Dantza

Arabako Dantzak

Generikoki "banderaren dantza edo astintzea" deritzetenak oso ezagunak dira Arabako Errioxa eskualdean. Hor, begirunerik handienaz tratatzen dute bandera. Lerrarazi egiten dute poliki-poliki (inoren edo ezeren aurrean makur dadin saihesten dela) udaletxearen aurpegian behera. Banderak lehentasunezko tokia hartzen du beti prozesioetan. Udal-ordezkariak eraman ohi du handiro. Bandera soilik Jainkoaren agintearen aurrean makurtzen da bere erkidegoaren ikur gisa.

Oiongo herrian, San Bizente eta San Anastasio zaindarien jaietan (urtarrilaren 21a eta 22a), udal-sindikoa eta pertsonaia bitxi bat, "Katxia" (zeina bi kolorez janzten den: gorriz eta berdez) dira protagonista nagusiak "Katxiaren iraulkatze" ospetsuan.

Aurrez, udaletxearen aurrean bildurik guztiak, ospe handiz eraisten dute udal-bandera, eta eskularrudun sindikoak hartzen du, berak eramango baitu prozesioko bide osoan parrokia-elizaraino. Atera heltzen direnean, "Katxia" lurrean etzaten da, eta sindikoak bandera astintzen du haren gainean, hura alde batetik bestera iraulkatzen den bitartean. Guztia habanera berri batek eta haren erritmo zoragarriak lagunduta egiten da. Musikari talde batek jotzen du hura.

Bandera astintzearen zeremonia amaitu denean, Katxiak, jaiki, eta, txanoa airera botata, oihu egiten du: «Gora San Bizente eta San Anastasio!» (esakune horixe darama josita berak bi koloreko bere jakaren bizkarrean). Jende guztiak ozen erantzuten dio: «Gora!» Jarraian, elizan sartzen dira guztiak, meza nagusia entzuteko (zeina "auroro" goiztiarrek alaitzen baitute kantuz). Elizkizuna bukatutakoan, prozesio zibil ospetsu batean itzultzen dira udaletxera, eta, haren plazan, berriro bandera astinduko dute lehengo baldintza beretan.

Biasterin, berriz, "banderaren biraketa" deritzana egiten dute, San Joan jaien barruan (ekainaren 24a). Goizean goizetik, dantzariek udalbatzako kideak jasotzen dituzte etxetik, banan-banan. Udaletxean bildurik, udal-bandera eraisten dute ospe handiz, eta, gero, udaltzainak sindikoaren esku uzten du. Azken horrek eskularruak jantzita izaten ditu.

Beti ordena ezarriari eusten zaiola (Katximorroa, dantzariak, dultzaineroak, udalbatza osoa bere banderarekin eta herritarrak oro har), prozesioan joaten dira San Joanen elizaraino. Han, nahitaezkoa da Pilareko Andre Mariaren kaperan gelditzea. Agur erregina bat errezatu ondoren, sindikoak, astiro eta trebezia handiz, herriko bandera astintzen du, eta, gero, lurrean zabaltzen, Ama Birjinaren aitzinean.

Hurrena, dantzariek, Katximorroa buru dutela, beste ibilaldi bat egiten dute elizaren barruan, aldare nagusira joateko. Eta, Sakramentu txit santuaren aurrean jarrita, sindikoak bandera astintzen du zeremonia beraz, eta, gero, lurrean zabaltzen, atzera. Bitxia da: herriko dultzaineroek une horretan jotzen duten melodiak badu antz pixka bat Loiolako San Ignaziori eskainitako martxa ospetsuarekin.

Eltziegon, bada "herriko banderaren jaia" izeneko eguna (uztailaren 2a, Santa Elisabet eta haren bezpera), baina, egun, ez da egiten inongo bandera-astintzerik. Bandera eraisten dute udaletxetik, eta, gero, sindikoak eramaten du kaleetan zehar elizara. Sagarapenean, Sakramentu txit santuaren aitzinean makurtzen du. Modu berean, Pipaon herrian ere, banderadunak gauza bat bakarrik egiten du: dantzariei beren ibilaldian eta dantzetan lagundu.