Kontzeptua

Meatzaritza. Zizelkariak

Información complementaria


Harrobietan arroketatik askatzen diren harriak, zizelkatu ondoren, bakoitzaren ezaugarrien arabera era askotako xedeetarako erabiltzen dira (erresistentzia, edertasuna eta abar). Batez ere eraikuntzan eta etxebizitzak apaintzeko erabiltzen dira, baita industrian ere.

Iraganean, hargin-zizelkarien erreferentzia ugari daude, hau da, harri horiek zizelkatzen aritzen ziren langileenak. Usadioz, profesional horiek ingurumen-baldintza txar eta gogorretan egin behar izan dute lan. Alde batetik, eskariaren eboluzioak, eta bestetik, ekoizpen-teknologien hobekuntzak, sektore horretan ere eragina izan du.

Durangoko Santa Apolonia harrobia (Durangoko izen bereko auzoan kokatua), Etxebarria anaiena zen, eta bertan, hamarkadetan zehar hareharriak erauzi eta zizelkatzen aritu dira, batez ere burdinurturako kubiloteen barne estaldurak egiteko. Azken urte hauetan, bestelako estaldurak ere egiten hasi dira, besteak beste horma, habe eta zutabetarako estaldurak edo zoru nahiz hormetarako lauza-estaldurak. Ekoizpen-prozedurak asko hobetu dira, iraganeko lan-sistema asko mantentzen diren arren.

Burdinurtua eskuratzeko, usadioz kubiloteak eta labe zilindriko bertikalak erabili izan dira. Goiko ahotik burdina puskak eta kokea (erregai gisa erabiltzen zen) txandakatuta sartzen ziren. Horrela, burdinurtua kubilotearen fondoan geratzen zen.

Kubilotearen barnealdea 15 eta 30 mm arteko harri erregogor puskez estaltzen zen, horrela metalezko armazoia materialen fusioak sorrarazten zituen tenperatura altuetatik babesteko. Deba eta Durango aldean harri erregogor eskari handia izaten zen. Izan ere, eskualde horietan galdategi ugari zegoen, eta beroaren eraginez asko hondatzen ziren kubilote nahiz labeak. Durangoko Santa Apolonia harrobiak harri erregogor eskariaren gehiengoa hornitzen zuen. Aipatu beharra dago, harri erregogorreiDurangoko harria ere esaten zitzaiela.

Harri puskak dinamitaz erauzten ziren. Lehenbizi altzairuzko barra edo laztabin batekin, eskuz edo borraz bultzatuta zuloak egiten ziren arrokan. Jarraian, dinamita kartutxoak sartzen ziren zulo haietan. Leherketaren ondorioz harri puska asko askatzen ziren, baina horietako batzuk bakarrik erabili zitezkeen harri erregogorreko blokeak egiteko. Dinamita lehertzen ez zenean, berriz hasi behar izaten zen, eta hori nahiko arriskutsua izaten zen.

Harginek eskuz aukeratzen zituzten harri erabilgarriak, batez ere harri bigunak eta tamaina egokikoak. Jarraian puskatu egiten zituzten, aurpegi paralelodun bloke forma emanez. Erabili ezin ziren harriak alde batera uzten zituzten, eta gero hondakindegi batera eramaten ziren, eskorgetan.

Harriari bloke forma behar bezala emateko, lehenbizi harriaren zainaren norabidea asmatu behar zuten eta gero zirrikitua behar bezala egin behar zuten. Jakintza hori eskarmentuari esker bakarrik lortzen zen, hau da, harria ordu luzez behatu eta landu ondoren.

Aukeratutako harriak zizelkatzeko punta oso zorrotzeko pikotx bat hartzen zuten. Hori ondo helduta 5 edo 6 zentimetroko sakonera eta 1 edo 2 cm zabalerako zirrikitu bat egiten zuten, betiere harriaren luzeran. Jarraian, altzairuzko ziri batzuk sartzen zituzten, elkarren artean 20 zentimetroko tartea utzita. Ondoren, 5,5 kiloko mazo edo borra batekin kolpatzen zituzten ziri haiek. Zirrikitua ondo eginda bazegoen, eta ziriak behar bezala jarrita bazeuden, hiru edo lau kolpe eman ondoren, harria pitzatu eta bi puskatan banatzen zen.

Jarraian, horrela eskuratutako blokeak lau zutabek eusten zituzten bost teilapetara eramaten zituzten. Teilape bakoitzean hargin batek egiten zuen lan, harri puskak eskuairatzen, eta ondoren harri blokeei behin betiko forma eta tamaina ematen. Lan-mahai gisa lurrez betetako egurrezko upel bat erabiltzen zuten. Harria horren gainean jarri eta eskuzko pikotxarekin gainazalak berdintzen zituzten, irregulartasunak eta material soberakina ezabatuz. Horrela, harriei nahi zieten forma ematen zieten. Inolako eredu edo txantiloirik gabe egiten zuten lan, eta urteetako eskarmentuari esker 15 x 15 zentimetroko ebakidura eta barruko nahiz kanpoko aurpegi okerrek 20 cm izaten zituzten. Forma horri esker, harri haiek oso ondo ahokatzen ziren kubilote zilindrikoen barne-hormetan.

1975 aldera, harria erauzteko eta lantzeko prozesua nabarmen aldatu zen. Harria erauzteko, dinamitaren ordez mailu pneumatikodun atzera-pala erabiltzen hasi ziren. Sistema berri horri esker harri homogeneoagoak lortzen ziren, ondorioz materiala hobeto aprobetxatzen zen eta hondakin gutxiago sortzen zen. Aldi berean, pikotxen ordez disko-makinak erabiltzen hasi ziren zirrikituak egiteko, baita harriak zatitu eta horiei behin betiko forma emateko ere. Gaur egun oraindik sistema hori erabiltzen da. Hala ere, harria bitan zatitzeko prozesua eskuz egiten da oraindik ere: harrobian bertan egiten da, zirrikitua borra eta ziriekin irekiz. Teilapeak ere erabiltzen dira oraindik, horrela harginak lan egiterakoan sortzen duen hautsak beste harginei ahalik eta gutxien eragozteko.

Horri guztiari esker, hargin bakoitza, eguneko 35 bloke egitetik eguneko 80 egitera iritsi zen.

1980ko hamarkada erdialdera, industriaren krisiak galdategien industrian eragin handia izan zuenez, eta berrikuntza teknologikoei esker galda berotzeko sistemak aldatu zirenez, kubiloteak gero eta gutxiago erabiltzen hasi ziren, eta ondorioz, harri erregogor eskaria nabarmen gutxitu zen. Testuinguru hori kontuan hartuta, harri erregogor eskaria nabarmen gutxitu zenez, harginek beren jarduerari beste norabide bat eman behar izan zioten. Batez ere estaldurak egiten hasi ziren, eta hein gutxiago batean, berriz, kanpo-estaldurak (besteak beste hormatarako, arkuetarako eta leihoetarako xaflak, izkinetarako xaflak, harlauzak eta plakak). Izan ere, Santa Apoloniako harrobian erauzten zen hareharria egokia zen horrelako produktuak egiteko, nahiko biguna eta lantzen erraza baitzen, eta gero, denbora pasa heinean, airearekin kontaktuan, gogortzen joaten baitzen.

Harginek harri erregogorreko blokeak egiterakoan eskuratu zuten eskarmentua oso baliagarria izan zen pieza berri horiek guztiak egiterako orduan.

Gaur egun oraindik lan guztia aire zabalean egiten da. Lana eurite handietako egunetan bakarrik eteten da, eta harginek orokorrean nahiago dute negua uda baino, tenperatura hotzekin ekoizpena handiagoa baita. Lan-ordutegia eguargiaren araberakoa izaten da, eta horren aukera guztiak aprobetxatzen dira.

1950eko hamarkadan, hargin-zizelkariak 15 urterekin hasten ziren lanbidea ikasten. Lanbidea eskarmentu bidez eta bakoitzaren baldintza fisikoen arabera ikasten zuten. Hargin-zizelkatzaileentzat, ezaugarri garrantzitsuenak trebetasuna eta indarra ziren. Urteetan zehar eskuratutako eskarmentua ere oso garrantzitsua zen. Gainera, esan beharra dago, hargin batzuk, nahiz eta urteetan zehar jardunean aritu, ez zirela profesional aditu bihurtzen.

1960ko hamarkada aldera galiziar harginak iristen hasi ziren, oso profesional onak eta langileak.

Gehienetan, hargin-zizelkariek somara egiten zuten lan (pieza bakoitzeko diru kopuru zehatz bat irabazten zuten). Gutxi gorabehera duela bi hamarkada arte, harginek industrian prestakuntza bereko profesionalek baino soldata askoz hobea irabazten zuten. Gaur egun, berriz, ez da horrela, eta ondorioz langile berri gutxi daude sektorean.