Dantza

Arabako Dantzak

Dantza multzo bat dira, oso bereziak beren koreografian eta testuinguruan. Izendatzaile komun bat dute: pertsona bati edo batzuei eskaintzen zaizkie (nagusiki beste sexuko kideei), formalki edo informalki. Dantza horien gizarte- eta talde-izaera oso garrantzitsua da, eta horietakotzat jo daiteke Euskal Herri osoan hedatutako dantza mota bat: soka-dantza.

"Entradilla" izeneko dantzek funts edo esanahi osoa dute beren testuinguruan. Testuingurua hauxe da: Arrastariako haranak (Aloria, Artomaña, Delika eta Tertanga) botoa berritzen dio, orain mende askotik (1639), Antiguako Ama Birjinari. Urtero izaten da hori, maiatzaren 9an. Arrastariako jendea Urduñako (Bizkaia) sarreran biltzen da. Gero, prozesioan joaten dira, letaniak abesten edo errezitatzen, Antiguako Amaren Santutegiraino. Meza entzuten dute, eta kandela handi bat eskaintzen diote Ama Birjinari.

Arrastaria haraneko (Araba) jendeak Antiguako Amari egindako meza eta oparia amaitutakoan, haraneko ordezkariek ohiko "entradillak" dantzatzen dituzte banan-banan. Banako dantza xume bat da hori (gaur egun, batzuetan, bikoteka dantzatzen da, edo are emakumezkoek dantzatzen dute). Dantzariak zango-goratze batzuk egiten ditu, txandaka, aurrerantz txapel bat bota eta gero; horren ondoren, punteaketa bat egiten da atzerantz, eta "gurpil" batekin eta agintarientzako agur batekin amaitzen. Agintariak elizaren kanpoan egoten dira.

Banan-banan, herri bakoitzeko ordezkariek dantza hori dantzatzen dute agintarien aurrean. Dantzan ari direla, jendeak oihuka adoretzen ditu: «Aupa Aloria!», «Aupa Delika!» edo «Atera dadila Artomaña!». Eta, azkenean, ikusleek puruak eta dirua botatzen dizkiete korroaren erdira. Jarraian, Urduñako erdigunera jaisten dira. Hor, alkateek makilak trukatzen dituzte beren artean, eta, gero, prozesioan, ostatura joaten dira. Han daudenean, hitzaldia eskaintzen diete bizilagunei, gozatzeko dituzten larreei eta urtean zeharreko auzoen arteko harremanei buruz.

Koartangoko "Hirutasun Santuaren dantza" Gorpuzti-egunaren hurbileko hiru igandeetan dantzatzen zen lehen. Egun, aldiz, Hirutasun Santuaren igandean bakarrik. Dultzainen musikaz dantzatzen zuten dantza hori; neskek, ermitan; mutilek, Santa Eulalia herrian; hurrena, ezkonduek, eta, azkenean, haurrek. Zirkuluan dantzatzen da, mutilak eta neskak elkarri lotuta doazela; une jakin batean, gelditu egiten dira, eta, orduan, neska edo mutil zaharrenak bere lagunaren aurrean dantzatzen du. Azkenean, guztiek jota bat dantzatzen dute, eta pasodoble bat.

Gesaltzako San Isidroren dantza edo "La Danza" deritzana San Isidro bezperan dantzatzen zen (nahiz eta, batzuetan, beste okasio batzuetan ere bai), Kofradiak aipatu santuari eskaintzen zion omenaldiaren barruan. Ekitaldiaren hasieran, anaia kofradiakideak parrokiako elizkizunetara joaten ziren, eta, gero, plaza nagusiko atarian, urteko batzarra egiten zuten. Kontuak eta proiektuak onartzen zituzten, eta batzorde berria aukeratzen zuten. Horren ondoren, eta dultzainaren edo bandaren soinuaz, "La Danza" deritzana hasten zen. Hor, lehengo maiordomoa eta aukeratu berria (biak ere kapa beltz banarekin), zein bere bikotekidearekin (horiek ere beren jantzirik dotoreenaz), dantzari-lerroaren aurreko eta atzeko muturrean jartzen ziren. Guztiak biribilean jarritakoan eta erdian ikusleen arteko emakume bat ezarrita, gizonezkoek beren txapela uzten zuten haren buruaren gainean, eta, txapel guztiekin, emakume horrek arin-arin geldi bat dantzatzen zuen, zamari bere tokian eusten saiatuz eta, azkenean, haiek gogor jaurtitzen zituela. Gero, ziklo koreografiko bera errepikatzen zen. Azkenean, ogia eta ardoa bedeinkatzen zituzten, eta etorritakoen artean banatzen.

Barrundiako haranean, Larreako biztanleek "Barte" deritzan jaia egiten dute ondoko Hermua herrian. Izan ere, horko ermitaren, bola-jokoaren eta dantzalekuaren gaineko ohiturazko eskubidea daukate (XV. mendetik, larreen eta uraren gaineko auzi batengatik), eta horiek erabiltzeko eskubidea, urtero, uztailaren 4an. "Aurresku" moduko hori erritu-eran egiten du kontzejuko erregidoreak. Emakume baten aurrean eta lurrean dagoen txapel baten inguruan aritzen da dantzan. Bere gorazarre-jarduna amaitzean jasotzen du txapela, begirunez agurtzen du emakumea, eta, gero, biek azken fandangoari ekiten diote.

Era berean, Arraiako haranean ere, Arraia-Maeztuko San Adriango kofradiakideek pribilegio bat zeukaten: "San Adrianen Dantza" egin zezaketen emakumeen aurrean, Birgara Barrengo udalerrian dagoen ermitaren ondoan. Dirudienez, dantza abestu bat zen, eta kideak kate misto batean jartzen ziren, zeina bi aldeetarantz jiratzen baitzen. Dantzako une batean, neska bat erdian kokatzen zen, eta mutil bat, haren aurrean, haren inguruan dantzatzen zuela, eta, bien bitartean, neska geldi egoten zen, buruan txapel bat zuela. Parte hori amaitzean, gainerako kideak bikote horrek osatutako arkutik igarotzen ziren.

Santa Kurutze Kanpezuko "Larrain-dantzari" dagokionez, datuak oso urriak dira, eta baliteke, haren kokapen geografikoagatik, beste "larrain-dantza" batzuen antzekoa izatea, zehazki, Sakanakoen ("Arruazuko zortzikoa") edo Lizarrerrikoen antzekoa. Beste "soka-dantza" bat, berriz, agintariak Arrizabalagara etortzen zirenean egiten zen, haien ongietorri-ekitaldian, San Joan egunean (ekainaren 24a), Agurainen. Eta Aramaioko haraneko elizateetan ere, jaietan, ohiko "soka-dantza" dantzatu ohi zuten. Dantza hark antz handia zeukan Bizkaiko eta Gipuzkoako mugaldeetako soka-dantzekin.