Dantza

Arabako Dantzak

Atal honetan, dantza eta dantzaldi publikoak edo pribatuak multzokatuko ditugu. Jolas edo gozamen partikularrerako nahiz taldekakorako erabiltzen dira nagusiki. Mahai on baten inguruan agertzen dira, edo jai-giroa nagusitzen denean, erronka edo apustu baten ondorioz, eta parte-hartzaileak nahiz ikusleak jostaraztea dute helburu. Hor koka ditzakegu igandeetako edo jaietako dantzaldi publikoak ere, zeinek lanegun gogorrak arintzen laguntzen baitzuten (haietako batzuk, tokiko jotak esaterako, erritual bihurtzen ziren, eta zenbait dantza-ziklotan sartuta ikus ditzakegu orain).

Aramaioko haraneko "Txakolin-dantza" dantzatzeko ohitura, berriz, tabernetan sortzen ziren lehiaketekin edo apustuekin zegoen lotuta, eta ardoa, txakolina, etab. edandakoan sortzen ziren horiek. Dantza horretarako, bi makila gurutzatu ipintzen zituzten lurrean, eta, banan-banan, lehiakideak haien gainean dantzatzen ziren. Ez zuten estropezu egin behar, deskalifikatu eta zigortu egiten baitzituzten bestela.

Koreografia banakoa zen, eta apur bat norberak aukeratutakoa. Ikusleek abestutako abesti baten erritmoan dantzatzen zen. Dantza eta abesti hori oso zabalduta zeuden (Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban). Aramaioko abestiak honela zioen:

Txakolin, txakolin
txakolinak on egin
Maritxo, arintxo da
Martintxo.

Ase naiz naparrez
Txuri, gorri ta beltzez
jarri naute minez;
gabe ere onik ez.

Txakoliñ, txakoliñ,
Txako, txako, txakoliñ,
Azumb?erdi pitxerrien,
Beste erdi sabelien.

Txakoliñ, txakoliñ,
Txakoliñek on egin,
Txakolinek emon dutzo,
Maritxuri zer egin.

"Chula lai", "Marmarisola" edo "La Tarara" deritzana dantza herrikoi bat da, eta hainbat aldiz dantzatzen dute Paganos herrian (Biasteritik hurbil), bai San Blas bezperan, bai zaindari horren egunean (otsailaren 3a).

Dantza horretan, bi sexuetako eta edozein adinetako pertsonak ari daitezke. Dantzariek korro itxi bat eratzen dute, eta guztiak eskuak elkarri lotuta aritzen dira, gizonak eta emakumeak txandaka direla. Dantza hori ere abestua da, eta hitzek eskualdeko herrietan gertatutako gauzak aipatzen dituzte. Hona horren estrofa batzuk:

La Tarara vende vino
La Tarara vende pan
La Tarara el aguardiente,
La Tarara el mazapán.

Chulalai, chulalai, chula chula chulalai,
chulalai, chulalai, chula chula chulalai.

Navaridas se quema,
Páganos llora
las mozas de Laguardia
se ríen solas.

¡Ay, que se anega la barca!
¡Ay, que la barca se anega!
¡Ay, que se anega la barca
y el barquerito con ella!
Soy viudita la más bonita,
quiero casarme y no tengo con quién.

Ni contigo, ni contigo,
sólo contigo porque eres mi bien.

Dantzak hiru koreografia ongi berezitu ditu: lehena bira batzuk dira, kalejira moduan; bigarrenean, melodia leunago bat jotzen da, eta zirkuluaren erdiranzko hurbiltze eta urruntze batzuk egiten dira, eta eskuak kulunkatzen, eta, hirugarren partean, azkenik, dantzariek "ipurdikada" klasikoak ematen dituzte.

Gesaltzako "Pingajo, Pringajo edo Pilindrajo" deritzana dantza abestu bat da. Hor, bikote misto batek modu lizun samarrean egiten du dantza (elkarrengana hurbiltzen dira, elkar jotzen dute gorputzeko atal askorekin eta elkar besarkatzen dute azkenean). Askari edo bazkari bat zenean dantzatzen zuten, neguko arratsalde edo gau luzeetan, edo are inauterietan. Dantza umoretsu horretan, abestiaren hitz bitxien aginduak jarraitzen dira:

Por bailar el "Pilindrajo" madre
me dieron un real,
báilalo de este costado
del otro costado
de la delantera
de la trasera
báilalo, báilalo, picaronaza
báilalo, báilalo, que lo tienes en casa.

Dicen que las azucenas
se crían en los ribazos
yo también me criaría,
resaladita, en tus brazos.

San Roke bezperako gauean, Pipaonen "El Cachupín" izenaz ezagutzen zen erdi dantza erdi joko bat egiten zen. Gizon-ilara mugagabe bat da hori, eta elkarri gerritik helduta aritzen ziren. Dantzari gidariak ezpel-adar bat eraman ohi zuen eskuan, sutan, eta, era horretan, plazan ibiltzen ziren. Plazan, gainera, su handi bat egoten zen, aurretik piztua. Noizean behin, gidaria itzuli egiten zen, ilarako azkenekoaren bila, eta horrek, ihes egitean, askatu gabe, sutako txingarren gainetik jauzi eginarazten zien ilarako guztiei. Abesti herrikoi bat abestu ohi zuten. Honela dio:

Al Cachupín, pin, pin,
que eres un galopín
que por no trabajar
te has metido alguacil
y a los pobres ancianos
no les dejas vivir
que les quitas los cuartos
para beber txakolí.

"Las arregachaditas" ere Pipaongo dantza musikadun bat zen. Edozein unetan egiten zen (eta modu errituzkoago batean, Vera Cruz-eko Kofradiaren abadearen etxean egiten zen askarian). Dantzariek eskuetatik heldu elkarri eta korro bat eratzen zuten. Bi sexuetako gazteak izan ohi ziren, edo gizonak bakarrik. Aurretik, Pedro edo Juan izena ematen zitzaien, txandaka, dantzariei. Kantuan joaten ziren. Izenetako bat esatean, izen hori jaso zutenak makurtu egiten ziren, eta besteek zangoa pasatzen zieten gainetik, eta horrela gero eta bizkorrago. Abestiak honela zioen:

A las arregachaditas
las quiero ver bailar
si las baila Pedro
también las baila Juan ....