Monarkia eta noblezia

Antso VI.a Gartzea

Berenguela eta Ingalaterrako Rikardo I erregea Txipren ezkondu ziren 1191ko maiatzaren 12an. Horri esker, Nafarroak hurbileko aliatu bat lortu zuen. Ingalaterrako erregeak, Normandia eta Anjouko dukea ere bazenak, bere baitan zituen Gaskonia eta Akitaniako lurraldeak. Modu horretan, Iruñeko erreinuak ez zuen Frantzia mugakide.

Rikardo I erregeak Frantziako Felipe II Augusto monarkarekin batera Lurralde Santurako III. Gurutzadan parte hartu zuen eta itzuleran Austriako Leopoldo dukeak preso hartu zuen Vienan. 1192ko abenduaren 21etik 1194ko otsailaren 4ra bitartean egon zen atxilotuta. Abagune hori ederki baliatu zuen Frantziako monarkak, izan ere, Ingalaterrako subiranotasunpean geratu ziren lurraldeak berreskuratu nahi zituen, Normandiako konkista abiarazteko. Akitania eta Gaskoniako lurrak ere Frantziako erregearen miran zeuden eta, gainera, Gaskoniako seneskala gaixo zegoen. Bestalde, Gaskonia eta Akitaniako hainbat jauntxok aukera baliatu nahi izan zuten Ingalaterrako mendekotasunetik askatzeko, eta Perigord eta La Marcheko kondeek seneskalari eraso zioten Gaskoniako beste baroi batzuen laguntzaz.

Nafarroako Sancho printzea, "Antso Jakitunaren" seme zaharrenak (gerora Antso VII Azkarra izenarekin aginduan izan zena), erbestera jo zuen Rikardo koinatuari laguntza eskatzeko. Nafarroako infantea Gaskonian eta Tolosako (Frantzia) kondearen lurretan sartu zen, apatu hiriko ingurumarietara iritsi zelarik.

1194ko maiatzean Antso infanteak Rikardo I erregearen alde borrokatu zuen berriz ere, Frantziako erregearen aurkako lehian. Locheseko (Indre et Loire) gaztelua hartzeko borrokan parte hartu zuen eta bertan jaso zuen Nafarroatik zetorren albiste iluna, aitaren heriotza, alegia. Kanpaina horretan Nafarroako printzeak Godofredo de Ranconen lurrak eta Angulemako kondearenak suntsitu zituen.