Dantza

Aretxabaletako aurreskua

Santa Ageda neska-mutil edo kintoek, aurreskuaren prestakuntza azaroan hasten dute. Protagonistak urtero berritzen dira, baina zenbaitek bitan ospatzen dute. Kintako bi gazteenak hurrengo kintakoekin irtengo dira berriz, eta kintako bi zaharrenak aurreko urtekoekin. Honela, transmisioa ziurtatu eta kinten arteko zubi lanak egiten dira.

Aurreskua, arratsaldeko zazpietan hasten da Durana kalean. Elizako kanpaiak entzutean, etxafuegoa botatzen da eta txistulariek lagunduta atalataikua dantzatzen da: kalejira bat osatzen duen soka. Kaleko elementuekin jolastuz, erritmoa bizitu eta mantsotzen dute. Behin plazara iritsita, bertan bildutako jendea ordenatzen dute, beharrezkoa denean jendartea bultzatuz, eta soka lotuaz, borobila osatuz.

Herriko plazaren erlojuaren azpian txistulariak jartzen dira, eta aurresku eta atzeskuak desafixua dantzatzen dute, besteek txistularien aurrean ilargi-erdi bat osatzen duten bitartean. Aurresku eta atzeskuak normalean igandero ezberdinak izaten dira.

Desafioaren ondotik kintoek banakua dantzatzen dute, eta banan-banan plazaren txaloak jasotzen dituzte. Banakoaren ostean, aurreskua edo agurra dantzatzen zaie bi pertsonei. Lehen bi neska izaten ziren, baina orain familia edo lagunarteko edonori ere egiten zaio.

Lehenengo agurra bukatzean, gonbidatua agurra dantzatu duenarekin eskutik emanda kintoen sokara gehitzen da. Berdina gertatzen da bigarren gonbidatuarekin. Behin hori eginda soka bikoizten da, kintoen artean herritarrak sartuz. Elkarrekin arin-arina dantzatzen dute, eta soka eskuinerantz biraka doala, aurresku eta atzeskuak zortzikoaren koreografia dantzatzen dute hiru aldiz.

Bukatzeko atalataikuan hasten dira berriz ere, borobila askatuta dagoela, sokan biraka, barrurantz itxi arte. Behin aurrera egitea ezinezkoa denean, atzeskua bihurtzen da aurresku eta sortutako ubil edo zurrunbiloa desegiten da, oihuek lagunduta. Sokak plazatik irten eta Durana kalea zeharkatzen du, nahiz eta azken urtetan plazatik irtetean soka askatzen duten, bueltako bidea osatu gabe. Aurreskua amaitzean, denentzako txokolatea prestatzen dute eta sokan joan direnei parte hartzera gonbidatzen zaie.

Igandeetako azken dantza berezia izaten da, inauterietan delako. Egun horretan kintoek inauterietako elementu batzuk gehitzen dizkiote jantziei (txapelak normalean), baina dantza berdina gauzatzen da. Beste igandetan haien jantziak dantzarienak dira: alpargata edo espartin txuriak (sarritan beste oinetako batzuengatik ordezkatuak), fraka eta alkandora txuriak, gerriko gorriarekin, lepoan zapia (kolore deigarriekin) eta txapel gorria. Lehenago amerikana janzten zuten arren, orain artilezko jertse gorria daramate soinean.