Dantza

Aretxabaletako aurreskua

Aretxabaletako aurreskua inauterietan (zentzu zabalean ulertuta, neguko festen barruan) dantzatzen da, eta Santa Ageda neska-mutilek Otsailaren 4ean irekitzen duten zikloa, inauterien amaierarekin harilkatzen dute. Txino-dantzarekin batera, Aretxabaletako neguko festen ospakizunik garrantzitsuena da.

Aurreskuak, kinto edo Santa Ageda neska-mutilekin duen lotura erabatekoa da, eta hauen eginbeharra bi urtetan banatzen da. Santa Ageda neska-mutil izan baino lehen, aurreko urteko San Juan bezperan dute lehenengo betebeharra: tantaia jasotzea. Bestea, hurrengo urteko Santa Ageda bezperan hasi, eta inauterietako igandea arte irauten du. Beraz, udako eta neguko festak lotzen dituzte.

Aretxabaletako aurreskua inauterien inguruan kokatzen den ekintza soziala da, eta santa-eskearekin lotuta dago. Inauterien testuinguruan gazteak edo umeak elkarrekin oles egiten sarritan agertzen zaizkigu Euskal Herrian eta baita Aretxabaleta inguruan ere (San Nikolas, Santa Ageda, Eguen Lardero, etab).

Kintoek herrian nahiko askatasun izaten dituzte (eskolan huts egiteko baimena, etab) eta aurreskua, igarotze-erritu moduan sentitzen dute, izan ere, adin horretan haien etorkizunak bide ezberdina hartzen du sarri, ikasketak direla, lana, edo beste. Gainera, herritarrez betetako plazan (herriaren sinboloa) dantza eginez lotura berezi eta berriak sortzen dira, kohesio sozialean eraginez.