzten. Gero, XVII. mendean, bolboraren erabilera hedatu zen eta horrek aurrerakuntza handia ekarri zuen meatzaritzara. Bolborarekin birrindutako mea idiez tiratutako narretan ateratzen zuten, eta idiak geroxeago zaldiekin ordezkatu zituzten. Ia meategi guztiak udan bakarrik ustiatzen ziren, eta urtearen gainontzeko aldietan meatzariek baserrian lan egiten zuten. Meatzarien bizimodu horrek horrela iraun zuen aldaketarik gabe urteetan, ia XIX. mendearen erdialdera arte.

Aldi horretan, meatzaritza errotik aldatu zuten aurrerakuntzak etorri ziren. Lehenbizi aipatu beharrekoa 1825ean onartu zen Meategien Lege Nagusia da, horrek besteak beste, langileek autonomo izaera galdu eta soldatapekoak izatea ekarri baitzuen. Era berean, burdinaren eskaria areagotu egin zen (siderurgiaren modernizazioaren ondorioz) eta erabilera zabaldu. Hala, ohiko meazuloetan aurkitzen ziren burdin gezaren adarrak edo galeriak, burdinoletarako mea ematen zutenak, utzi eta labe garaietarako behar zen "kanpanil" edo errubioa ateratzen hasi ziren.

Gainera, garai hartako (1849 eta 1863 bitartea) legeriak baimena ematen zuen erauzketa leku berrietara zabaltzeko. Lege horrek, aldi berean, lurrazpiko jabetza eskubideak eratu zituenez, ordutik aurrera lur azpia pribatua izatera aldatu zen. 1896ko Sozietate Anonimoen Legeak kanpoko enpresak etortzeko aukera eman zuenez, laster agertu ziren Henry Bessemer-ek 1856an asmatutako prozedura berrirako behar zen fosforo gutxiko mearen bila (Europa osoan holako mea gutxi zegoen) zetozen enpresak. Azken gerra zibilaren amaierarekin (1876) etorri zen foruen ezeztapenarekin, aldaketa historikoen multzoa osatu zen.

Bizkaiko meategi zonako meatzetan 20.000tik gora langilek lan egin zuten XIX. mendearen amaiera aldera. Horiek era askotako lanbideetan aritzen ziren, eta lanbide horietan gogorrenetakoa zen harri-zulatzailearena. Harri-zulatzaileak mea harkaitzetik bereizteko langile espezialistak ziren, eta beren lanaren mende zegoen gainontzeko langileen zeregina.

Julio Lazurteguik (La industria minera de la provincia de Vizcaya) dioenez, 1910ean meategien 4/5 aire zabalekoa zen, edota erretenetan erauztekoa. Holako meategietan lan egiten zuten 10 langiletik 9k; gainontzekoek lurrazpiko meatzetan jarduten zuten.

Burdina aire zabaleko meatzetatik ateratzen hasteak, XIX. mendean, aldaketa garrantzitsua ekarri zuen meatzaritzara. Meategia prestatzeko, langileek lehenbizi azaleko lurra eta buztina kentzen zituzten. Ondoren, beta gaineko harrian zulo luzeak egiten zituzten, eta lehergailuak jarriz mea ateratzen hasten ziren.

Lehergailuak sartzeko zulo luze horiek, hain zuzen ere, harri-zulatzaileek egiten zituzten. Horiek XIX. mendearen hondarretaraino aritu ziren zulo horiek eskuz egiten; horretarako, haga luze bat edo laztabina erabiltzen zuten. Langileak, arroka gainean edo aurrean jarri zutik eta bi eskuez laztabina eskuan hartu eta harria beti gune berean kolpatzen zuen, eta aldi berean kolpetik kolpera laztabina biratu egiten zuen. Lana errazteko eta zuloan metatzen zen hautsa kentzeko ura botatzen zuten zulora; kolpe bakoitzaz saltatzen zuten harri koskorrek minik ez egiteko laztabinari trapua edo larruzko uztai bat jartzen zioten. Horrela, beraz, kolpe bat bestearen atzetik, 3 edo 4 metroko zuloak egiten zituzten, eta batzuetan 5 metrokoak ere bai; horretarako erabiltzen zuten erremintak, ordea, 6,5 metro luzerakoa behar zuen. Metroko zuloa egiteko 1etik 4 ordura behar izaten zuten, mearen gogortasuna nolakoa.

Zuloa egin ondoren, lehergailu kartutxo erdi bat sartu eta leherrarazi egiten zuten; ondoren, kartutxo osoa sartzen zuten, eta berriro leherrarazi, harik eta zuloaren barru aldea zabaldu arte; behin zabaldu edo hutsune bat egin ondoren, lehergailuz betetzen zuten goraino.

Zuloak egin eta horietan hutsuneak eratu eta behar zen lehergailu kopurua sartu ondoren, metxak piztu eta leherraraztea baino ez zegoen, baina metxak piztu aurretik turuta jo behar izaten zen hiru aldiz, turuta jotze batetik bestera bi minutu gordez.

Leherketek edo zartatzeek 15-20 tona mea bitarte erauzten zuten, baina batzuetan zati pusken artean izaten ziren garraiatzeko arroka handiegiak, eskuz ezin ziren maneiatu, eta horiek txikitu egin behar izaten ziren. Leherketatik ateratzen ziren arroka zati handi horiek ere harri-zulatzaileen lana izaten ziren. Horiek arrokari 70 zentimetro inguruko zuloa egiten zioten, laztabin txiki batekin, espezialistek "pistolo" deitzen ziotenarekin. Zuloa egin ondoren, kartutxo txiki bat sartu, "takoa", eta lehertu egiten zuten.

Harri zati txikiagoak baina garraiatzeko ere handiegiak zirenei zuloa egin beharrik ez zen izaten; gainean kartutxo txiki bat jartzen zioten, buztinarekin estali eta hala lehertzen zuten. Horrela jarritako kartutxoari "katalana jartzea" esaten zioten. Gero mailu edo mazoekin kolpatuz xehatzen zuten harria.

Hala birrindu eta xehatutako mea zamatzaile edo peoien lana izaten zen. Horiek eskuz aukeratzen zituzten harri zatiak lurretik karrakagailuekin eta gaztaina egurrez egindako saskietan sartzen zituzten. Saski horiek 25 kilogramo inguru hartzen zuten, eta sorbalda gainetan harturik 1,5etik 2 tona inguruko bagonetetara eramaten zituzten eta horietan hustu. Bagoneta horiek errail gainean mugitzen ziren.

Meatzari hauek hiru gizon edo gehiagoko taldeetan lan egiten zuten, eta talde bakoitzari erauzketa lekuko aurrealde edo fronteko zati bat, "tope"a, esleitzen zioten bertan lan egiteko.

Zamatzaileek mea bildu eta zamatzen zuten bitartean, harri-zulatzaileek pikatxoiez txikitzen zituzten laneko frontean erauzi gabe baina arrakalatuta edo zartatuta gelditu ziren harriak, eta zulo berriak egiten jarraitzen zuten.

Burdin mea meazuloetatik ateratzeko, lehenbizi tunel batzuk egiten zituen gorako bidean, harrian asko sakonduko gabeko zuloak egin eta lehergailu txikiak jarriz. Hala jarduten zuten beta on bat aurkitu arte. Hortik aurrera, meazuloa egiten jarraitzen zuten baina beheraka eta zuloa ahal zen guztia zabalduz. Barruan ganga egiten zuten eta kendu gabe uzten zuten harriarekin ostiko edo zutabe batzuk eratzen zituzten, sekzio karratukoak eta alde bakoitza lau edo bost metrokoa; hutsunearen gangari eusteko eratzen zituzten koloma horietako bakoitzak zazpi edo zortzi metroko tartea gordetzen zuen bata bestetik.

Beste batzuetan, meak zein norabide hartzen zuen, beste galeria batzuk irekitzen zituzten nagusitik goraka eta bi aldetara, iragazitako urak bideratzeko. Zulo edo galeria guztietan errailak jartzen ziren bagonetentzat. Mea ateratzeko, lehenbizi harri-zulatzaileek zuloak egiten zituzten laztabinekin; lehergailua jarri eta lehertu ondoren, harria zartatuta gelditzen zen. Zati handiak txikitu eta bagonetak betetzea baino ez zegoen.

Zulo nagusiaren alboetan egiten ziren galerietan hiru zamatzaileko talde batek lan egiten zuen karrakagailu eta saskiekin, erauzitako mea aukeratu eta bagonetak betetzen. Horietako batzuk bete ondoren, langile bat arduratzen zen elkarri lotutako bagoneta guztiak maldan behera bultzatu eta kanpora ateratzeaz. Han, zaldi edo asto batek tiraturik, bagoneta guztiak biltegira eramaten ziren. Eta hortik airetiko tranbian edo burdinbidean, garbitu eta kaltzinatzeko instalazioetara eramaten zen erauzitako mea.

1903. urtetik aurrera, meategi batzuetan lurrunezko mailu zulatzaileak erabiltzen hasi ziren, eta 1918. urtearen inguruan mailu elektrikoak agertu ziren; alabaina, berrogeiko hamarkadan oraindik eskuz zulatzen jarraitzen zuten leku batzuetan, laztabina borra batekin kolpatuz. Nolanahi ere, 14 kilogramo inguruko mailu pneumatikoa erabat eta berehala zabaldu zen.

G.G. Azaolak (1827) meatzarien lan baldintza gogorrei buruzko argibide batzuk eskaintzen ditu:

"Erremintak eta janariak soinean hartuz, egunero orduak eta orduak egiten dituzte meazuloetara iristeko, denak meatzetik urruti bizi baitira. Bi edo hiru orduko edota gehiagoko bideak egin behar izaten dituzte, bidean lanordu asko galduz; sarritan, eguraldiaren apeta nolakoa, busti-busti eginda iristen ziren, edota leher eginda; egunero-egunero mendira igo beharraz sekulako nekeak hartzen zituzten meategira iristeko erremintak, ogia, ura eta otorduak egiteko behar zutena gainean hartuz".

Eta gehitzen du Azaolak:

"indusketa neketsu eta neurrigabeen eraginez hiltzen dira meatzariak, edota behar bezala elikatu gabe gehiegi lan egiteaz, edota lar hezetasunaz eta berehalako tenperatu aldaketen eraginaz, (...) goiz edo beranduago, beraiek gaizki egindako zuloetan hiltzen dira, gainera erortzen zaizkien harriek zapalduta, edota holako lekuetan sarri gertatzen diren biriketako gaixotasunak jota hiltzen dira".

Soldata bost errealekoa zen; F. Elhuyarrek 44 urte lehenago, 1783an, aipatzen duen soldata bera.

Gizartea Eraberritzeko Batzordeak (1885) egindako txostenean honakoa adierazten da: "Bizkaiko mea-langileak, Espainiako gainontzekoak bezala, gutxi, gaizki eta garesti jaten du, meatzarien laneko baldintzak kontuan izanik"; eta beste hau gehitzen:

"burdinbidetan ari diren bagoneta askok ez dute balazta mekanikorik; mailako pasabideetan ez dago inolako langazainik; bideak zeharkatzen dituzten airetiko tranbiek ez dute inolako babesik, erortzen den meatik jendea babesteko; gauez ari diren trenek ez dute araututako farolik ez argirik eramaten; eta leherketak ez dira behar bezala ohartarazten."

Harri-zulatzaileek, bai aire zabalean bai meazuloetan lan egiten zutenek, jornalaritza finkora lan egiten zuten. Langile-buruak ematen zizkieten aginduak betetzen zituzten eta horiek esaten zieten zein harri zulatu.

Julio Lazurteguiren aipatu lanean adierazten denez, 1910ean aire zabalera lan egiten zuten harri-zulatzaileak esku-lan guztiaren %6 ziren, eta 3,61 pezeta jasotzen zuten, hau da, guardek jasotzen zuten kopuru bera eta langile-buruek baino gutxiago, horiek 4,70 pezeta jasotzen baitzuten. Peoiak langileria guztiaren hiru laurdenak ziren (9.087 peoi eta 11.799 meatzari), eta 3,25 pezeta irabazten zuten. Errementariek ordea 4,5 pezeta irabazten zuten, igeltseroek baino bat gutxiago. Meazuloaren barruan lan egiten zuten harri-zulatzaileek aire zabalean lan egiten zutenek baino %10 inguru gehiago irabazten zuten. Garai horretan, urtean eguneroko lanaldia 10 ordu eta erdikoa izaten zen batez beste, igandetan izan ezik.

Geroago, ordea, 1939ko irailetik aurrera, harri-zulatzaileen eguneroko gutxiengo soldata 10,50 pezetakoa zen. Kategoria horretan sartzen ziren, halaber, mailukariak, zurkaiztaileak, leherketariak eta garbitzaileak. Garai horretan, peoiek, 18 urtetik gorako langileek, 9,75 pezeta jasotzen zuten eta 0,25 pezeta gehiago "ohiz meazuloaren barruan lan egiten bazuten".

XX. mendeko 40ko hamarraldian aire zabalean ari ziren langileei enpresak lanjantzia eta gomazko botak ematen zizkieten.

Sarritan, zamatzaileek honenbestean lan egiten zuten, eta zenbateko finko bat zuten taldeko eta bagoneta zamatu bakoitzeko. Prezio hori %25eraino gehitu zezaketen langile-buruaren arabera lana ohiz baino zailago edo neketsuago bazen. Taldeak egunero egin beharreko lana 14 edo 16 tonako bagoneta sorta zamatzea izaten zen, eta hori mearen arabera eta lanaren zailtasunaren arabera neurtzen zuen langile-buruak, prezioa jartzeari dagokionez. Horrela finkatutako betebeharra amaituz lanaldia bukatutzat jotzen zen, baina batzuetan lanean jarraitzen zuten, gutxiengo zama hori gainditzen zuen karga bakoitzeko honenbesteko bat jasoz. Edozein modutara, zamatzaileek irabazten zutena harri-zulatzaileek jasotzen zutena baino gutxiago izaten zen. XX. mendeko hogeita hamarreko hamarraldiaren azken hondarretan zamatzaile batek 7,5 pezeta irabazten zuen egunero.

Meazuloetan edo lurrazpiko galerietan, 1940aren inguruan, bi txandetan lan egiten zuten; talde bat aritzen zen goizeko seietatik arratsaldeko ordu bietara, eta bestea, ordu bietatik gaueko hamarretara. Meatzariek geldialdi bat egiten zuten txanda barruan, ogitartekoa eta txokolate ontza batzuk jateko, eta ura baino besterik ez zuten edaten.

Berrogeiko hamarkada arte meatzariek azetilenozko kriseiluz argitzen zuten meazuloa, eta bakoitzak berea eraman behar izaten zuen; argiontzi edo kriseilu bakoitzak 25 pezeta balio zuen garai hartan, hau da, hiru eguneko soldataren baliokidea. Enpresak kilo bat karburo (karbono eta beste gorputz bakun baten arteko konbinazioa) ematen zien astean.

Meatzari batzuk bertakoak ziren, baina baziren beste batzuk, asko gainera, Galizia eta Gaztelatik etorritakoak, edota Asturiastik.

Historian zehar meatzarien lana beti izan da gogorra, sarri lan baldintza arriskutsuetan lan egin behar izaten dutelako. Horrek eragin ezkorra izan du espezialista hauengan. Gainera, meatzarien irabaziak ez du inolako orekarik gorde egiten duten lanarekin.

Denborak aurrera egin ahala, laneko baldintzek ere hobera egin dute, batez ere meategiko erauzketa mekanizatzearen ondorioz, baina meatzari tradizionalaren irudiak, bere eskubideak indarrez defendatzen zuenarenak, bereak egin ditu.