Museoak

Karlismoaren Museoa

Erakusketa iraunkorrak karlismoaren historiaren zortzi sail biltzen ditu, jaio zenetik 1939a arte. Horietatik zazpi kronologikoak dira.

  • Karlismoa, mugimendu historikoa

Europan eta Ipar Amerikan aldaketa politiko eta sozial handiak (iraultzak) gertatu ziren XVIII. mendearen bigarren erdialdean. Baina, gizarte guztia ez zegoen aldaketa horien alde. Beraz, aipatu mendearen bukaeran eta XIX.ean mugimendu kontrairaultzaile indartsua sortu zen, eta hartan sartu zen karlismoa. Bi-biek dituzte antzeko ezaugarriak: legitimismoa, erlijioaren babesa eta arrazionalismo iraultzaileari dioten arbuioa. Baina karlismoak berezitasun bat dauka: luzaro irauteko ahalmena. Egokitzeko zuen gaitasunak jarraitzeko aukera eman zion, gainerako mugimendu kontrairaultzaileak XIX. mendearen bigarren erdialdean deuseztatu baziren ere.

  • Erregimen Zaharraren krisia eta karlismoaren sorrera

1808an gudaroste frantsesen kontrako altxamendua gertatu zen, Fernando VII.a tronutik kenduaren alde eta erlijioaren alde, nonbait arriskuan. Atzerritarraren kontrako erantzuna ere izan zen, eta horrek izaera nazionala eman zion Independentziaren Gerrari. Gerra bukatuta, beraz, absolutismoa atera zen garaile. Ordea, Fernando VII.ak 1820ko iraultzari eta ondoko altxamendu armatu liberalari egin behar izan zien aurre, baita azken urteetako altxamendu absolutista ultrei ere. Borroka giro horretan -etengabea Independentziaren Gerraz geroztik-, gatazka juridikoa ere izan zen: nork zuen tronurako eskubidea? Fernando VII.aren anaiak, Carlos Mª Isidro de Borbón infanteak, edo erregearen alabak, hau da, Isabel printzesak.

  • Lehenbiziko gerra karlista, gerren arteko garaia eta bigarren gerra karlista

Garai honetan guztian gertatutakoak xehetasunez azalduak daude mapen eta programa interaktiboen bitartez. Garai horretakoak dira museoan erakusten diren gauzetako asko, banderak (besteak beste, Bandera Nagusia) eta uniformeak, esaterako. Haien ondoan, gerraren artea izenburuaz, bi gerretako eszenak dituzten margolanak daude ikusgai, Van Halenek, Benlliurek, Estevanek, Cusachsek eta Salaberriak eginak.

  • Karlismoa XIX. eta XX. mendeen artean

1874an, borboiak berriz ere boterera iritsita (Isabel II.aren seme Alfonso XII.a), eta bigarren gerra bukaturik (1876), aldaketa aroa hasi zen karlismoarentzat. 1833an hasitako gerren zikloa itxi zen, eta horrek egokitzera behartu zuen alderdia (Komunioa), adierazpide nagusia gerra ez zen garaia hasi baitzen.

  • Bigarren Errepublika eta Gerra Zibila

Bigarren Errepublikaren aldarrikapenaren ondoren, karlismoa iraultzaren kontrako zenbait indarren erakarmen-gune bihurtu zen berriz. 1936an, karlistak altxamendu militarrari lotu zitzaizkion. Erreketeen oinezko erregimentuak buru-belarri aritu ziren Gerra Zibilean. Gerra hori XIX. mendeko gerren bukaera izan zen karlistentzat. Hainbeste gudu galdu ondoren, azkenean irabazleen taldean zeuden. Baina bidean asko galdu zuten.

Museo - Carlismo

Erakusketa honetako museografia-lana Tiquitoc Producciones enpresari esleitu zitzaion, eta enpresak Pedro Rújula izan du aholkulari (Zaragozako Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasle titularra).

Karlismoaren museoan egin den aldi baterako lehenbiziko erakusketaren izenburua "Oraindik aurkitu gabeko historia bat. Karlismoa ikertzeko materialak" da.

Museo - Carlismo
Haren komisarioa Francisco Javier Caspistegui izan da, Nafarroako Unibertsitateko Historia Garaikideko irakaslea. Hautatutako elementu adierazgarri batzuk bildu dira erakusketan, karlismoa ikertzeko Nafarroan dauden materialen oparotasuna agerian uzteko.