Kontzeptua

Laboraria eta Laborarisa

Bi pertsonaia hauek Zuberoako Maskaradan aurkitzen ditugu, Maskarada Gorriko taldearen barnean.

Maskaradaren taldean normalean Jauna eta Anderearen atzetik doaz; Chahok zioenez, 1855. urtean esandakoari jarraituz, denbora horretan lau pertsonaia hauek lerro berean zebiltzaten.

Denbora luzean bion paperak mutilek egindakoak baziren ere, gero eta sarriago ikusten da Laborarisaren papera neska batek eginda.

Pertsonaia horiek euskaldunen igandeetako jantziekin agertzen zaizkigu: laboraria brusa edo jaka beltza darama eta lepoan zapi bat; praka ilunak (beltzak edo grisak), eta zapata beltzak; buruan txapela beltza, daramaeta eskuan, akuilua, puntan koloreetako zintekin apainduta.

Laborarisa ere jantzi iluna darama, blusa eta gona beltzak edo grisak, zapata beltzak, eta buruan, zapia, beltza hau ere; eskuan, otartxoa darama.

Chahoren esanetan 1855. urtean, Laborariak akuilua zeraman esku batetan, eta bestean bandera bat zeraman. Sallaberry-k ere, 1899. urtean, informazio berdina ekartzen digu, gainera, Laborariak koloreaniztun bandera astintzen zuela aipatuz. Laborariak, ordea, bandera hori galdu egin du, agian Entseinariak daramana izan liteke. G. Herellek, ordea, 1914. urtean berak ez duela izan Laborarien banderaren inolako berririk argitzen digu.

Detaile hau oso interesgarria da, eta are gehiago, kontutan hartzen badugu ez Chahoren eta ez Sallaberryren testuetan ez dela Entseinaririk agertzen; bai ordea, Herelleren testuetan: pentsa liteke lehen Laboraria betetzen zituen funtzioak Entseinariaren sorrerarekin bikoiztu egin zirela, bandera lehenengotik bigarrenera pasatuz.

Laboraria eta Laborarisa, nekazal gizartearen ordezkari gisa, arratsaldeko saioan lehentasunezko lekuan kokatzen dira, Jauna eta Anderearen ondoan, beraientzat erreserbatutako eserlekuetan, nahiz eta, hauek ez bezala, ofiziotan parte hartzerik ez eduki.

Nahiz eta ofizioetan parte ez hartu, bai dantzatzen dutela dantza sorta bat: Kadrilleak, bikoteka egiten diren kontraiantzak, Jauna eta Anderearekin batera.

Barrikadetan ere, bai goizekoetan eta bai arratsaldean plazan sartzerakoan, haien saioa dute, Jauna eta Anderearen ostean: lehenengo Laborariak dantzatzen du, eta, amaitzen duenean, akuilua Laborarisari ematen dio berak ere harekin eskutan dantza egin dezan.

Muxikoetan parte hartzen dute, baina ez Aintzindarien borobilean, kanpoko borobilean baizik, gainerazko dantzariekin batera.

Branlian Laboraria eta Laborarisa amaierako lekuetan jartzen dira; Laboraria mutur horren mugimentuak zuzentzen ditu (sokaren lehenengo muturra Jaunak zuzendurik dago), eta sokan sartzen den ikusleetako jendea ezin da jarri Laboraria eta Laborarisaren erdian Anderea eta Laborarisaren artean, baizik, hau da, bigarren eta azkenaurreko lekuen artean.

Herellek dioenez, 1914. urtean Andereak eta Laborarisak ez zuten parte hartzen Branlian. Kasu honetan, Jauna eta Laborariaren ondoren dantzatzeko, herriko neska bereziak aukeratuko zituzten (beste Soka-dantzen antzera), eta lehen aipatutako arau berdina jarraituko zen, Jauna eta Laborariaren bikoteekin.