Politikariak eta Kargu publikoak

Leizaola Sánchez, Jesús María

Donostian 1896ko irailaren 7an jaiotako politikari eta euskal idazlea. 1989 martxoaren 16an zendu zen.

Bere lehen ikasketak Lekarozko Aholku Onaren Ikastetxean egin zituen eta unibertsitateko Zuzenbide ikasketak Valladolid-go Unibertsitatean, 1915ean lizentziatu zela. Urte bere horretan legegizon bezala Gipuzkoako Aldundian sartzen da, 1917an Madrilgo Gobernuarekin izandako kudeaketa eta negoziaketetan eta 1917ko autonomia-aldarrikapenetan ere parte hartuz.

1918an Donostiako Gune Katolikoaren idazkaria izan zen eta, bertatik ikastetxearen butakak utziz Eusko Ikaskuntzen I Kongresuan lankide izan zen. 1919an Bilboko Udaletxeko Ondasunerako Atalburu plaza lortu zuen.

Gernikan 1922an ospatutako Eusko Ikaskuntzen III. Kongresuan zehar Alfonso XIII.-aren etorrera zela eta, Euskal Unibertsitatearen aldeko manifestazio baten parte hartuz gertakari entzutetsu bat protagonizatu zuen, horren ondorioz espetxeratua izanez. 1925ean, Ekonomia Itunaren berritzean eta baita Meatze Batasunaren kredituaren inguruko affairean ere parte hartu zuen, epai-aginduz bertako likidatzaile zereginaz arduratuz, eta sei urtetan zehar bertako lege aholkularia izaten jarraituz. ELA-ko lehen Kongresurako gipuzkoar ordezkaria (1929) izan zen eta baita Solidaridad de Empleados Vascos-eko buruzagia ere. Bizitza guztian EAJ-koa izanik, beronen prentsa arloan karguak izan zituen. Gipuzkoatik Diputatua (STV) 1931ko ekainaren 28ko eta 1933ko azaroko 19ko hauteskundeetan. Gorte Konstituziogileen Konstituzio Batzordean Gutxiengo Euskal Taldearen ordezkaria izan zen. Gorteetan izandako bere mintzaldietariko baten Miguel de Unamunori kritika egin zion Euskal Estatutuaz egin zituen aipamenengatik eta eliza katolikoa oldarkortasunez aldeztu zuen. Ezagutzen ziren konstituzio ezberdinen ikerketa egiteari ekin zion Estatutuarekiko aurre-egitasmoa ahalik eta osoena izan zedin.

1932ko urriaren 19an euskal lau Diputazioetako Kudeaketa Batzordeek, Donostian bilduta, Eusko Ikaskuntzaren Estatutu-Aurreproiektuaren batzorde egokitzaile berri bat eratzearekiko erabakia hartu zuten. EAJ-ri batzorde horretan hiru toki gorde zitzaizkion, tokiok Leizaolak, Agirrek eta Basterretxeak bete zituztela. 1933ko Eusko Aberri-Eguna zela eta, Donostian kultura aste bat antolatu zen. Leizaolak Espíritu y doctrina católicos del nacionalismo vasco izenburudun hitzaldia eman zuen. Eusko Ikaskuntzako kide ere izan zen, 1934an bertako batzordekide (Gizarte-Ikaskuntza Atala) izendatua izan zela.

1935eko Gorteetan euskal autonomiarako inolako aukerarik ez zegoenaz sinetsita kargua bertan behera utzi zuen eta, lehen mailako idazkarien nazio-multzoko kide zela, 1935ean Erresumako araudi nagusiari egokitu ez izanagatik Gipuzkoako Idazkarien Elkargoak aurka-egin zion Gipuzkoako Aldundiko idazkari lanpostu istilutsua eskuratu zuen. Epaitegi Gorenak Elkargoari arrazoia eman zion baina Leizaolak, Diputazioko CCGC-ek babestuta, guda iritsi arte, bertan jardun zuen. 1936an lehenbiziko Euzkadiko Jaurlaritzan Justizia eta Kultura Sailburu bezala parte hartu zuen.

Bilbotik Eusko Jaurlaritza erretiratzean, Leizaola ahal zen neurrian pertsona eta ondasunen segurtasuna bermatze aldera azken unera arte geldituko da, atxilotuen segurtasunaren eta etsaiak ustiatu zitzakeen helburu militarrak ez suntsitzearen arduradun nagusia bera izan zen. Parisen gobernua osatuz, Justizia eta Kultura Sailen arduradun izanez jarraitzen du. 40ko hamarkadan Betharram-en (Lapurdi) irakaskuntza lanetan dihardu. 1945ean Parisen aurkitzen da (11 A. Marceau). 1946an Agirrek, Baionan dela, Ogasunaren ardura ematen dio, eta barrualdearekin bitarteko izatea ere. Eusko Jaurlaritzako Lehendakariorde izendatua, 1960an, Jose Antonio Agirreren heriotzan lehendakari izendatua da. Burgosko Epaian Vatikanora bisitaldia egin zuen.

1974an Aberri Egunean Euskadira isilean sartzen da eta Gernika bisitatzen du. Donostiara 1979ko abenduan itzuliko da. 1980ko martiaren 9an Garaikoetxearen Jaurlaritzako eraketaren jatorri izango diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan legebiltzarkide hautatua izango da, abuztuan bizitza politikotik aldenduz.

Gai ugariri buruzko euskaraz eta gazteleraz jardun duen idazle eta hitzaldi emaile izanez, egunkari eta aldizkarietan (Euzkadi, Gipuzkoarra, Argia, El Día, Yakintza, Eusko-Enda, Euzko-Deia, Alderdi, Diario Oficial, etc.) izandako ohiko lankidetzaz gain hurrengo lanak idatzi zituen:

  1. Literatura vasca, en "Enciclopedia Hispano-Americana Espasa", Barcelona 1923;
  2. La frontera vasca contra los moros, bigarren argitalpena, Bilbao 1937;
  3. Contribución de los vascos a la formación y a la ciencia del Derecho, bigarren argitalpena, Bilbao 1937;
  4. Estudios sobre la poesía vasca, Buenos Aires, 1951;
  5. La "Crónica" en la poesía popular vasca, Ekin Argitaletxea, Buenos Aires, 1961 ;
  6. Líneas generales de la formación de la economía vasca en la historia hasta hoy, Venezuela 1962;
  7. 1808-1814 en la poesía popular vasca y otros estudios, Ekin, Buenos Aires, 1965;
  8. Romances vascos y literatura prehistórica, Ekin, Buenos Aires, 1969;
  9. Acontecimientos del s. XX en poetas euskéricos, Ekin, Buenos Aires, 1974;
  10. Crónicas y romances en la poesía euskérica, non Literatura V. liburuki "Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco", Donostia, 1981;
  11. La marina civil vasca en los siglos XIII, XIV, XV. Lehen zatia, XIII. mendea, Sendoa Argitaletxea, Donostia, 1984.

Bere lan guztiak Donostiako Sendoa Argitaletxeak 1981etik 1985era agertutako lau aletan bildu ziren.