Kontzeptua

Marexalak

Manitxalak, Manetxalak

Zuberoako Maskaradako pertsonaiak dira, Maskarada Gorriko kideak. Ferratzaileak dira eta bere eginkizuna Zamaltzaina ferratzea da.

Maskaradaren taldean Laboraria eta Laborarisaren atzetik ohi doaz; J.A. Urbeltzek, ordea, Altzai eta Sunharretan erabilitako kokapen ezberdin bat aipatzen du. Honetan, Marexalak, Kerestuen atzetik zihoazelarik, lau lehenengo Aintzindariak eta Entseinariaren artean zeuden kokatuta.

Normalean lau dira, nagusia eta hiru morroi. Nagusiak, ferratzeko tresnak daramazki, orrikak eta mailua, eta batzuetan larruzko amandala darama.

Detaile horietaz aparte, guztien jantzia berdina da: jaka gorria, urrezko galoiekin apainduta; bularralde zuria, hau ere urrezko zinta eta perlekin apainduta; praka beltzak luzeak gehienetan, nahiz eta batzutan praka zuriak eraman dezaketen; zapatilla beltzak; buruan txano gorri luzea, belarri gainera jauzten dela, edo beste batzuetan, txapela gorria kolore bereko borla batekin..

Sallaberryk 1899- urtean egindako pertsonaia hauen deskribapena berdina da eta Herellek 1914. urtean egindakoa ere, baina morroiek zeramaten euli-harrapagailua ez da gaur egun ikusten.

Barrikadetan, bai goizekoetan zein arratsaldean plazan sartzerakoan, bere saioa dute, Laboraria eta Laborarisaren ostean: normalean denak batera egiten dute dantza; Aintzindariak ez direnez, ez dira haiek bezain dantzari onak izan behar, egiten dituzten pausuak zailtasun gutxiagokoak bai dira.

Baina haien eginkizun garrantzitsuena bere ofizioarekin lotutakoa da, hain zuzen, Zamaltzaina ferratzean datza.

Arratsaldeko saioan, Marexalen ofizioa antzezten den lehenetarikoa da.

Marexalak Txerreroaren atzetik plazaratzen dira, eta Zamaltzaina haiekin batera. Dantza bat eman ondoren (Godaletaren doinuarekin) morroiak Zamaltzaina hartzen dute besoetatik ferratzeko asmoz. Lehengo saiakeran lana txarto egiten dute, eta Zamaltzaina herrenka ateratzen da. Berriro ekiten diote lanari, eta bigarren aldi honetan, berriz, ondo ferratzea lortzen dute, eta, Zamaltzaina, morroiek besoetatik helduta, plazatik ateratzen da izugarrizko saltuak egiten.

Herellek 1914. urtean ofizio luzeagoa eta ezberdintasun nabariekin deskribatzen digu: Lehenengo, Marexalak Txerreroaz arduratzen dira, eta, ihesaldi batzuren ostean, ferratzea lortzen dute. Zamaltzainaren harrapaketa zailagoa egiten zaie: oinak hartzeko, Marexalak makurtu behar dira, eta, orduan, ostikoka hasten da; Kantiniersa eta Nagusia, Zamaltzaina engainatzen saiatzen dira, janaria emanez baina Zamaltzainak ez du onartzen. Honela jarraitzen du Buhame Jaunak eta bere gizonak plazan sartu eta Zamaltzaina harrapatu eta gelditu arte. Hortik aurrera, gaur eguneko deskripzioaren arabera jarraitzen du.

Berak esaten duenez, bere garaian, Behe Zuberoan, Marexalen nagusiak Godaleta dantzatzen zuen, Aintzindariekin batera; gaur ere Maskarada bakar batzutan ikus daiteke. Marexalak, Lore Saltzaileak Maskaradetatik desagertu ezkero, jauntxoen etxeetara joan eta opariak jasotzeaz ere arduratzen dira.

  • ALFORD, Violet. "Les Mascarades Souletines en 1914 et aujourd'hui", Dantzariak ; 2. Donostia: Euskal Dantzarien Biltzarra, 1971.
  • ANGUIOZAR, Martin de (BERRAONDO, Ramón de). "Danzarines suletinos". Euskalerriaren Alde ; Donostia: Martín y Mena, 1929, 310. zenb, 361-367 or.
  • ANGUIOZAR, Martin de (BERRAONDO, Ramón de). "Danzarines suletinos". Txistulari; Donostia:Asociación de Txistularis, 1930, 13, zenb.
  • BADE, J. "Le Carnaval chez les Basques de la Soule", L'Observateur des Pyrenées, 1840, 6. zenb.
  • BERZAITZ, Pier Paul. "Maskaradak".El mundo de los Pirineos. Fiestas Tradicionales, Bilbo: SUA Edizioak, 2001, 24. zenb., 22-25. or.
  • CAUBISENS, J. B. "Costumbres populares - El Carnaval Suletino", Dépêche de Toulouse-k itzulita. Euskalerriaren Alde. 1923, XIII. urtea, 57-59. or.
  • CHAHO, Joseph Augustin. Biarritz entre les Pyrenées et l'ocean. Itinéraire pittoresque. Bayonne : A. Andreossy, 1855.
  • CHAHO, Joseph Augustin. "Viaje a Navarra durante la insurrección de los Vascos (1830-1835)", Martin de Anguiozar-ek itzulita. Revista Internacional de los Estudios Vascos. 1930, 21-1. zenb. 113-114 or.
  • DANTZARIAK IPAR-EUSKADIKO ORDEZKARITZA (POLO, M.J.C.). "Ziberoako Ihauteria". Dantzariak. 1978, Ale Berezia 2.
  • GUILCHER, Jean Michel. "La tradition de danse en Béarn et Pays Basque Français". Paris:Editions de la Maison des Sciences de l'homme, 1984
  • HERELLE, George. "Les Mascarades Souletines", Revista Internacional de los Estudios Vascos. 1914, 8, 368-385. or.
  • HERELLE, George. "Les Mascarades Souletines (Suite)", Revista Internacional de los Estudios Vascos. 1923, 16, 159-190. or.
  • IHAUTERIAK 93. ALTZÜRÜKÜKO MASKARADA. Bilboko Arriaga antzokian 1993eko Otsailaren 21ean egindako emankizunean banatutako esku programa.
  • JAN TA LO, "Xuberoko Maskarada", Txistulari 1972, 71. zenb.
  • LEIZAOLA, Fermin. "Carnaval Rural", Dantzariak ; 28. zenb. Bilbo: Euskal Dantzarien Biltzarra, 1984.
  • MASKARADAK-LA MASCARADE. ZÜBEROKO HERRI IHAUTERIAK-CARNAVAL POPULAIRE DE SOULE. SÜ AZIAren sail bereziak - Les cahiers de SÜ AZIA. 1993.ko Urtarila - 2. zenb.
  • MICHEL, Francisque. Le Pays Basque, sa population, sa langue, ses moeurs, sa literature et sa musique. Paris : Librairie de Firmin Didot Freres. 1857.
  • SALLABERRY, Jean Dominique Julien, "Les Mascarades Souletines", La Tradition au Pays Basque, Paris, 1899, 265-280 or.
  • SAN SEBASTIAN, Koldo "Maskarada. Carnaval en el Pirineo Vasco". Deia, 30/01/1994, 30. or.
  • TRUFFAUT, Thierry. "Intento de clasificación de los carnavales rurales vascos en 1983 y 1984"", Dantzariak ; 33. zenb. Iruña: Euskal Dantzarien Biltzarra, 1986.
  • TRUFFAUT, Thierry. "Le retour des Mascarades", Dantzariak ; 39. zenb. Iruña: Euskal Dantzarien Biltzarra, 1987.
  • URBELTZ, Juan Antonio. Dantzak. Caja Laboral Popular, 1978.
  • VEYRIN, Philippe. "Le plus ancien zamalzain connu". Txistulari. 1965, 44. zenb. 26. or.