Dantza

Arabako Dantzak

Ezaugarri horietako dantza ugari dira Arabako, Errioxako eta Burgosko muga-eskualde zabaletan. Gagozkion lurraldera begiratuta, Arabako Errioxa osoan dira, eta, maiz, dultzaineroen eraginagatik edo, koreografia batzuk ere partekatzen dituzte.

Orokorrean, dantza horietan tresnarik gabe edo tresnekin (makilak, arkuak edo zintak) egiten da dantza, permutazio edo toki-aldatze sail batzuen ondoren, eta, normalean, lau puntu kardinaletaranzko translazio-irudia ageri ohi dute (zeinei "kaleak, katea edo izarra" deitzen zaien). Makiladun dantzak dira ugarienak, eta "trokeatuak, makil-dantzak edo makiladun dantzak" deitzen zaie eskualde osoan. "Zuhaitz-dantzak" deritzetenak ere ageri dira neurri txikiago batean (zinta-dantzak baizik ez baitira), eta arkudun dantzaren bat eta giza gazteluen eratze bitxia.

Erritu bihurtutako dantza multzo horrek eta aurreko laguntzeko dantza ibiltariek bi pertsonaia bitxi izan ohi dituzte lagun: "Bastoi-gizona" eta "Katximorroa". Batzuetan, horiek nor bere aldetik ageri dira beren zeregina egiten, eta, beste batzuetan, pertsona berarengan biltzen dira bi eginkizunak. Normalean, "Katxi(morroa)" kolore argiz edo arlekin itxuraz jantzitako pertsona bat izaten da. Segizioari bidea irekitzeko xedea izaten du (zigorraz edo untxi- nahiz katu-larru batez joka), hau da, dantzarien bidetik uxatzen du jendea, erritual ilunak egiten ditu, edo barre eginarazten die ikusleei. Erdi Aroko kutsuko pertsonaia da. Lotura handia du antzeko beste batzuekin, Gaztelako "Botargas" eta "Matachines" deritzetenekin edo, are, Otsagiko "Bobo" pertsonaiarekin. Bestalde, "bastoi-gizona" dugu. Dantza-maisuarena egiten du, eta, bastoia dantzatuz, dantzarien birak eta aldaketak zuzentzen ditu.

Urionako "makil-dantzak" zortzi dantzarik dantzatu izan dituzte beti. "Katximorroa" izaten dute lagun dantzan. Orain urte batzuk arte, San Torkuato herriko zaindariaren jaietan (maiatzaren 15a) dantzatzen ziren beti, eta baita San Andres egunean ere (abenduaren 30a). Dantza horiexek eskaintzen zitzaizkien herrira zetozen pertsona ospetsuei ere.

Makil-dantza sorta garrantzitsu bat dugu, bada, hor. Beste garai batzuetan, Arabako eta Errioxako herri ugaritan ezagutzen zituzten (koreografia berdinaz, aldaketa batzuekin edo beste formatu batzuetan). Hau da, melodiak eta horien koreografiak, dultzaineroen jarduerari esker, berak dira eskualdeko herri askotan (Biasteri, Briones, Eltziego, Zanbrana, Ollauri, San Vicente de la Sonsierra, Santurdejo, Fresneda de la Sierra, Lantziego, Ezcaray, etab.). Esan den bezala, dultzainero-taldeak berak ziren musika eta forma koreografiko horien joan-etorrien protagonistak, eskualde osoan ibiltzen baitziren jaiak alaitzen eta jendeari gozarazten.

Makil-dantza horietan, dantzariak alkandora eta galtza zuriz jantzita aritzen ziren. Zapiak eramaten zituzten lotuta buruan eta lepoan, eta zetazko bi banda edo zapi, bularrean zehar; bestalde, kolore askotako damasko-antzeko gonatxo klasikoa, eta, eskuan, makila txiki bat. "Katximorroa" izaten zuten lagun. Horrek kolore askotako buzo moduko bat eramaten zuen soinean, txano konikoa buruan, eta untxi-larrua edo antzekoa, eskuan.

Ziren koreografia ugarietatik, batzuek garbi adierazten zuten zer tresna mota zerabilten (makilak, kriskitinak, etab.), baita beren koreografien ezaugarri jakin batzuk ere ("Oficios", "El del culo", "Bailaos", "Troqueaos", "los de pegar al suelo", etab.), eta berdin beste zenbait ekintza. Gainera, dantzak buruz ikasteko, eta beste makil-dantza batzuetan (Nafarroako Erriberako, Huescako edo Zaragozako "dances"-etan, esaterako) gertatzen den bezala, jendeak sistema nemotekniko bat erabiltzen zuen. Hor, kantu erraz bat sortzen da, musika gogoratzeko:

Sol, mi, fa, sol.

Te vi, te vi, te vi,
con las cucharas salir de casa,
Te vi, te vi, te vi,
con las cucharas de casa salir.

Urteak aurrera joan ahala, dantzetako batzuk ahaztuta gelditu dira ("Para el árbol", "El de la bayoneta", "Danza de San Cristóbal", "El militar", etab.), eta, bere azken etapan, Urionako makil-dantza zikloa honako hauetara mugatzen zen:

  • Bailaos.
  • Paloteaos.
  • Pájara Pinta.
  • Rompecejas.
  • Te vi.
  • El del culo.
  • Troquiau.
  • Los oficios.
  • La castañuela.

Bestalde, Pipaon herriak, Gurutze Santuaren Gorespenaren jaian (irailaren 14a) eta San Roke egunean (abuztuaren 16a), bere dantza-ondarea berreskuratzen du, eta hortxe ikus daiteke aipatu prozesio-dantza edo "kriskitinen dantza". Horren hurrena, makil-dantza batzuk edo "trokeatuak" dantzatzen dira. Izen hauek dituzte: "El herrero Pedro Moro", "El herrero" eta "Danza de los palos". Horien ondoren, "zinten edo zuhaitzaren dantza klasikoa" egiten dute. Zortzi dantzari aritzen dira hor, masta baten inguruan eta zintekin, horiek txirikordatzen eta askatzen dituztela. Dantzariek giza gaztelua eginez amaitzen dute beren dantza-zikloa. Horregatik deitzen diote dantzari "El castillo". Eta bitxitasun bat: giza gaztelu mota hori, izen berarekin, testuingurutik kanpo ageri da Koartango herrian, eta, orain urte batzuk, Gesaltzako mutilek ere egiten zuten. Bi kasuetan ere, "gora" batzuk oihukatzen dizkiete herritarrei haren gainetik.

Gaur egun, San Joan egunean eta San Joan Lepoa Moztua maila txikiagoko jai bitxian (abuztuaren 28a eta 29a), Biasterik ederki gordetzen ditu oraindik makil-dantza berezi bat ("San Joan Lepoa Moztuaren trokeatuak"), "arku-dantza" berri bat ("Junco verde" melodia herritarraren gainean), zinta-dantza edo "zuhaitz-dantza" klasikoa, baita zikloari amaiera ematen dion "Biasteriko jota" ere.

Eltziego herriko erritu-dantzek erlijio-kutsu nabaria ageri dute. Dantza multzo bat dantzatzen da, irailaren 8an, Plazako Ama Birjinaren omenez. Honako dantza hauek dantzatzen dituzte irudiaren aurrean:

  • Correcalles.
  • Danza.
  • Cuatro calles.
  • Danza del Árbol.
  • Jota.

Lehenengo hori jadanik aipatu dugun prozesio-kalejira da. Hor, dantzariek oso modu bitxian hartzen dute plaza ("V" bat eratzen dute, eta hortik dator goitizena). Horren hurrena, dantza labur bat dantzatzen da: "Danza". Horren ondoren, "Cuatro calles" dantzatzen dute; jarraian, berriz, "Zuhaitzaren dantza", "zuhaitza" deritzanaren inguruan zenbait mugimendu eginda, eta tokiko ezaugarriak dituen "jota" batez amaitzen da zikloa.

Egun, zortzi neska aritzen dira dantzan. Jantzi zuria eramaten dute soinean. Besaurrean kolore askotako zintak janzten dituzte; buruan, zapi gorria; bizkarrean, brodatutako eta lorez apaindutako xal bat. Orain asko ez dela, mutilek eta neskek osatzen zuten dantzari-taldea, eta antzina, berriz, mutilek bakarrik. Dantzetan, "bastoi-gizona" izaten dute lagun. Horrek, (beste herri batzuetako) "katximorroak" ez bezala, zeregin zehatza du: bastoiaren laguntzaz, urratsak, birak, erritmoa eta aldaketak zuzentzen ditu, bera ere dantzan ari dela.

Erdi Aroan, Eguberri-ekitaldi berezi batzuk egiten ziren elizen barruan. Artzainen Gurtza deitzen zitzaien. Bada haien hondar bat Araban. Bastidako Pastorala deritzana, izan ere, antzerki sakratuaren oroigarri bat da. Hor, 12 edo 14 bat artzain izaten dira (makila banarekin hornituta). "Katximorroak" edo artzain nagusiak gidatzen ditu, beren kriskitinen erritmoan. Atzetik, honako hauek jarraitzen diete: aitona eta artzain-neska, Familia Santua irudikatzen duten lagunak (Ama Birjina, San Josef eta Jesus haurra) eta udal-agintariak. Azken horiei, lehenago esan dugun bezala, artzainek beren joan-etorrietan laguntzen diete Gabon-gauean (abenduaren 24a) eta Eguberri-egunean (abenduaren 25a).

Antzezpen osoa eta haren koreografiak elizaren barruan egiten dira (aldare nagusiaren aurrean), eta aipatu herriko plazetan, halaber. Musika-laguntza artzainen kantuen gain izaten da, eta haien dantza (birak, lerroak, aldaketak, belaunikatzeak, etab.) haien makilek lurra jotzean egindako hotsaren edo artzain nagusiaren kriskitinen erritmoan egiten da. Haien dantzak bi lerrotan egituratzen dira nagusiki, edo lerro bakarrean, nahiz zirkulu batean, eta haien urratsak errepikakorrak eta oso bakunak dira.