Kontzeptua

Artearen Historia. Errenazimendua

 

Arkitektura forma nagusien deskribaketari dagokionez, erlijio-arkitekturan oinplano eredu ugari aurki daitezke, ondorioz, erromanikoan eta gotikoan gertatzen zen bezalaxe, nekez egotz dakioke garai honi eredu bakarra. Hala, Euskal Herrian badira nabe bakarreko elizak eta hiru nabetan eginak ere aurki daitezke, baina gainera, hiru nabetako ereduari jarraiki egin eta aretozko oinplano bilakatu zirenak ere badaude. Altuerari dagokionez ere oparotasuna dugu, eta altuera ezberdinak hartzen dituzten elizak aurki ditzakegu alde batetik eta gehienezko altuera estalduretan hartzen duten elizak, beste alde batetik. Dena den, badira sasoi ezberdinetan maiztasunez errepikatzen diren arkitektura forma batzuk. Esate baterako, bertikaltasuna eta apaingarririk gabeko kaxa zuzenen itxura prismatikoa dira kanpoaldetik Euskal Herriko eliza gehienen ezaugarriak; berez, burualde zuzen eta poligonalak eta trazaketa adierazten duten kontrahormak dira euskal elizetako kanpoaldean nabarmentzen diren bolumen bakarrak. Barrualdeari dagokionez, gehienek batasun espaziala transmititu nahi zuten, ondorioz, kapera urritasuna, joera laukizuzeneko oinplanoak eta euskarri ugari ziren nagusi.

Deskribatutakoaren arabera, erlijio-tipologia kopuruari eta garrantzi sozialari dagokionez garrantzitsuena izaten jarraitu bazuen ere, arkitektura zibila indarra hartuz joan zen, izan ere, azken honek arkitektura gero eta garrantzitsuagoa garatu zuen. Dena den, sasoi honetako erlijio-arkitekturan, errenazimenduaren eragina zuen elizaz gain, Euskal Herriari dagokion berezko estiloa ez badu ere -izan ere, aurretik Europan sortu eta Penintsularen iparraldera hedatu zen- gure lurraldean asko hedatu zen eliza mota bat aztertuko dugu, mantendu diren adibide ugaritan egiaztatu daiteken mota, euskal gotikoa izenez ezagutzen duguna.

Lurralde guztietan antzeko garapena izan bazuen arren, kostaldean kokatu ziren elizek garrantzi handiagoa hartu zuten. Erlijio-tipologiari dagokionez, Gipuzkoa eta Bizkaiak, euren herrien bultzada ekonomiko eta demografikoarekin bat zetozen tenplu nabarmenak egiteko ahaleginarekin jarraitu zuten eta, Araba, Nafarroa eta Iparraldean jarduera artistikoaren gainbehera fase bat bizi izan zuten barrokoan ere iraun zuena. Izan ere, aurreko sasoietan eraikitako eraikuntzekin izpirituzko beharrizanak ase zirenez, hiru probintziok iraunkor mantendu ziren, aurrerapenik gabe, nekazal arloari hiri arloari baino garrantzi gehiago emanez. Estiloari gagozkiola, eraikin gehienak XVI. mende amaierakoak eta XVII. mende hasierakoak dira eta plateresko estiloan eginak daude, garatu zirenen artean apaindurari garrantzia gehien eman ziona eta herreriatarrena, berantagoa eta soilagoa.

Adibideen artean, Arabako Eltziego eta Lapuebla de Labarcan eraiki ziren elizetako monumentuzko fatxadak aipatu behar dira, erdi-puntuko arkudunak. Nafarroan ere portada adierazgarrien hiru adibide aurki daitezke Kaseda, Los Arcos eta Vianako elizetan; azken honek errenazimenduan egindako portada bikaina du, garaipenaren arkuarekin enkoadratutako exedra formakoa. Halere, lurralde hauetan estilo honi dagokion adibide bitxiena Araban aurki daiteke, Aguraingo Andre Mariaren parrokiako koruan, adibide hau giltzarri da Euskal Herriko errenazimendu platereskoaren lehen aldian; ukitu gotikoa duten punta zorrotzeko arku zuzenen gainean jasoa, Aguraingo koruan, tertzelete-ganga nabarmentzen da. Araban, Estamonako San Andres elizan eta Kanpezuko Jasokundearen elizan ere koru errenazentistak aurki ditzakegu. Komentu-arkitekturari dagokionez, Orreagako, Fiteroko eta Iratxeko monasterioetan errenazimenduko lehen aldia baliatu zuten, oraindik ere gotikoaren eragina antzeman dakizkiokeen estilo sinpleetan eraikitako klaustroak eraikitzeko. Gainerako eraikuntzei dagokienez, eliza errenazentista sinpleak aurkitzen ditugu, bai egitura eta bai apaingarriei dagokienean, Lerin, Larraga, Ziga, Otsagabia, Erronkari, Milagro, Arguedas, Kaparroso eta Garesen, Nafarroan, eta Bastida eta Oionen, Araban.

Iparraldean ere, eliza txiki eta sinpleetan elementu gotikoen eta errenazentisten nahasketa izan zen nagusi, bereziki Zuberoako probintziako nekazal eremuan eraikiak. Herrietako biztanleriak gora egiten zuenean eraikitzen ziren egurrezko galeriak eta gurutze banaz azkendutako (erdikoa handiagoa zelarik) hiru dorrez osatutako kanpai-hormak ziren eliza hauetako bi elementu nagusienak. Interpretazio ezberdinen arabera, dorre hauen forma eta kokapena gurutze-bidearen edo hirutasunaren ikur ziren, Ingalaterrako elizaren eragina ere izan zitekeen arren, izan ere, lurralde hau sasoi ezberdinetan Ingalaterraren menpe egon zen. Halakoak dira Gotogeño, Undureiñe, Altzuruku eta Zalgizko elizak, eta aipatu kanpai-horma mantentzen dute.

Gipuzkoa eta Bizkaiari dagokionez, aipatu bezala, kostako bi probintzia hauen hazkunde ekonomiko eta demografikoari esker, bertako arkitektura harrigarriki garatu zen garrantziari eta kopuruari dagokionez. Garai gotikoan korronte berria kostako herrietan nabarmendu bazen, garai honetan barnealdeko herriak dira, batez ere, korronte honen eragina hartzen dutenak, bertako nobleziak estatuko administrazioan parte hartzen zuela baliatuz. Gauzak horrela, estilo honetako adibideak aurkitzen ditugun lehen herrian -Oñati (Gipuzkoa)- jaio zen eraiki ziren eraikuntzen mezenas, Rodrigo Mercado de Zuazola, Avilako gotzaina eta Gaztelako Gorteetako kontsultaria. Gipuzkoako herri honetako San Miguel elizako klaustroa eta Errukineko kapera estilo errenazentistan eraiki ziren. Dena den, Bidaurretako monasterioa da Oñatiko erlijio-eraikuntza nagusia, komentu-elizen eskema klasikoari dagokionez, kontrahormen artean kapera baxuak dituelarik.

Komentu-tipologiaren barruan, trazatzaile berari zor dizkiogu hiru proiektu nagusiak, Frai Martin de Santiagori, zeinak Salamancako San Estebango ereduari jarraiki, Bilboko domingotarren Gizakundea komentua eta Donostiako San Telmo proiektatu zituen; San Telmo da bietan hobeto mantentzen dena, euskal arkitektura errenazentistako eraikin nagusietako bat. Bolumenari eta eraikuntzari so eta Trentoko Kontzilioak zehaztutako kontzeptu errenazentista soil eta landuago berri bati erantzunez, oso soila eta sinplea den monasterio honetan, eliza nabarmentzen da. Bertan, ojiba-arkudun estaldurak eta gurutze-gangak zilindro formako euskarriekin batera, barneko espazioa bateratzen dute. Klaustroa ere aipagarria da.

Gainerako elizei dagokienez, Bizkaian, garapenaren arkuaren itxura hartzen duten portada errenazentistak nabarmendu behar dira, Begoñako Andre Maria, Bilboko San Anton, Portugaleteko Andre Maria eta Zornotzako Abandoko San Bizente tenplu gotikoetara erantsiak. Bukatzeko, azpimarratu ere, halaber, Markina-Xemeinen kokatzen den Ziortzako Kolegio-klaustroa eta Balmasedako San Severino elizan dagoen Santo Cristo kapera, azken honetan, izar-gangak nabarmentzen direlarik.

Azkenik, Trentoko Kontzilioaren bitartez Eliza katolikoak bultzatutako ikuspuntu aldaketak, arkitektura estilo, soilagoa, irmoagoa eta monumentalagoa ekarri zuela nabarmendu behar da, euskal gotiko izenez ezagutzen duguna, hain zuzen ere. Ikuspuntu aldaketa honi esker, Euskal Herrian sasoi gotikoko elizen eredua, eta eredu hauen eta apaingarririk gabeko elementu errenazentisten arteko nahasketak berreskuratu ziren. Ondorioz aretozko oinplanodun elizak sortu ziren -zutabedunak izenez ere ezagunak-, honako ezaugarriekin: altuera handiko hiru nabe (nahiz eta nabeen artean ez zegoen alderik), gurutze-gangak, kanpoaldean kontrahormarik eta arbotanterik gabea, eta eredu errenazentistari dagozkion kapiteldun zutabeak.

Mota honetako elizak Bizkaian eta, batez ere, Gipuzkoan aurkitzen dira, garai horretan biztanleria hazkunde nabarmena eman zen herrietan, zeinaren ondorioz, espazioa bateratzeko joera hartu zen, edukiera, ikuspen eta akustika arrazoiak zirela-eta. Estilo honetan egindako eliza anitzen artetik Azpeitiko (Gipuzkoa) San Sebastian de Soreasu eliza nabarmendu behar da, bertako kasetoidura nerbioak dituen ganga trenkatuekin. Gainerakoek, apalagoak izan arren, euskal arkitekturako paisaiaren ikur bilakatzea lortu dute, bertikaltasunari eta kanpoaldeko prisma itxurari esker. Bizkaian, Lezama, Elorrio, Gernika eta Turtziozeko parrokiak nabarmendu behar dira eta Araba eta Nafarroan, Gasteizko San Bizenten, Cascanteko Jasokundean, eta Cintruenigoko San Joan Bataiatzailean baino ez ditugu estilo honetako adibiderik topatu ahal. Gipuzkoan, aitzitik, etengabe agertzen zaizkigu halako elizak paisaian zehar; Tolosan, Seguran, Idiazabalen, Azkoitian, Bergaran, Hernanin, Zumarragan, Eibarren, Irunen, Deban, Lezon, Oiartzunen eta Errenterian kokatzen dira adierazgarrienak. Nabe bakarreko elizek, bertikalki eraikitako eta espazio bateratua duten eliza hauen beste aldagai bat osatzen dute; nagusiki nekazal eremutan eta komentuetan eraiki ziren eta gehienek bizpahiru tramutako nabe laukizuzena izaten dute, kontrahorma bidez markatuak eta burualde zuzen edo zortzialdekoz amaitua; Gipuzkoan, Soraluzeko Andre Maria, Itziarko Andre Maria eta Orioko San Nikolas eliza dira mota hauen adibide.