Monarkia eta noblezia

Antso VI.a Gartzea

Iruñeko erregea (1150-1194), "Jakituna" ezizenez ezaguna.

Hamabost urte inguru zituela eskuratu zuen tronua, bere aita, Gartzea Ramirez "Osatzailea" hil ostean. Margarita de l'Aigle Rotrou zuen ama, Gartzea Ramirez erregearen lehen emaztea eta Margarita (Siziliako Guillermo I erregearen emazte izan zena) eta Blanca (gerora Antso IIIa Gaztelakoa izango zenaren emaztea) izan zituen arreba modura.

Antso VI.ak erregetza eskuratu zuenean finantza-egoera oso pattala zen eta Gaztela eta Aragoi nahiz Kataluniako erreinuen mehatxua ageri zen. Erregealdiaren hasieran Iruñearen egoera politikoa eskas samarra zen; Antso Gaztelaren zaintzapean izendatu zuten errege eta Aulki Santuarekin harremanak makurtu egin ziren Alfontso I.a "Borrokalariaren" testamentua onartu ez zuelako. Monarka hori Iruñea eta Aragoiko erreinuen oinordekoa izan zen Jainkoaren Jerusalemeko erlikia-hobiko, Jerusalemeko txiroen ospitaleko eta Salomoneko tenpluko aginte militarren esanetara. Dena den, 1134n hura hil zelarik, Gartzea Ramirez, Antso VI.aren aita, izendatu zuten Iruñeko errege. Aulki Santuak ez zuen begi onez ikusi haren inbestidura eta Iruñeko erregeei erregetasuna ukatu zien, duke gisa tratatzen zituelarik. Eragindako ordenei egindako emakida ekonomikoei esker gatazka arinduz joan zen.

Bere erregealdian Antso VI.ak hiriguneak sendotzeko lana gauzatu zuen. Horretarako, foruak eta hiri-gutunak aitortuz herria sendotu eta lurraldearen defentsa-sistema indartu zituen.

Bestalde, bera gobernuan zen bitartean monarkiaren instituzioa eta haren zentzu ideologikoa zehazteko prozesua zabaldu zen, modu horretan, erregearen autoritatea lurraldean barna hedatu zen. Lurraldean barna hedatzeko prozesu horretan "Iruñeko erregeari" egindako erreferentziak pixkanaka alde batera utzi eta "Nafarroako erregea" aipatzen zen. Horrez gain, Iruñeko erreinu zaharra "Nafarroako Erreinu" izendatu zen 1162an.

1194ko ekainaren 27an hil zen eta bere semea Antso VII.a Azkarrak ordeztu zuen.

Gaztelako eta Aragoiko monarkek Nafarroako Erreinuko lurrak haien erreinupera baitaratzeko ahaleginak egin zituzten. Saiakera horien aurrekaria Antso Gartzea IV.a "Peñalengoa" erail ostean 1076an izandako gertaeretan bilatu behar dugu.

Ez zen hura izan Gaztela eta Aragoiko erregeek euren asmoak erakutsi zituzten aldi bakarra, izan ere, 1140ko otsailaren 22an erreinua haien artean banatzeko borondatea aipatu zen, Carriongo Itunean. Itun horren bidez, aragoarrek eta gaztelarrek Nafarroako lurren banaketa adostu zuten berriz ere. Gaztelako errege Alfontso VII.ak Marañon eta Ebroren ezkerrera zeuden Nafarroako lurrak bereganatuko zituen (bere aitona zen Alfontso VI.aren baitakoak izan zirenak). Kataluniako eta Aragoiko Ramon Berenguer kondeak, bestetik, Antso Ramirez eta Pedro Lehenaren garaian Aragoikoak izan ziren lurrak eskuratuko zituen. Halaber, Nafarroako konderria banatzea adostu zuten. Lurralde horren harira Aragoiko aurreko erregeek omenaldia egin zioten Alfontso VI.ari. Konderri hori zegokionez, Gaztelak herena jasoko zuen, hots, hurbilen zuen zatia. Beste bi herenak Berenguerrek eskuratuko zituen, Iruñea barne. Lurralde horietan kataluniarrak ere gorazarre egin beharko zion Gaztelako erregeari. Urte gutxira, Alfontso VII.ak Naiarako erreinua sortu zen Errioxan (1149), Antso (gerora Antso III Gaztelakoa izango zena) semearentzat, eta Ramon Berenguer IV.ak ahultze-gerra piztu zuen Nafarroako mugan.

Gartzea Ramirez Osatzailea hil zenean, Alfontso VII.a, haren semea Antso eta Ramon Berenguer Tudejenen elkartu ziren 1151ko urtarrilean, besteak beste, Nafarroako Erreinua elkarren artean banatzeko akordioa berresteko. Monarka bakoitzarentzat Carriongo Itunean egindako banaketa adostu zuten. Hala ere, Gaztelako erregeak Iruñeko tronuaren ondorengoari eman zion babesa, Aragoak banaketan zituen nahimenen aurka. Tudejeneko Ituna gisa ezaguna den 1151ko tratatu horretan Nafarroari zegozkion klausulak 1157ko maiatzean berritu egin ziren Lleidan, eta baita 1158ko otsailean ere Najiman Ramon Berenguer IV.a eta Antso III.aren artean.

Nafarroa eta Gaztelako erregeak 1153ko ekainaren 2an Sorian elkartu ziren. Han, Antso "Jakituna" enperadorearen alabarekin, Santxarekin ezkonduko zela erabaki zuten. Modu horretan, ahaidetasun- eta laguntasun-laxoak finkatu ziren, denbora batez erreinua banatzeko arriskua uxatzen zutenak. Soriako tratatuak, era berean, enperadorearekiko basailutza aitortzea eta Gaztelako oinordeko zen Antso III Naiarakoari Nafarroaren bihotzean zeuden Artajona, Larraga eta Cebror entregatzea inplikatzen zuen. Lurralde horiek Antso VI.aren aitak, Gartzea Ramirezek bere bigarren emazteari, Alfontso VII.aren alaba naturala zen Urraca andreari, emandako doteak ziren. Urraca jadanik alargun zela bere baitan izan zituen eta Asturiasera erretiratu zenean, Antso III.a anaiari laga zizkion. Urte horietan Artajonako erreinuak gora egin zuen Gaztelako monarkiarekin bat egin zuten teniente edo gobernatzaileei esker hainbat lurralde eskuratuta. Horien artean, Erriberriko gobernadorea aipatu behar da, Ramiro Gartzea. Antso VI.ak, bestalde, Gaztelako presentzia oro uxatu nahi zuen bere erreinutik eta, batez ere, Artajona bereganatu nahi zuen.

1156an aragoitarrak eta gaztelarrak aliatu egin ziren berriz ere. Aragoiko erregea Proventzan zela aprobetxatuz, Antso VI.ak aragoitarren aurkako ekinaldia egin zuen. Fontellas plaza berreskuratu zuen eta Zaragozako atariraino iritsi zen arpilatze-kanpaina bat burutu zuen. Baina, berehala bakea lortzeko kudeaketekin hasi zen. Ramon Berenguer itzuli zenean Nafarroako zenbait jaunen gaineko presioa areagotu zuen, lurraldeko erregearekiko loturetatik aska zitezen. Bestalde, Nafarroako erregea Alfontso VII.aren oniritzia jasotzen saiatu zen. Garai hartako agertoki politikoan Gaztelako enperadoreak zuen azken hitza eta, bestalde, harekin harreman onak izatea komeni zitzaion, izan ere, Santxarekin ezkontzekotan zen (1157an ezkondu ziren). Kudeaketa horien truke Artajona Gaztelaren menpekotzat onartu behar izan zuen.

1157an Alfontso VII.a enperadorea hil zen, Antso III.a Desiratuak hartu zuelarik haren tokia. Antso VI.ak enperadore berriarekiko basailutza onartu zuen Sorian eta, aldi berean, Santxarekin ezkontzeko konpromisoa berretsi zuen. Ezkontzaren ostean, Gaztelako monarkak Artajona, Larraga eta Cebror Nafarroara itzularazi zituen.

Antso III.a erregealdia hasi eta urtebete ingurura hil zen, 1158ko abuztuan. Alfontso VIII.a semearen eskuetan utzi zuen Gaztelako erreinua, 3 urte baino ez zituelarik. Horrela, Castro eta Lasa familien (hastapenetik izan ziren hausturak bi familia horien artean) eta Leongo Fernando II.a erregearen artean gatazkak piztu ziren. Alfontso VIII.aren zaintza eta hura adinez txikikoa zen bitarteko erregetza zeuden lehian. Urte bereko abuztuan Ramon Berenguer hil zen. Alfontso II.a Kastoak ordeztu zuen. Azken hori ere adinez txikikoa zen eta tutoretzapean zen. 1162an Aragoiko erregearen tutoreek, Nafarroako erregearen eraso baten beldur, Leongo Fernando II.arengana jo zuten eta haren babesa eskatu zuten. Halaber, Frantzian zituzten interesak babesteko Ingalaterrarekin adostutako aliantza berretsi zuten.

Nafarroaren etsai ziren bi erreinuak barne-arazoak ebazten ziharduten. Antso VI.ak abagunea baliatu zuen Errioxa eta Burebako lurrak berreskuratzeko. Iruñeko erreinua eta Gaztela 1076az geroztik zeuden lur horiek eskuratzeko lehian, orduan Alfontso VI.a Gaztelako erregeak Iruñeko erreinuko zenbait lur okupatu baitzituen, Antso Gartzea IV.a Peñalengoa erail ostean.

1162an Nafarroa eta Aragoiko erreinuek hamahiru urtez luzatu zen bake-akordioa lortu zuten. Egoera egokia zen Antso VI.ak Gaztelan esku-hartzea burutu zezan. Gainera, Antso III.a hil ondotik, Nafarroako erregea Gaztelako monarkarekiko basailutzatik aske geratuko zen. 1162ko urrian hasi zen Errioxako lurretan sartzen, Logroño okupatu zuelarik lehenengo. Pedro de Arazurik, Tuterako gobernua zuenak, bereganatu zuen hiri horretako agintea. Aurrerago beste zenbait plaza urratu zituzten Errioxan, esate baterako, Entrena eta Pazuengos, eta baita Ausejo, Resa, Autol, Quel eta Ocon ere Ebro ibaiaren beste aldean. 1163ko martxoraino luzatu ziren okupazio-mugimenduak eta, besteak beste, Grañon, Cerezo, Treviana, Miranda de Ebro, Gesaltza-Añana eta Briviesca hartu zituzten tropek, Burgos ingurura ere gerturatuz. Nafarroako erregeak Errioxa eta Gaztela Zaharra bereganatu zituen ia osorik, Naiara eta Kalagorri izan ezik. Azken bi horietan Lope Diaz de Haro bizkaitarra eta Gomez Gonzalez kondea ziren defentsan, hurrenez hurren. Okako Mendien muga tradizionalak urratzea lortu zuen eta, mendebaldetik, Araba berreskuratu zuen, Estibaliz, Divina eta Durangoko lurrak hartuta.

Penintsulako erreinu musulmanak ezegonkortasun politikoan ziren, almorabideen nagusitasuna ahitzen ari zelarik almohadeen mesedetan. Garai horretan errege musulmanak Abu Yaqub Yusuf kalifaren aginduetara zeuden, haren boterearen beldur baitziren. Murtzia eta Valentziako erregeak, Ibn Mardanisek (kristauen artean Lope "Otsoa" izenez ezagutzen zena), ordea, ez zuen etsi nahi. Beste botere batzuekiko independentzia mantentzeko, errege horrek hainbat itun finkatu zituen errege kristauekin, laguntza militarrak negoziatu zituen haiekin eta, Aragoiko monarkarekin izandako gatazka batzuk salbuetsita, harreman ona izan zuen haiekin. Horrela, 1162. urte inguruan Yusufek Loperi erasoa jo zionean, Murtzia eta Valentziako erregeak errege kristauengana jo zuen berriz ere, laguntza eske. Une haietan, soilik Antso "Jakitunak" eman ziezaiokeen laguntza eta Nafarroako erregea Murtziara joan zen. Indar kristauek, funtsean, bi arrazoi zirela medio ematen zieten laguntza Loperi; alde batetik, Lopek almohadeen zabalkundea oztopatzen zuen eta, beste alde batetik, musulmanaren eskutik diru asko jasotzen zuten hari egindako zerbitzuen truke.

Alfontso VIII.a Gaztelakoa adinez txikikoa zenez, Nafarroako erregeak ekintza politikoak errazago egin zitzakeen eta, egoerak irauten zuen bitartean, Antso VI.ak erreinuaren lurralde-osotasuna arriskutik at manten zezakeen. 1167ko urrian Gaztela eta Nafarroako erregeek hamar urteko tregua sinatu zuten Fiteron. Tregua hari esker, azkenik, sei urtez baretu ziren bi erreinuen arteko harremanak. 1173. urtean etorri zen haustura, Gaztelako erregeak, jadanik adin nagusiko zenak, Errioxa berreskuratu nahi izan zuenean Aragoiko erregearen laguntzaz.

1168ko abenduaren 19an Antso VI.ak eta Aragoiko Alfontso II.ak tratatu bat sinatu zuten Zangozako edo Vadoluengoko San Adrianen. Horren arabera, 20 urteko bakealdia sinatu zuten bi erregeek. Dena den, tratatu horrek beste helburu bat gordetzen zuen, Murtziako Lope erregearen baitako lurrak, alegia. Soilik hilabete eta erdi lehenago Aragoiko erregeak tregua bat sinatua zuen Loperekin. Orduan, Pedro Ruiz de Azagra, Lizarra eta Valtierrako jauna, aurrez Loperen baitakoa izan zen Albarracineko jaurerrian zegoen. Gartzea Ramirezen erregealdian zehar pertsona horrek laguntza eman zion, Iruñeari zegokion aldetik, Gaztelako erregeari Almeriako kanpainan. Jadanik Antso VI. aren erregealdian zehar harreman onak egin zituen Lope erregearekin; Murtziako erregeak soldata kristauak ordaintzen zituen eta, are, Ruiz de Azagrari leku estrategiko jakin batzuetan kolonia kristauak finkatzea baimentzen zion. Albarracineko Santa Maria eliza ere laga zion, eta gehienbat nafarrez osatutako kolonia bat ezar zezala ere baimendu zuen. Nafarroako Antso VI.ak eta Aragoiko Alfontso II.ak sinatutako tratatua, Nafarroaren ikuspegitik egokia zen Ruiz de Azagrak Loperen lurretan eskuratuz zihoan jabetza oro legeztatzeko. Eskuratze horien ondorioz, liskarra piztu zen Aragoiko erregearekin, izan ere, azken horrek Albarracineko Santa Maria markatuta zuen egiteko konkisten artean.

1173. urtean Nafarroako erregea egoera zailean zen eta Alfontso VIII.a Gaztelakoak aukera baliatu zuen Errioxan sartzeko. Lehenengo plaza batzuk bereganatu zituen Miranda de Ebro inguruan, Gaztela Zaharrean. Dagoeneko Errioxan sartuta, Grañon eskuratu zuen, Tiron ibaiaren adarkatze batean zegoena, Ozkabartetik eta Pazuengosetik hurbil. Leku horietara iritsi aurretik, beste hainbat herri baitaratu zituen, esate baterako, Ameyugo, Santa Gadea, Portilla, Treviana edota Cerezo. Uztailean Quel okupatu zuen Arnedo inguruan eta irailean Artajonara sartu zen, beranduago Iruñeraño ere iritsi zelarik.

Hurrengo urtean, 1174ko urtarrilaren 18an, Alfontso II.a Gaztelako erregearen arreba zen Santxarekin Zaragozan ezkondu zenean, Aragoi eta Gaztelaren arteko aliantza indartu egin zen. Urte hartako udaberrian, Gaztela eta Aragoiko monarkek elkarren artean Nafarroako Erreinua erasotzea adostu zuten eta Gaztelako monarkak Iruñean egindako erasoaldi bat zuzendu zuen. Oldarraldi horretan nafarrak Leguineko gotorlekuan gorde ziren bi egunez, Urroztik gertu. 1176ko uztailean beste sarraldi bat egin zuen erreinuaren barnealdera; Ebro ibaia Kalagorritik zeharkatu eta Leguineraino heldu zen berriz ere, hartako gaztelua hartuz. Abuztuaren 22an espedizioa Naiarara itzuli zen.

Gerrako sarraldiek eragindako kalte eta gastuen ondorioz, nafarren egoera ezin eutsizkoa zen. 1176ko abuztuaren 25ean Alfontso VIII.a Gaztelakoa eta Antso VI.a Nafarroakoa Naiara eta Logroño artean elkartu ziren. Zazpi urteko tregua adostu zuten eta elkarren arteko gorabeherak Ingalaterrako Enrike II.a Plantageneten arbitrajearen arabera ebaztea erabaki zuten. Ingalaterrako monarkak bazituen arrazoiak Nafarroa eta Gaztelako arazo politikoen artean bitartekari-lanak egiteko. Lehenik eta behin, Alfontso VII.aren aitaginarreba zen, izan ere, haren alaba Leonor Gaztelako Alfontso VIII. arekin ezkondu zen 1170ko irailean. Bestalde, Leonor erregina, Leonor infantaren ama, Akitania eta Poitouko dukesa zen, eta Leonor infantari Gaskonia (Iparraldetik Nafarroaren mugakide den lurraldea) utzi zioten gurasoek dotean. Gaztelako boterea iparraldetik ageri zen eta, Aragoi eta Gaztelako etsai tradizionalek Ingalaterraren konplizitatea pairatu behar izan zuten. Hala eta guztiz ere, Antso VI.ak bakea berrezartzeko ahaleginetan murgildu zen egoerak hala behartuta.

Arbitrajeak 1177ko martxoaren 9an emango zuen epaia eta Nafarroa eta Gaztelako enbaxadoreak Ingalaterrako gortera bertaratu beharko ziren egun horretan sententziaren berri izateko. Euren konpromisoaren berme gisa, bi aldeek haien baitako gaztelu entzutetsuenetako hiru eman beharko zituzten fidantza modura; gaztelarrek Naiara, Arnedo eta Cellorigoko gazteluak ezarri zituzten fidantzan eta nafarrek Lizarra, Funes eta Marañonekoak. Sententziak Alfontso VIII.aren erregealdian egindako konkistak itzularazi zituen, konkistatuak zein berreskuratuak. Epai horrek ez zuen errege bakarra ere gustura utzi. Ebazpen hori onartuta Gaztelako erregeak Logroño, Navarrete, Entrena, Autol eta Ausejo jasoko zituen eta Nafarroakoak, berriz, Leguin, Portilla eta Godinen zuen gaztelua. Halaber, epaiak aurrez adostutako zazpi urteko tregua errespetatzeko betebeharra ezartzen zuen eta, horrez gain, Gaztelako erregeak urtean 3000 marabedi eman beharko zizkion Antsori hamar urtetan zehar.

Antso VI.aren eta Alfontso VIII.aren arteko gatazka ez zen guztiz ebatzi Enrike II.aren arbitrajearekin, eta 1179. urtean bake-akordioa ezartzea adostu zuten bi aldeek. Akordio horren arabera, Ingalaterrako monarkak emandako sententzia onartzeko konpromisoa hartzen zuten. Akordio horri jarraiki, Nafarroako erregeak Logroño, Entrena, Navarrete, Ausejo, Autol eta Resa onartzen zizkion Alfontso Gaztelakoari.

1179ko bakea betez, Nafarroak Gaztelari egindako lur-lagapena oso ekintza arriskatua zen, izan ere, gaztelarrek Nafarroako Erreinuan sartzeko asmoa berpizten zuten. Une horretan monarkak mehatxu nagusia Gaztelarekiko mendebaldeko mugan kokatzen zela usten zuen, eta ez Aragoiko mugan. Gainera, Gaztela eta Aragoiren arteko harremanak narrasten ari ziren bi erreinuen arteko mugak zirela-eta. Egoera horretan, Antso VI.ak lurraldearen defentsa-sistema sendotzea erabaki zuen, arreta erreinuaren mendebaldeko mugetan jarriz gehienbat. Portilla, Buradon, Biasteri eta San Vicenteko gotorlekuei hainbat jabetza gaineratu zitzaizkien, erreinuko pertsona kualifikatuenei agindutako zereginean. Indartze-sistemako lehen lerroan Portillako muga, Zadorra ibaia, Arganzoneko gotorlekua, Zaitegiko gotorlekua (1188), Urkiola eta Anboto haitzaldeak, eta atzeguardian, Lenizko haranean zegoen Aitzorrotzeko gaztelua (1184) kokatzen ziren. Bigarren lerroan Buradoneko gotorlekua, Haro parean, Toloñoko mendilerroa, Trebiño (1181) eta zirkulua itxiz Gasteiz (1184) lekutzen ziren. Hirugarren lerroan ziren Biasteri, Punicastro, Ega de Marañoneko adarretako kokatutako plazak, Arlucea (1181) eta Antoñana (1181), eta baita Kanpezuko Santa Kruz ere, bi adarrek bat egiten zuten gunean. Defentsa-lerro hori Entzia eta Urbasako mendilerroetan barna luzatzen zen eta Lizarrako plaza kokatzen zen atzeguardian.

Gaztelarekiko muga sendotzeko politikarekin batera herrien sorrera iritsi zen, eta horrez gain, foruen onarpena hiribildu berrietara herritarrak erakartzeko xedez. Foru horiei esker, herri horietan bizitzen geratzen ziren bizilagunek hainbat pribilegio eta salbuespen jasotzen zituzten, horien artean, herriko kontzejuko agintariengandik epaituak izateko eskubidea, eta ez jaurgoetako botereengandik. Antso VI.ak 1164. urtean abiarazi zuen emakida-politika hori, Biasteriri Logroñoko forua emanez. Biasteritik, jadanik hiribildu bihurtuta, forua San Vicente de la Sonsierra (1172), Antoñana eta Bernedora (1182) hedatu zen. Lizarrak 1090ean bere forua (Jakakoan oinarritua) eskuratu zuen Antso V Ramirez erregearen eskutik eta 1164. urtean foru horren berrespena jaso zuen, haren bertsio zabalean. Atarrabiak ere Jakako forua jaso zuen 1184an, Iruñeko San Nikolas izeneko burgu berriko biztanleek zuten foruaren bidez. Garai horretan onartutako foruen artean aipagarri dira Donostia (1180) eta Gasteiz hiriei onartuak, gerora beste herri batzuetara hedatu zirenak. Donostiakoak Jakakoa zuen oinarri eta Lizarrako hedatua. Gasteizkoa berriz Logroñokoan oinarritzen zen.

Gutxienez hamarkada bat lehenago Nafarroako erregeak judutarren forua onartua zuen. Nafarroan judutarrek jarduera ekonomiko eta komertzialetan presentzia handia zuen gizarte-taldea osatzen zuten. Jarduera horietan ibiltzen zirenez eta, bereziki, maileguak egiteko askatasuna zutenez (erlijio kristauan begi onez ikusten ez zena) herrian diruzale eta lukurari ospea hartu zuten. Antso VI.ak Naiarako judutarren Forua (Alfontso I.a Borrokalariak 1121ean eman zuena) berretsi zuen Tuterako judutarren artean (1170), eta Funeseko judutarren artera hedatu zuen (1171). Aditu batzuen ustez judutarrek pairatzen zuten bazterkeria arintzeko xedez egin zuen hori, baina baita baliabide ekonomiko handiak zituen talde baten presentzia ziurtatzeko ere.

Gaztela eta Aragoaren artean mesfidantza areagotu egin zen pixkanaka eta hori mesedegarri izan zen Nafarroarentzat. Aragoiko Alfontso II.a erregea eta Antso VI.a Borjan elkartu ziren 1190eko irailaren 7an. Hitzordu hartan Gaztelaren aurkako defentsazko aliantza ezartzea adostu zuten. Akordioa hil horretan bertan berretsi zuten Darocan. Bi erregeek zenbait gaztelu jarri zituzten fidantza modura. Gaztelu horiek Fernando Ruiz de Azagraren zaintzapean geratu ziren.

Bestalde, 1191ko maiatzean, Antso I.a Portugalekoa, Alfontso IX.a Leonekoa eta Alfontso II.a Aragoikoa Huescan elkartu eta Gaztelaren nagusitasunaren aurkako aliantza orokorra eratzea erabaki zuten. Hurrengo hilean, ekainaren 11n, Alfontso II.a Aragoikoa Tuterara joan zen Antso "Jakitunarekin" egoteko. Ekainaren 24an Nafarroako erregeak bisita itzuli zion aragoarrari. Zaragozara joan zen semearekin batera eta harrera ikusgarria egin zieten. Aurrerago lortutako akordioei esker, bi monarkek euren armadak batu zituzten Soriako lurretan sartzeko. Dena den, Gaztelaren aurkako ekitaldi horrek ez zuen aparteko ondoriorik izan.

Aitzitik, elkarren ondoko erreinuetako harreman politiko eta diplomatikoak irauli egin ziren, Nafarroaren mesedetan. Abagunea are egokiagoa bihurtu zen Antso erregearen alaba, Berenguela, Ingalaterrako Rikardo I.a "Lehoi-bihotzarekin" ezkondu zenean. Aurrez Ingalaterrako monarkiak babesa Gaztelari ematen bazion, ordutik aurrera Gaztela eta Aragoiren artean Nafarroako Erreinua banatzeko zuten asmoaren aurka agertu zen.

Berenguela eta Ingalaterrako Rikardo I erregea Txipren ezkondu ziren 1191ko maiatzaren 12an. Horri esker, Nafarroak hurbileko aliatu bat lortu zuen. Ingalaterrako erregeak, Normandia eta Anjouko dukea ere bazenak, bere baitan zituen Gaskonia eta Akitaniako lurraldeak. Modu horretan, Iruñeko erreinuak ez zuen Frantzia mugakide.

Rikardo I erregeak Frantziako Felipe II Augusto monarkarekin batera Lurralde Santurako III. Gurutzadan parte hartu zuen eta itzuleran Austriako Leopoldo dukeak preso hartu zuen Vienan. 1192ko abenduaren 21etik 1194ko otsailaren 4ra bitartean egon zen atxilotuta. Abagune hori ederki baliatu zuen Frantziako monarkak, izan ere, Ingalaterrako subiranotasunpean geratu ziren lurraldeak berreskuratu nahi zituen, Normandiako konkista abiarazteko. Akitania eta Gaskoniako lurrak ere Frantziako erregearen miran zeuden eta, gainera, Gaskoniako seneskala gaixo zegoen. Bestalde, Gaskonia eta Akitaniako hainbat jauntxok aukera baliatu nahi izan zuten Ingalaterrako mendekotasunetik askatzeko, eta Perigord eta La Marcheko kondeek seneskalari eraso zioten Gaskoniako beste baroi batzuen laguntzaz.

Nafarroako Sancho printzea, "Antso Jakitunaren" seme zaharrenak (gerora Antso VII Azkarra izenarekin aginduan izan zena), erbestera jo zuen Rikardo koinatuari laguntza eskatzeko. Nafarroako infantea Gaskonian eta Tolosako (Frantzia) kondearen lurretan sartu zen, apatu hiriko ingurumarietara iritsi zelarik.

1194ko maiatzean Antso infanteak Rikardo I erregearen alde borrokatu zuen berriz ere, Frantziako erregearen aurkako lehian. Locheseko (Indre et Loire) gaztelua hartzeko borrokan parte hartu zuen eta bertan jaso zuen Nafarroatik zetorren albiste iluna, aitaren heriotza, alegia. Kanpaina horretan Nafarroako printzeak Godofredo de Ranconen lurrak eta Angulemako kondearenak suntsitu zituen.

  • ALVAREZ PALENZUELA, Vicente Angel (koord.). Historia de España de la Edad Media. Bartzelona: Ariel, 2008. 3. argit.
  • FORTUN PEREZ DE CIRIZA, Luis Javier. "La quiebra de la soberanía navarra en Álava, Guipúzcoa y el Duranguesado (1199-1200)". Revista Internacional de los Estudios Vascos, 45. alea, 2, 439-494. or. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2000. [Kontsulta data: 2011ko maiatzak 30].
  • LACARRA DE MIGUEL, Jose Maria. Historia del Reino de Navarra en la Edad Media. [Iruñea]: Caja de Ahorros de Navarra, 2000. 2. argit.
  • LACARRA DE MIGUEL, Jose Maria. Historia política del reino de Navarra: desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla. Iruñea, 1972.
  • LADERO QUESADA, Miguel Angel (koord.). La Reconquista y el proceso de diferenciación política (1035-1217). Madril: Espasa Calpe, 1998.
  • MARTIN DUQUE, Angel J. "Imagen histórica medieval de Navarra. Un bosquejo ". Príncipe de Viana, LX. urtea, 217. zbk. (1999), 401-458. or. [Kontsulta data: 2011ko maiatzak 30].
  • MARTIN DUQUE, Angel J. "Imagen histórica medieval de Navarra. Un bosquejo". Príncipe de Viana, LXIII. urtea, 227. zbk. (2002), 957-1008. or. [Kontsulta data: 2011ko maiatzak 30].
  • MARTIN DUQUE, Angel J. "La restauración de la monarquía navarra y las Órdenes Militares (1134-1194)". Príncipe de Viana, LXIII. urtea, 227. zbk. (2002), 851-861. or. [Kontsulta data: 2011ko maiatzak 30].
  • MARTIN DUQUE, Angel J. "Sancho VI el Sabio y el Fuero de Vitoria ". Príncipe de Viana, LXIII. urtea, 227. zbk. (2002), 773-789. or. [Kontsulta data: 2011ko maiatzak 30].
  • MARTIN DUQUE, Ángel J. "Vasconia en la Alta Edad Media. Somera aproximación histórica". Revista Internacional de los Estudios Vascos, 44. alea, 399-439. or. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1999. [Kontsulta data: 2011ko maiatzak 30].
  • MARTINEZ DIEZ, Gonzalo. Alfonso VIII, rey de Castilla y Toledo (1158-1214). [Burgos]: La Olmeda, 1995.