Monarkia eta noblezia

Antso VII.a Azkarra

1199an, Alfontso VIII.a eraso-kanpaina prestatzen ari zen euskal erreinua inbaditzeko, Aragoiko erregearen laguntzarik gabe oraingoan. Antso VII.ak Afrikara bidaiatu zuen bizkor, aliatu ahaltsuen bila, Akitaniako egoera ez baitzen oso egonkorra. Pirinioen beste aldean, Rikardo "Lehoibihotz" koinatuaren laguntza zeukan soilik; alabaina, Rikardo Chaluzeko gazteluaren setioan hil zen, Limousingo bizkonderrian. Harresitik jaurtitako gezi batek zauritu zuen, eta 42 urte zituela hil zen. Rikardo hil zenean, Akitaniako ondorengotzaren auzia sortu zen. Alfontso VIII.a Gaztelakoak, Leonorren, Rikardoren arrebaren, senar zen heinean, bere emaztearentzat aldarrikatu zuen ondorengotza.

Antsok Afrikara egindako bidaiaren inguruan, gauza asko gelditzen dira argitu gabe. Gaztelari aurre egiteko laguntza bila Afrikara joan aurretik, errege nafarra harremanetan jarri zen Aben Jacub miramamolinarekin. Baina hara joan zenean, almohadeen arteko egoera ere aldatuta zegoen. 1199ko urtarrilean, miramamolina hil zen (ez zen ongi jakin nola), eta haren anaia batek, Brahemek (Mohamed al Naser), ordeztu zuen, Mohamed adin txikiko ondorengoaren izenean. Antsori harrera egin zioten Marokoko gorteetan, eta, hura han zegoenez, errazagoa izango zen Gaztelako eta Aragoiko erregeentzat erresuma inbaditzea. Han egon zen artean, erresuma horietako enbaxadoreek su-etenak sinatu zituzten Brahemekin 10 urteko aldirako.