Dantza

Godalet Dantza

Bralea dantza-jauziarekin batera, godalet dantza da maskaradetako - Zuberoako iñauteri berezietako - gorrien agerraldi nagusia. Dantzari hoberenek parte hartzen dute horretan. Zaharrek ziotenez, Barkoxe herriak asmatu zuen dantza hau. Antzinako denboretan - XX. mende hasieran oraino -, Zuberoako maskaradak goizean egin ohi ziren. Agerraldi osoa egin ondoren, maskaradetako arizaleak bazkaltzera joaten ziren edo herriko plazan biltzen ziren, goizean zehar eskaini zizkieten janariak gozatzearren. Beti ere zaharrek ziotenez, giro horretan sortu zen godalet dantza. Jolas modu batean, mutil gazte bat dantzan hasi zen baso edo godalet baten inguruan. Ezagutzen zituen püntü edo dantza-urratsak dantzatu zituen. Beste dantzariek gauza bera egin nahi izan zuten eta, horrela, jokoan aritze hori dantza bilakatu eta Zuberoa guztian hedatu zen.

Zuberoa, nekazaritzari oso lotuta dago, oraindik ere. Bizimolde hori, udan, mendi alagietako artzaintzan oinarritzen da. Artzaintza hori elkarbizitza eta elkarlan baten isla da, mendiko lur hauek zuberotar guztienak baitira. Horrela herri guztietako artzainak bortuetako lur hauetan elkarretaratzen ziren. Ardijeiztearen eta gaztaren egiteko aroa iragan ostean, euren artean olgetan aritzeko denborarik bazuten. Baita dantzan aritzeko ere. Horrela Zuberoako kultura denetara zabaldu da eta horrela ere herri guztietan kultur ohitura berdinak sustraitu dira: maskaradak, pastoralak, eta, jakina, hauetan eman ohi diren dantzak. Hala, Barkoxek asmatu ei zukeen godalet dantza laister denetara zabaldu zen.

Jean-Michel Guilcher, CNRS Frantziako Ikerketa Zientifikorako Zentru Nazionaleko ikerlariak La tradition de danse en Béarn et Pays Basque francais" (Dantzarako ohitura Biarnoan eta Frantziako Euskal Herrian) liburuan dioenez, lau aitzindarik- hots, txerreroak, gatüzainak, kantiniersak eta zamaltzainak - godalet dantzan parte hartzen zuten. Entseinaria edo banderazaina beranduago sartuko zen, Frantziak pairatutako bi gerra handien (1914-1918 eta 1939-1945) tartean, Guilcher-en arabera beti ere.

Godalet dantzak doinu berezia dauka, dantzariak plazan sarrarazteko unean. Kasu gehienetan, doinu hori pastoraletako aingeruen ahairea da. Dantzaren berarean doinua, aldiz, XVIII. mendeko La dragonne Frantziako kontradantza batena da, Jean-Michel Guilcher-ek dioenez. Gaur egun, dantza horretan ongi sartzeko, dantzariek, arno baso baten inguruan ematen dituzte euren püntüak, godaletetik ahal bezain hurbilen dantzatuz, ahalaz ukitu gabe. Eta ez dute inondik eta inolaz ere godaleta irauli behar. Dantzari bakoitzak nork bere püntü bereziak hautatzen ditu dantza horretarako. Zamaltzainak eta kantiniersak besteek baino zailagoa dute lana, euren jantziek basoa ezkutatzen baitiete.

Musikaren lehen zati batean, aitzindariak (maskaradetan aitzinean dabiltzanak) denak elkarrekin dantzan ari dira godaletaren inguruan. Gero, aldiz, banatu egiten dira eta banan-banan ematen dituzte euren püntüak. Txerreroa hasten da eta hurrenez-hurren dantzan aritzen dira gero: gatüzaina, kantiniersa, zamaltzaina eta entseinaria.

Dantzari bakoitzak ahaleginak oro egiten ditu püntü ederrenak emateko, godaletaren inguruan. Zuberotarrek ondo dakite godaletetik ahala hurbilen dantzatzea basoaren gainean jartzea baino zailagoa dela, nahiz eta ikusleek azken püntü hau gehienik itxaroten eta preziatzen duten. Alabaina, lehenago egin ohi ziren Zuberoako primaka edo dantza lehiaketetan, ez zen püntü hori zilegizkoa, hots, dantzariak ez ziren godaletaren gainean jarri behar. Geroztik, haatik, dantzari hoberenek balentria ederrik egiten dute, godaletaren gainera igota. Frisat doble bat -Frantziako dantza klasikoan entrechat deritzotena- ematen dute godaletetik jaistean. 1970ko hamarkadan, Altzaiko kantiniersa bat godaletaren gainera jauzten zen, frisat doble batekin airatzen zen eta godaletaren gainean arinki pausatzen, deus ere hautsi gabe. Ez zuen, haatik balentria handi hori aldi guztietan lortzen.

Dantzari guztiak godaletaren inguruan dantzatu eta gero, zamaltzaina eta kantiniersa hurbiltzen dira. Zamaltzainak oin bat ematen du godaletaren gainean eta bestearekin gurutzearen keinua egiten du. Kantiniersa berari buruz dantzan ari da eta biek frisat doble batekin bukatzen dute dantza, beste dantzariekin juntatu aurretik. Orduan, dantzari guztiek, denek batera, ematen dituzte azken püntüak. Sarritan, dantza-urrats ederrenak azken zati horretan gertatzen dira.

Zuberoako maskaradetan, aintzindarien azken dantza da, gehienetan buhame eta kauteren jokoen artean ematen dena. Beste dantzari bat agertu da berriki maskaradetan: Pitxu. Alabaina, hau irri eginarazteko moduan aritzen da dantzan eta bere dantza berezi hori eman ondoan, godaleta eskuetan hartzen du eta barruan geratzen den ardoa trago batez edaten du. Ez da batere seguru ardo hori oso garbia denik!.