Monarkia eta noblezia

Antso VI.a Gartzea

Antso III.a erregealdia hasi eta urtebete ingurura hil zen, 1158ko abuztuan. Alfontso VIII.a semearen eskuetan utzi zuen Gaztelako erreinua, 3 urte baino ez zituelarik. Horrela, Castro eta Lasa familien (hastapenetik izan ziren hausturak bi familia horien artean) eta Leongo Fernando II.a erregearen artean gatazkak piztu ziren. Alfontso VIII.aren zaintza eta hura adinez txikikoa zen bitarteko erregetza zeuden lehian. Urte bereko abuztuan Ramon Berenguer hil zen. Alfontso II.a Kastoak ordeztu zuen. Azken hori ere adinez txikikoa zen eta tutoretzapean zen. 1162an Aragoiko erregearen tutoreek, Nafarroako erregearen eraso baten beldur, Leongo Fernando II.arengana jo zuten eta haren babesa eskatu zuten. Halaber, Frantzian zituzten interesak babesteko Ingalaterrarekin adostutako aliantza berretsi zuten.

Nafarroaren etsai ziren bi erreinuak barne-arazoak ebazten ziharduten. Antso VI.ak abagunea baliatu zuen Errioxa eta Burebako lurrak berreskuratzeko. Iruñeko erreinua eta Gaztela 1076az geroztik zeuden lur horiek eskuratzeko lehian, orduan Alfontso VI.a Gaztelako erregeak Iruñeko erreinuko zenbait lur okupatu baitzituen, Antso Gartzea IV.a Peñalengoa erail ostean.

1162an Nafarroa eta Aragoiko erreinuek hamahiru urtez luzatu zen bake-akordioa lortu zuten. Egoera egokia zen Antso VI.ak Gaztelan esku-hartzea burutu zezan. Gainera, Antso III.a hil ondotik, Nafarroako erregea Gaztelako monarkarekiko basailutzatik aske geratuko zen. 1162ko urrian hasi zen Errioxako lurretan sartzen, Logroño okupatu zuelarik lehenengo. Pedro de Arazurik, Tuterako gobernua zuenak, bereganatu zuen hiri horretako agintea. Aurrerago beste zenbait plaza urratu zituzten Errioxan, esate baterako, Entrena eta Pazuengos, eta baita Ausejo, Resa, Autol, Quel eta Ocon ere Ebro ibaiaren beste aldean. 1163ko martxoraino luzatu ziren okupazio-mugimenduak eta, besteak beste, Grañon, Cerezo, Treviana, Miranda de Ebro, Gesaltza-Añana eta Briviesca hartu zituzten tropek, Burgos ingurura ere gerturatuz. Nafarroako erregeak Errioxa eta Gaztela Zaharra bereganatu zituen ia osorik, Naiara eta Kalagorri izan ezik. Azken bi horietan Lope Diaz de Haro bizkaitarra eta Gomez Gonzalez kondea ziren defentsan, hurrenez hurren. Okako Mendien muga tradizionalak urratzea lortu zuen eta, mendebaldetik, Araba berreskuratu zuen, Estibaliz, Divina eta Durangoko lurrak hartuta.