Museoak

Karlismoaren Museoa

Karlismoaren Museoa Nafarroako Gobernuaren ekipamendu bat da, Lizarran 2010eko martxoaren 23an inauguratua eta helburu hauek dituena: karlismoaren ondarea berreskuratzea eta Espainiaren historian hain garrantzi handia izan duen mugimendu politiko berezi horren ikerketa eta zabalkundea egitea, irizpide zientifikoetan oinarriturik.

Museo - Carlismo
Gai honetan adituak direnei ez ezik, gainerako jende guztiari ere zuzenduta dago. Horretarako badu dokumentazio eta liburutegi zentro bat.

Bestalde, badago museoari atxikitako batzorde zientifiko bat, hainbat historialari ospetsuk osatua, 2006. urtean eratu zena. Batzordekideek bi eginkizun nagusi izan dituzte: museorako gidoi historikoa egitea eta Karlismoa Ikertzeko Jardunaldiak antolatzea.

Gobernadorearen Jauregia deitutako XVII. mendeko eraikinean jarri da museoa. Jauregi hau Rua kalean (kalea Donejakue bidearen zati da) eraiki zen 1608tik 1613ra bitartean, eta eskualde honetan arruntak ez diren ezaugarri arkitektonikoak ditu. Juan Etxabarri Larrainek eraikinarazi zuen; jaun horren familiak botere handia izan zuen Lizarran XVI. mendetik XVII.era doazen urteetan.

Museo - Carlismo
Eraikinean aipatzekoak dira proportzio bikainak eta arkitekturaren konposizio orekatua, bai fatxadan, bai barrenean. Bi pisuko patio dotore baten inguruan antolatua dago; patioaren alde bakoitzak hiru arku ditu, eta horien euskarri zutabe klasikoak.

2000. urtean hiriko Udalak erosi zuen eraikina, aurri egoeran zegoena, eta Nafarroako Gobernuari laga zion, bertan Karlismoaren Museoa jar zezan. Zaharberritzeari eta egokitzapenari esker, arkitektura-balioa eta jatorrizko itxura berreskuratu ditu.

Museo - Carlismo

Bertan hauxe eskaintzen da:

  1. lehenbiziko solairuan, erakusketa iraunkorra, karlismoaren historiari buruzkoa, hori baita museoaren muina.
  2. beheko solairuan, aldi baterako (baina iraupen luzeko) erakusketen programa; modu berezian erakusten dira karlismoaren aspektu jakin batzuk edo karlismoarekin zerikusia edo lotura duten gaiak, erakusketa iraunkorrean garatu ezin izan direnak.
  3. eta, sotoan, eraikinaren historiari eta zaharberritze-lanei buruzko erakusketa grafiko bat.


Museoaren hasierako bilduma Karlista Alderdiak ekarri zuen, 2000. urtean, Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen bat sinatu baitzuen, bere ondare historikoa osatzen duten ondasunen parte handi bat gordailu gisara eta denbora mugarik gabe uzteko: banderak, uniformeak, sari-oroigarriak, margolanak, argazkiak eta beste hamaika gauza gehiago. Une hartan, ondasun horietako zenbait Eusko Jaurlaritzaren esku zeuden, 1997. urtetik gordailu gisara utziak (zehazki, Bilbon, Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoan).

Museo - Carlismo

Utzitako gauza horien artean, badira karlismoaren historian berebiziko garrantzia izan duten ale batzuk. Esate baterako, Karlos V.aren armadaren erret estandartea, Generalísima izeneko Bandera Nagusia, erregearen lehen emazte Maria Frantziska Braganzakoak 1833ko kanpainaren hasieran brodatua, edo jeneral gorenaren karguari dagokion Attila erako jaka edo dolmana, Karlos VII.ak Lakarko batailan erabili zuena (1875), edo Aita Santuaren estatuetako zuaboen uniformea, Karlos VII.aren anaia Alfontso Karlosena, 1936. urtean erregegaia izan zenarena.

Gerora bilduma beste bide batzuetatik berretu da. Alde batetik, museoari atxiki zaizkio Foru Administrazioak bereak zituen zenbait ondasun, han-hemenka barreiatuak zituenak: argazki multzo bat, grabatuak, orri solteak, paskinak eta kanpainako meza, baita hirurogeita hamar prentsa-ale ere.

Museo - Carlismo

Horietaz gainera, Foru Administrazioak museoa inauguratu aurretik eskuratu zituenak ere hor daude. Besteak beste, badira txanponak, zigiluak, fototipia albumak eta, batez ere, karlisten batailen eta protagonista batzuen koadroak, honako pintore hauenak: Francisco de Paula Van Halen y Maffei, José Cusachs y Cusachs, Enrique Estevan y Vicente, José Benlliure, Cecilio Pla eta Elías Salaberria.

Bestalde, bilduma iraunkorraren jardunarekin, komenigarritzat jo da gordailu jakin batzuk maileguan eskatzea beste erakunde eta jabe partikular batzuei, hala nola Pradoko Museo Nazionalari, Lizarrako (Nafarroa) Gustavo de Maeztu Museoari edo Tabarko (Nafarroa) Museoaren titularra den Jauregizar Fundazioari.

Erakusketa iraunkorrak karlismoaren historiaren zortzi sail biltzen ditu, jaio zenetik 1939a arte. Horietatik zazpi kronologikoak dira.

  • Karlismoa, mugimendu historikoa

Europan eta Ipar Amerikan aldaketa politiko eta sozial handiak (iraultzak) gertatu ziren XVIII. mendearen bigarren erdialdean. Baina, gizarte guztia ez zegoen aldaketa horien alde. Beraz, aipatu mendearen bukaeran eta XIX.ean mugimendu kontrairaultzaile indartsua sortu zen, eta hartan sartu zen karlismoa. Bi-biek dituzte antzeko ezaugarriak: legitimismoa, erlijioaren babesa eta arrazionalismo iraultzaileari dioten arbuioa. Baina karlismoak berezitasun bat dauka: luzaro irauteko ahalmena. Egokitzeko zuen gaitasunak jarraitzeko aukera eman zion, gainerako mugimendu kontrairaultzaileak XIX. mendearen bigarren erdialdean deuseztatu baziren ere.

  • Erregimen Zaharraren krisia eta karlismoaren sorrera

1808an gudaroste frantsesen kontrako altxamendua gertatu zen, Fernando VII.a tronutik kenduaren alde eta erlijioaren alde, nonbait arriskuan. Atzerritarraren kontrako erantzuna ere izan zen, eta horrek izaera nazionala eman zion Independentziaren Gerrari. Gerra bukatuta, beraz, absolutismoa atera zen garaile. Ordea, Fernando VII.ak 1820ko iraultzari eta ondoko altxamendu armatu liberalari egin behar izan zien aurre, baita azken urteetako altxamendu absolutista ultrei ere. Borroka giro horretan -etengabea Independentziaren Gerraz geroztik-, gatazka juridikoa ere izan zen: nork zuen tronurako eskubidea? Fernando VII.aren anaiak, Carlos Mª Isidro de Borbón infanteak, edo erregearen alabak, hau da, Isabel printzesak.

  • Lehenbiziko gerra karlista, gerren arteko garaia eta bigarren gerra karlista

Garai honetan guztian gertatutakoak xehetasunez azalduak daude mapen eta programa interaktiboen bitartez. Garai horretakoak dira museoan erakusten diren gauzetako asko, banderak (besteak beste, Bandera Nagusia) eta uniformeak, esaterako. Haien ondoan, gerraren artea izenburuaz, bi gerretako eszenak dituzten margolanak daude ikusgai, Van Halenek, Benlliurek, Estevanek, Cusachsek eta Salaberriak eginak.

  • Karlismoa XIX. eta XX. mendeen artean

1874an, borboiak berriz ere boterera iritsita (Isabel II.aren seme Alfonso XII.a), eta bigarren gerra bukaturik (1876), aldaketa aroa hasi zen karlismoarentzat. 1833an hasitako gerren zikloa itxi zen, eta horrek egokitzera behartu zuen alderdia (Komunioa), adierazpide nagusia gerra ez zen garaia hasi baitzen.

  • Bigarren Errepublika eta Gerra Zibila

Bigarren Errepublikaren aldarrikapenaren ondoren, karlismoa iraultzaren kontrako zenbait indarren erakarmen-gune bihurtu zen berriz. 1936an, karlistak altxamendu militarrari lotu zitzaizkion. Erreketeen oinezko erregimentuak buru-belarri aritu ziren Gerra Zibilean. Gerra hori XIX. mendeko gerren bukaera izan zen karlistentzat. Hainbeste gudu galdu ondoren, azkenean irabazleen taldean zeuden. Baina bidean asko galdu zuten.

Museo - Carlismo

Erakusketa honetako museografia-lana Tiquitoc Producciones enpresari esleitu zitzaion, eta enpresak Pedro Rújula izan du aholkulari (Zaragozako Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasle titularra).

Karlismoaren museoan egin den aldi baterako lehenbiziko erakusketaren izenburua "Oraindik aurkitu gabeko historia bat. Karlismoa ikertzeko materialak" da.

Museo - Carlismo
Haren komisarioa Francisco Javier Caspistegui izan da, Nafarroako Unibertsitateko Historia Garaikideko irakaslea. Hautatutako elementu adierazgarri batzuk bildu dira erakusketan, karlismoa ikertzeko Nafarroan dauden materialen oparotasuna agerian uzteko.



Inauguratu zen egunetik beretik, museoak aniztasunari zabaldu dizkio ateak, hainbat jarduera eta baliabide didaktiko erabiliz: doako bisita gidatuak, lantegiak ikasleentzat, hitzaldiak, etab. Horretaz gainera, baina gehienbat adituei begira, 2007tik hona Karlismoa Ikertzeko Jardunaldiak prestatu dira zenbait urtez, irailean.

Karlismoaren Museoak eginak ditu zenbait argitalpen:

  • CASPISTEGUI GORASURRETA, Francisco Javier. Una historia por descubrir: materiales para el estudio del carlismo. Nafarroako Gobernua. Kultura eta Turismo Departamentua-Vianako Printzea Erakundea, 2010.
  • LARRA, Mariano José de; WILDE, Oscar; VALLE-INCLÁN, Ramón del. Tres cuentos carlistas. Nafarroako Gobernua. Kultura eta Turismo Departamentua-Vianako Printzea Erakundea, 2010.
  • ZENBAIT EGILE. Actas de las I jornadas de estudio del carlismo (Estella 2007): El carlismo en su tiempo: geografías de la contrarrevolución. Nafarroako Gobernua. Kultura eta Turismo Departamentua-Vianako Printzea Erakundea, 2008.
  • ZENBAIT EGILE. Actas de las II jornadas de estudio del carlismo (Estella 2008): Violencias fraticidas. Carlistas y liberales en el siglo XIX. Nafarroako Gobernua. Kultura eta Turismo Departamentua-Vianako Printzea Erakundea, 2009.
  • ZENBAIT EGILE. Actas de las III jornadas de estudio del carlismo (Estella 2009): Imágenes. El carlismo en las artes. Nafarroako Gobernua. Kultura eta Turismo Departamentua-Vianako Printzea Erakundea, 2010.
  • ZENBAIT EGILE. Actas de las IV jornadas de estudio del carlismo (Estella 2010): "Por Dios, por la Patria y el Rey". Las ideas del carlismo. Nafarroako Gobernua. Kultura eta Turismo Departamentua-Vianako Printzea Erakundea, 2011.