Dantza

Aretxabaletako aurreskua

Aretxabaletako aurreskua Santa Ageda neska-mutilen ospakizunari lotuta dago erabat. Santa Ageda neska-mutilak edo kintoak, 19 urte betetzear dauden herriko gazteak dira. Hauek, zerbitzu militarrera deitutako adin-nagusidun gizonezkoak ziren, nahiz eta honen aurretik alarde edo milizia foralak zeuden.

Santa Ageda neska-mutilak eta kintoak sinonimotzat erabiltzen diren arren, ez dago jakiterik lotura hau betikoa izan den. Dirudienez lehengo Santa Ageda mutilak, herriko gazteak ziren, adin ezberdinekoak eta gizonezkoak baina zerbitzu militarraren ibilbidearen arabera aldatuz joan da. Aretxabaletako santa-eskea eta aurreskua, diru eta jakiak bildu eta herria eta familia agurtzeko ospakizun bat zela esan ohi da. Baina inauteriekin duen lotura estua da, eta gazteentzat nolabaiteko igarotze-erritu bat dela ere ikusten da, talde eta herri-kohesioa lantzen dela ere bai. Beraz esanahia ez da garbia edo bakarra.

Gerra Zibilarekin eten egin zen arren, 1942an ohiturarekin jarraitu zen. Apenas aldaketarik izan zen Espainiar Erresuman 2001eko Abenduaren 31n derrigorrezko zerbitzu militarra desagertu zen arte. Ordurako, kintoen ospakizunak intsumisoen aldarrikapenekin uztartzen ziren, nahiz eta lehenago ere aldarrikapen festa izan (ikurrinaren aldekoa, adibidez). 2002an emakumeek parte-hartzea eskatu zuten, eta ezezkoa jaso. 2004ko inauteri-igandean emakumeak gonbidatuta izan ziren lehenengoz. Azkenean 2007an Santa Ageda mutilei neskak gehitu zitzaizkien eta Santa Ageda neska-mutilak sortu.