Kontzeptua

Artearen Historia. Errenazimendua

 

Aro Modernoko lehen zati honetan, Euskal Herria, bi monarkia boteretsutan -Espainia eta Frantzia- bereizita geratu zen behin-betiko, eta herrialde hauetako bakoitzak historiako aldi hau taxutu zuten. Modu honetan, nobleziaren eta Elizaren boterea bigarren maila batera pasa zen, eta botere hori aldi horretako protagonista nagusi bilakatu ziren erregeek eta hiriek hartu zuten. Gainera, Elizak, neurri handi batean botere moral eta ekonomikoa mantendu bazuen ere, erlijio-krisia pairatu zuen eta ahuldurik geratu zen, aharik eta Trentoko Kontzilioak berriro gidaritza eman zion arte. Hori dela eta, monarkiak eta burgesiak zalantzan jarri zuten artearen arloko gidaritza hori, eta Euskal Herriak XVI. mendean bizi zuen abagune ekonomiko eta demografiko itxaropentsuaz baliatuz, arte-sorkuntza berrien beharrizana sortu eta sustatu zuten. Hala, lehenengo XVI. mende amaierako izurriaren epidemiak eta, ondoren, XVII. mendeko krisi politiko eta ekonomikoak arte-sorkuntza murriztea eragin bazuten ere, Europa Iparraldeko eta Amerikako itsas jarduerari esker Euskal Herriak bizi zuen aberastasunaz baliatuz eta Euskal Herriko nobleek estatuko armadan eta administrazioan parte hartzen zutela baliatuz, Euskal gizartearen gogo eta ekimenak, artearen agerpenari garrantzia ematen jarraitzea lortu zuen.

Garai horretan garatu zen estilo artistiko berriari errenazimendua deitu zitzaion, izan ere, helburu nagusia ez zen izan Antzinako Grezia eta Erromako eredu klasikoak birsortzea soilik, kulturaren ardatza ere aldatu nahi zen, dimentsio jainkotiarraren ordez dimentsio gizatiarra finkatuz.

Eraldaketa garrantzitsu hau, bere esparruko gustuekin bat egiten zuen estilo artistiko berri bat aldarrikatzen zuen gizarte-klase nagusiak, burgesiak, eta hiriek bultzatu zuten. Horrela sortu zen errenazimendua, eredu klasikoei so abiatu zen estiloa, izan ere, garai hartan eredu jainkotiarrei baino gizakiaren neurrira zegoen arte bat sortu nahi izan zela uste da. Horrez gain, monarkiek modu honetako artearen aldeko apustua eginez, boterearen kontrolean eta sozialki nagusi izatekoa mantentzen zuten lehian noblezia eta Eliza ahuldu zitzaketela ikusi zuten. Elizari dagokionez, behin egoera berrira egokituta, estilo hori bultzatzeko jarrera hartu zuen, gero eta gehiago irudikatzen ziren gai profanoek erlijio-gaiak bazter ez zitzaten. Hori dela eta, azkenean errenazimendua guztientzako propagandazko estilo bilakatu zen, botere zerutiarra eskuratzeaz gain, lurralde-boterea eskuratzeko paregabea suertatzen zen tresna.

Bestela izan ez zitekeen moduan, errenazimenduko ereduak Italiatik iritsi ziren, baina, estilo erromaniko eta gotikoa ez bezala, errenazentista ez zen horren homogeneoa izan eta eredu ugaritasun eta aniztasun handiagoa ezagutu zuen arte adierazpenean. Dena den, jarraitu ziren irizpide guztiak artearen tradizio klasikoa berreskuratzera bideratu ziren, estilo gotikoa alde batera utziz. Lengoaia berri honetan, gizakia izan zen ardatz nagusia, ondorioz, proportzioa, simetria eta armonia bezalako kontzeptuak sintaxi berri honetako ezinbesteko elementu bilakatu ziren, lexikoa antzinatasun klasikoari zegozkion elementuz hornitu zelarik.

Errenazimendua berandu sartu zen Euskal Herrian. Izan ere, XVI. mendera arte euskal probintzietan estilo gotikoa izan zen nagusi, horrenbestez, errenazimenduak mendearen azkenaldian izan zuen azaleko presentzia, funtzio apaingarri eta sinbolikoa baino ez zuena. XVII. mendean, errenazimenduaren garapena hasi zen, nahiz eta barrokoarekin batera bizi behar izan zuen. Halere, errenazimenduaren iraupena murritza izan bazen ere, estilo honetan arte-adierazpen garrantzitsuak sortu ziren eta ez bakarrik arkitekturan, eskulturan ere nabarmendu zen errenazimendua, erromanismo izendatuko dugun korronte batean murgildurik, Nafarroan eta Gipuzkoan eragin indartsua izan zuen korrontean. Estiloari dagokionez, errenazimenduak, Europako -Italia, Herbehereak eta Alemaniako Printzerriak- nahiz Gaztela eta Aragoiko eragina jaso zuen. Modu honetan, Euskal Herriak errenazimendu ez autoktonoa baina berezia garatu zuen, kanpoaldeko eraginen menpe zegoen arte plastiko batekin eta, beste behin, soil eta sinplea izaki apaingarritasun orotatik at bolumen eta espazioen nahasketari esker monumentala zen arkitektura batekin.