Monarkia eta noblezia

Antso VI.a Gartzea

Gerrako sarraldiek eragindako kalte eta gastuen ondorioz, nafarren egoera ezin eutsizkoa zen. 1176ko abuztuaren 25ean Alfontso VIII.a Gaztelakoa eta Antso VI.a Nafarroakoa Naiara eta Logroño artean elkartu ziren. Zazpi urteko tregua adostu zuten eta elkarren arteko gorabeherak Ingalaterrako Enrike II.a Plantageneten arbitrajearen arabera ebaztea erabaki zuten. Ingalaterrako monarkak bazituen arrazoiak Nafarroa eta Gaztelako arazo politikoen artean bitartekari-lanak egiteko. Lehenik eta behin, Alfontso VII.aren aitaginarreba zen, izan ere, haren alaba Leonor Gaztelako Alfontso VIII. arekin ezkondu zen 1170ko irailean. Bestalde, Leonor erregina, Leonor infantaren ama, Akitania eta Poitouko dukesa zen, eta Leonor infantari Gaskonia (Iparraldetik Nafarroaren mugakide den lurraldea) utzi zioten gurasoek dotean. Gaztelako boterea iparraldetik ageri zen eta, Aragoi eta Gaztelako etsai tradizionalek Ingalaterraren konplizitatea pairatu behar izan zuten. Hala eta guztiz ere, Antso VI.ak bakea berrezartzeko ahaleginetan murgildu zen egoerak hala behartuta.

Arbitrajeak 1177ko martxoaren 9an emango zuen epaia eta Nafarroa eta Gaztelako enbaxadoreak Ingalaterrako gortera bertaratu beharko ziren egun horretan sententziaren berri izateko. Euren konpromisoaren berme gisa, bi aldeek haien baitako gaztelu entzutetsuenetako hiru eman beharko zituzten fidantza modura; gaztelarrek Naiara, Arnedo eta Cellorigoko gazteluak ezarri zituzten fidantzan eta nafarrek Lizarra, Funes eta Marañonekoak. Sententziak Alfontso VIII.aren erregealdian egindako konkistak itzularazi zituen, konkistatuak zein berreskuratuak. Epai horrek ez zuen errege bakarra ere gustura utzi. Ebazpen hori onartuta Gaztelako erregeak Logroño, Navarrete, Entrena, Autol eta Ausejo jasoko zituen eta Nafarroakoak, berriz, Leguin, Portilla eta Godinen zuen gaztelua. Halaber, epaiak aurrez adostutako zazpi urteko tregua errespetatzeko betebeharra ezartzen zuen eta, horrez gain, Gaztelako erregeak urtean 3000 marabedi eman beharko zizkion Antsori hamar urtetan zehar.

Antso VI.aren eta Alfontso VIII.aren arteko gatazka ez zen guztiz ebatzi Enrike II.aren arbitrajearekin, eta 1179. urtean bake-akordioa ezartzea adostu zuten bi aldeek. Akordio horren arabera, Ingalaterrako monarkak emandako sententzia onartzeko konpromisoa hartzen zuten. Akordio horri jarraiki, Nafarroako erregeak Logroño, Entrena, Navarrete, Ausejo, Autol eta Resa onartzen zizkion Alfontso Gaztelakoari.