Kontzeptua

Entseinaria

Banderaria, Banderazaina, Entseñaria.

Zuberoako Maskaradako pertsonaia da, Maskarada Gorriko kidea eta hauen artean, Aintzindarien taldekoa dugu, tradizionalki Aintzindarietatik edadetuena.

Maskaradaren taldean Aintzindarietako azkenengo lekuan doa, bostgarrena da, aurretik Txerreroa, Gathuzaina, Kantiniersa eta Zamaltzaina dituelarik. Eskuan daraman Zuberoako banderagatik datorkio bere izena.

Herellek, 1914. urtean, pertsonaia honi buruzko detaile bitxi batzuk ekartzen dizkigu, esanez, gainera, bere papera eta kokapena ezberdinak zirela Behe-Zuberoa eta Goi-Zuberoako Maskaradeetan: Goi-Zuberoan lehen esandakoaren moduan agertzen den bitartean, Behe-Zuberoan Entseinaria Jauna/Anderea eta Laborari/Laborarisaren artean dago kokatuta, eta gainera ez du dantzatzen. Era berean aipatzen du bigarren Entseinari baten berriak entzun dituela, Laborari-Laborarisaren atzetik omen jarrita.

Entseinaria jantzi beltzarekin agertzen zaigu: jaka beltza, bularralde zuria urrezko apaingarriekin; praka beltza luzeak orkatiletaraino; galtzerdi, eta zapatilla zuriak. Buruan txapela beltza darama, eta bularretik gurutzatuta bi edo hiru koloreetakoa (gorria, zuria eta berdea) ohi den banda bat janzten du.

Eskuan, Zuberoako bandera darama, gorria eta urrezko lehoiarekin, musikaren arabera astintzen duena. Esan behar da, bandera astintze hori kalejiretan, barrikadako pausuan eta muxikoetako lurretiko pasuetan egiten duela, baina airezko pausu zailak egiterakoan, bai bakarrik edo beste Aintzidariekin batera, bandera albo batean lotzen du, eskua gerriaren parean, pausuak hobeto egin ahal izateko.

Beste Aintzindariek ez bezala, ez darama zangozorrorik, ezta belaunetaraino prakak. Beste momentuan, agian hurbilago, sartutako pertsonaia delako seinalea ote?

Herellek 1914. urtean deskribatzen digun jantzia ez da oso ezberdina: "txapela urdina hirukoloreko intsignia batekin ezker aldean; oihal beltzeko jaka, zilarrezko galoiekin apainduta; bularralde urdina, zilarrezko galoiekin eta urrezko perlekin apainduta; praka beltza. Bandera txikia, metro erdikoko aldea duena, haren hitzetan "aintzinean zuria zen urrezko lirio loreekin, eta gaur egun hirukolorekoa da urrezko bandekin apainduta".

A. Chahok 1855. urteko lanean ez dakar Entseinariaren inolako deskribapenik. Pertsonaia berriagoa delakoaren seinalea ote?.

Mende erdi geroago, G. Herellek bai deskribatzen duela pertsonaia hau. Hala ere, herrialdeen artean ezberdintasun garrantzitsuak daudela dio, bai kokapenean zein eginkizunean, Behe-Zuberoan ez omen duela dantzatzen zehaztuz.

Hortaz aparte, Herelleri jarraituz, Entseinariak ez omen zuen Godaleta dantza egiten, beste lau Aintzindari aipatzen baititu soilik.

Baliteke, Herelleren denboran Entseinaria Maskaradetan berriki sartuta balego, haren papera zeharo definiturik ez egotea, eta horrek azaldu lituzkela berak ikusitako ezberdintasunak.

Aintzindarien partaidea izanik, Entseinariak talde honek egiten dituen dantzetan parte hartzen du: muxiko edo jauzietan (ostalersa, aintzina phika, moneinak, xibandriak...), Aintzindariei erreserbatutako borobilean dantzatzen du; beste dantza berezietan: Gabota, Godaleta edota Braletik Jauzian bere lekua dauka, talde osoarekin edo bakarka dantzatuz.

Aintzindariekin egindako dantzez aparte, bi dantzetan egiten duen paper berezia aipatu behar da:

  1. Barrikadetan (bai goizekoetan eta bai arratsaldean plazan sartzerakoan) berari egokitzen zaio " Entseinariaren Puntia " egitea, non pausu batzuk ematen bait ditu beste Aintzindariek egindako bi lerroren artean.
  2. Branlian, Jauna eta Laboraria sokaren hasiera eta amaieran jarrita dauden espazioaren erdian kokatzen da. Leku horretatik dantzaren mugimentuak zuzentzen ditu.