Monarkia eta noblezia

Antso VII.a Azkarra

Alfontso VIII.ak Nafarroako erregearen kontrako kexuak helarazi zizkion Inozentzio III.a aita santuari; alde batetik, su-etenak hautsi izana eta horien berme gisa hartutako gazteluak okupatu izana leporatu zion Antso Azkarrari, eta, beste alde batetik, Gregorio kardinalak, Zelestino III.aren buldako arbitroetako batek, Nafarroako erregea eskumikatu zuela esan zuen. Salaketa hori zela eta, Inozentzio III.ak Rainerio kardinala igorri zuen esku har zezan eta erregeak lasai zitzan, baita Antso Azkarraren inguruko akusazioak egia ote ziren egiazta zezan ere.

Raineriok ezer egiaztatu baino lehen, Gaztelako eta Aragoiko erregeak Calatayuden bildu ziren 1198ko maiatzaren 20an, eta Nafarroako Erresuma elkarren artean banatuko zutela adostu zuten berriz ere.

Gaztelako eta Aragoiko erregeek 1198ko udaberrian inbaditu zuten Nafarroa; Aragoikoak ekialdeko mugatik, eta Gaztelakoak mendebaldetik. Alfontso VIII.a Arabatik sartu zen, eta Miranda de Ebro eta Inzura hartu zituen. Aragoikoak, berriz, Zangotzako merindadea inbaditu zuen, eta Aibar eta Burgiko (Erronkaribar) hiria eta gaztelua hartu. 1198ko uztailean amaitu zen kanpaina.