Kontzeptua

Kerestuak

Kherestuak, Khestuak.

Zuberoako Maskaradako pertsonaiak dira; nahiz eta hortan iritzi kontrajarriak egon, Maskarada Beltzeko kideak dira. Zikiratzaileak dira eta bere antzezpena hortan datza: Zamaltzaina zikiratu behar dute.

Maskaradaren taldean batzuetan musikarien aurretik joaten direnez eta musikariek Maskarada Gorri eta Beltzaren arteko banaketa markatzen ohi dutenez, batzuk Maskarada Gorriko kidetzat hartzen dituzte, baina beste detaile batzuk kontutan hartzen baditugu, argi geratzen da haien ezaugarriak Beltzenak direla: Barrikadetan, Maskarada Beltzeko kideekin batera plazaratzen dira; haien emankizunean, Beltzen martxarekin sartzen dira, haien artean borrokatzen dute, eta, azkenez, ez dira euskeraz mintzatzen, biarnotarrez baizik.

Herelleren esanetan Maskarada Gorrikoekin batera badoaz, Zamaltzainaren atzetik alegia, haien lana pertsonaia honekin lotuta dagoelako izan daiteke, eta ez benetako Maskarada Gorriko kideak direlako.

Maskaradaren taldean duten kokapena ez dago zeharo finkatuta: esan dugunez, Zamaltzainaren atzetik jarri dira, baina baita Laboraria-Laborarisaren atzetik (Sallaberry), edo Kukulleroen atzetik, edo Musikarien atzetik, azken bi kokapen hauek logikoenak diruditelarik.

Beti dira bi, nagusia eta morroia, eta haien jantzia hauxe da: txapela beltza albora, belarriaren parean jausten zaien borla gorri batekin; panazko jaka eta prakak; kuadrodun alkandora eraman ohi dute, baina hortan ezberdintasunak topa litezke Maskarada batetik bestera; lepoan, Zuberoako zapi gorri-horia , eta oinetan botak belaunetaraino edo zangozorroekin janzten dituzte. Eskuan metro eta erdiko makil bana daramate, normalean lepo atzekaldetik gurutzatuta eta esku biekin lotuta, batarekin goikaldetik eta bestearekin behekaldetik.

Zapiaren ordez, Chahok kolore bizidun gorbata zeramatela esaten digu. Herellek txapela urdina daramatela dio, eta lore sortatxo bat jakaren botoi-zuloan.

Biarnotarrak dira eta bere hizkuntzaz minzatzen dira haien ofizioa, zaldia zikiratzea, egiten duten bitartean.

Kerestuen ofizioa arratsaldeko saioko lehenetarikoa izaten da, agian, Zamaltzaina ahalik eta lehen prestatuta egon dadin antzezpenean zehar egin beharko dituen dantzak egiteko.

Nagusia eta morroia Txerreroaren atzetik sartzen dira plazan, Beltzen martxarekin.

Behin plazan, hitz egiten eta eztabaidatzen hasten dira biarneraz; gero dantza bat egiten dute, honetan elkar jotzen dute makilak, gero makilak airera botatzen dituzte, jakak kentzen dituzte, belarritik tiratzen diote elkarri, ... gero egin behar duten lanaz eztabaidatzen jarraitzeko.

Azkenean lanari ekiten diote: morroia Zamaltzainarengana doa, haren txapelan jarri duen janariaz erdira erakartzeko, eta nagusia plazan geratzen da morroiak Zamaltzaina hurbiltzen duenean kordel batekin harrapatzeko, zikiratu egin dezaten. Baina Zamaltzaina nagusiaren kordeletik ateratzen da eta alde egiten du.

Nagusiak, morroiarekin haserre, bota egiten du, eta, laguntzaile bat behar duenez lan hau egiteko, Pitxu deitzen du, Kauteren ikaslea. Honek ez du lan egiteko gogorik eta eztabaida handiak sortzen dira nagusiak konbentzitu arte.

Lehen bezala, Pitxuk Zamaltzaina erakarri behar du plaza erdira, baina tronpatzen da, eta nagusiarengana erakartzen duena Kantiniersa da, eta nagusiaren sokan harrapatuta geratzen dena.

Baina, zikiratzeko eginkizunean jartzen direnean, lana egitea ezinezkoa dela ohartzen dira, emea izanda potrorik ez duelako. Haserre bizian, nagusiak Pitxu bota egiten du.

Berriro morroia deitzen du eta harekin adiskidetu ostean, berriro ekiten diote lanari, aldi honetan dena ondo eginez: morroiak Zamaltzaina erakartzen du, sokan harrapatzen dute eta zikiratzen dute, haren potroak irudikatzen duten bi patata airera botaz, Beltzek haien atzetik doazela algara bizian.

Herrellek 1914. urtean esaten zuenez, Kerestuen saioan Zamaltzainak ez ezik, Txerreroak, Gathuzainak eta Kantiniersak parte hartzen zuten. Kherestuak haien saioa egiten zutenean (makilekin kolpatu, sudurretik tiretu, jaka kendu,...) ez omen zuten dantzatzen, baizik eta haien arteko burruka bat omen zela, eta Txerreroak, Gathuzainak, Kantiniersak eta Zamaltzainak, ordea, bai dantzatzen zutela haien inguruan.

Zamaltzaina harrapatu behar zutenean, Gathuzainak oztopatzen omen zien, eta morroiak kale egiten zuen. Bota egin eta gero, nagusiak ikusleen artean mutiko bat hartzen zuen, hau ere txarto egiten zuelarik. Gero, berriz morroia onartuta, lortzen zuten haien lana amaitzea.

  • ALFORD, Violet. "Les Mascarades Souletines en 1914 et aujourd'hui", Dantzariak ; 2. Donostia: Euskal Dantzarien Biltzarra, 1971.
  • ANGUIOZAR, Martin de (BERRAONDO, Ramón de). "Danzarines suletinos". Euskalerriaren Alde ; Donostia: Martín y Mena, 1929, 310. zenb, 361-367 or.
  • ANGUIOZAR, Martin de (BERRAONDO, Ramón de). "Danzarines suletinos". Txistulari; Donostia:Asociación de Txistularis, 1930, 13, zenb.
  • BADE, J. "Le Carnaval chez les Basques de la Soule", L'Observateur des Pyrenées, 1840, 6. zenb.
  • BERZAITZ, Pier Paul. "Maskaradak".El mundo de los Pirineos. Fiestas Tradicionales, Bilbo: SUA Edizioak, 2001, 24. zenb., 22-25. or.
  • CAUBISENS, J. B. "Costumbres populares - El Carnaval Suletino", Dépêche de Toulouse-k itzulita. Euskalerriaren Alde. 1923, XIII. urtea, 57-59. or.
  • CHAHO, Joseph Augustin. Biarritz entre les Pyrenées et l'ocean. Itinéraire pittoresque. Bayonne : A. Andreossy, 1855.
  • CHAHO, Joseph Augustin. "Viaje a Navarra durante la insurrección de los Vascos (1830-1835)", Martin de Anguiozar-ek itzulita. Revista Internacional de los Estudios Vascos. 1930, 21-1. zenb. 113-114 or.
  • DANTZARIAK IPAR-EUSKADIKO ORDEZKARITZA (POLO, M.J.C.). "Ziberoako Ihauteria". Dantzariak. 1978, Ale Berezia 2.
  • GUILCHER, Jean Michel. "La tradition de danse en Béarn et Pays Basque Français". Paris:Editions de la Maison des Sciences de l'homme, 1984
  • HERELLE, George. "Les Mascarades Souletines", Revista Internacional de los Estudios Vascos. 1914, 8, 368-385. or.
  • HERELLE, George. "Les Mascarades Souletines (Suite)", Revista Internacional de los Estudios Vascos. 1923, 16, 159-190. or.
  • IHAUTERIAK 93. ALTZÜRÜKÜKO MASKARADA. Bilboko Arriaga antzokian 1993eko Otsailaren 21ean egindako emankizunean banatutako esku programa.
  • JAN TA LO, "Xuberoko Maskarada", Txistulari 1972, 71. zenb.
  • LEIZAOLA, Fermin. "Carnaval Rural", Dantzariak ; 28. zenb. Bilbo: Euskal Dantzarien Biltzarra, 1984.
  • MASKARADAK-LA MASCARADE. ZÜBEROKO HERRI IHAUTERIAK-CARNAVAL POPULAIRE DE SOULE. SÜ AZIAren sail bereziak - Les cahiers de SÜ AZIA. 1993.ko Urtarila - 2. zenb.
  • MICHEL, Francisque. Le Pays Basque, sa population, sa langue, ses moeurs, sa literature et sa musique. Paris : Librairie de Firmin Didot Freres. 1857.
  • SALLABERRY, Jean Dominique Julien, "Les Mascarades Souletines", La Tradition au Pays Basque, Paris, 1899, 265-280 or.
  • SAN SEBASTIAN, Koldo "Maskarada. Carnaval en el Pirineo Vasco". Deia, 30/01/1994, 30. or.
  • TRUFFAUT, Thierry. "Intento de clasificación de los carnavales rurales vascos en 1983 y 1984"", Dantzariak ; 33. zenb. Iruña: Euskal Dantzarien Biltzarra, 1986.
  • TRUFFAUT, Thierry. "Le retour des Mascarades", Dantzariak ; 39. zenb. Iruña: Euskal Dantzarien Biltzarra, 1987.
  • URBELTZ, Juan Antonio. Dantzak. Caja Laboral Popular, 1978.
  • VEYRIN, Philippe. "Le plus ancien zamalzain connu". Txistulari. 1965, 44. zenb. 26. or.