Literatoak

Unamuno Jugo, Miguel de

Filosofoa eta idazlea. Bilbao, 1864 - Salamanca, 1936.

Miguel de Unamuno Jugo 1864ko irailaren 29an jaio zen Bilboko Ronda kalean, Hirigune Zaharrean. Gurasoak (Félix Unamuno eta honen iloba Salomé Jugo) liberalak ziren. Telesforo de Aranzadiren lehengusua zen Miguel de Unamuno. Espainiar idazle eta pentsalarien 98ko belaunaldiko kide izan zen, XX. mende hasierako espainiar idazle eta filosofo garrantzitsuenetarikoa da.

Ume-sasoiko ikasketak Bilbon bertan egin zituen, San Nicolás ikastetxean. Marrazteko abilezia berezia zeukala ikusita, Antonio Lecuona margolariaren tailerrean ere ikasle aritu zen, baina Unamunok ez omen zuen bere burua margolari gisa ikusten, eta bertan behera utzi zuen tailerreko jarduna. Irakurle ona zen, eta gaztetarik irakurri zituen egile foruzaleak (Arakistain, Navarro Villoslada, etab.) nahiz federalismoaren aldekoak (Pi y Maragall). Sabino Arana-ren giro bertsuan hazi zen Unamuno, eta gazterik hasi zen euskara ikasten. Horretaz gain, kezka politiko eta filosofiko goiztiarrek bultzatuta, arin hasi zen artikuluak hor-hemen argitaratzen. Lehenengoa 1880an argitaratu zen, El noticiero-n, "La unión hace la fuerza" izenburuarekin.

Madrilera joan zen Filosofia eta Letrak ikastera, eta 21 urterekin, 1883an, amaitu zuen karrera. Hasiera batean ez omen zen gustura ibili unibertsitate-giroan, baina espainiar hiriburuan aurkitutako beste giro batzuetan (Ateneoan, esate baterako) gustura zebilenez gero, bertan gelditu eta apurka-apurka garaiko pentsalarien giroetan sartzen hasi zen. 1884an doktorego-tesia aurkeztu zuen Crítica sobre el origen y prehistoria de la raza vasca [=Euskal arrazaren jatorriari eta historiaurreari buruzko kritika]. Bada, lan horretan ageri da, jada, hainbat urte geroago bortizki defendatu zuen euskararen ezintasunaren ideia, hots, euskara eta modernotasuna ez zirela bateragarriak. Alabaina, euskara hizkuntza gisa (ez euskal abertzaletasuna, ordea) gogoko zuela ikus daiteke Euskal-Erria aldizkarian argitaratutako "Agur, arbola bedeinkatube" (1888) artikuluan, besteak beste.

1884an, latina eta psikologia irakastearekin batera, beste egunkari eta aldizkari batzuetan hasi zen idazten; hala nola, El noticiero de Bilbao -n. Handik lau urtera Bizkaiko Aldundiak Bilboko Euskara Katedrarako deialdia egin zuenean, Unamuno, Arana eta Azkue izan ziren posturako hautagaiak, eta azken horrek irabazi zuen.

1891n Concha Lizarragarekin ezkondu zen, eta orotara bederatzi seme-alaba izan zituzten. Urte hartan bertan prestatu zuen Salamancako Unibertsitateko greziera katedra, baita lortu ere. Garai hartan kezka politikoak leku handia hartzen zuen Unamunoren bizimoduan, eta horren ondorioz ez ziren gutxi izan Sabino Arana abertzalearekin izandako eztabaidak. Kezka horri jarraiki egin zen Bilboko Agrupación Socialista-ko kide eta Lucha de clases aldizkariko laguntzaile. Hiru urteren buruan, baina, sozialisten alderdia uztea erabaki zuen. Esan ohi da, halaber, 1897 hartan jo zuela goia Unamunoren erlijio-krisiak.

Salamancan irakasle zela, erraza izan zen bertako pentsalarien giroan sartzea, eta bilbotarraren ospeak gora egin zuen. 1901ean Salamancako Unibertsitateko erretore izendatu zuten lehenengoz. Urte hartako abuztuan Lore Jokoak antolatu ziren Bilbon, eta orduan eman zuen Unamunok euskararen izaerari eta etorkizunari buruzko hitzaldi ezaguna: euskaldunei Espainiaren menpe geratzeko deia egin zien. Euskaraz denaz bezainbatean, hiltzen utzi beharreko hizkuntza zen haren ustez (behar bezalako hileta eginda, hori bai), ez omen zelako bateragarria modernotasunarekin eta izan zezakeen interes bakarra zientifikoa zelako: "¿Y el vascuence? ¡Hermoso monumento de estudio! ¡Venerable reliquia! ¡Noble ejecutoria! Enterrémosle santamente, con dignos funerales, embalsamado en ciencia; leguemos a los estudios tan interesante reliquia." [Eta euskara? Ikerketa-gai ederra! Erlikia ohoragarri! Nobletasun-agiri hori! Lurpera dezagun santuki, bere mailako hiletekin, zientzian bildurik; utz dezagun erlikia interesgarri hau ikerketarako"].

Miguel de Unamunoren adierazpenek hautsa harrotu zuten euskal giro abertzaleetan, baina Espainian hainbat jarraitzaile izan zituen (eta ditu), tartean Pío Baroja donostiarra, nahiz eta azken horrek ez zuen bat egiten euskararen desagertzeari buruzko ideiekin.

XX. mendea hastearekin batera, Unamuno gero eta kritikoago agertu zen Espainiako monarkiarekin. Han-hemen emandako hitzaldietan eta argitaratutako artikuluetan kritika gogorrak egin zituen Espainiako erregeari nahiz monarkia-sistemari buruz. Artikulu horietako batzuek arazoak ekarri zizkioten, eta 1914an gobernuak arrazoi politikoak zirela eta Errektoretzatik kentzea erabaki zuen. Lankideen artean ospe ona zeukan Unamunok, ordea, eta 1920an Filosofia eta Letren Fakultateko dekano hautatu zuten. Hamarkada hartan zigorra ezarri zioten erregea iraintzeagatik, baina ez zuen bete. 1921ean Unibertsitateko erretoreorde izendatu zuten.

1923an Primo de Riverak bere erregimena aldarrikatu zuen unetik bertatik, Unamuno oso kritiko agertu eta diktadorearen etsai handi bihurtu zen. Salbuespen gutxirekin (Euskal Unibertsitatea sortzeko asmoa ukatzea, kasurako), Primo de Riverak hartutako erabaki guztien eta diktadorearen aginduen exekutatzaileen aurka bortizki agertu zen. Horren ondorioz, Madrilgo agintariek Unibertsitateko lanpostutik bota eta Fuerteventurara bidali zuten 1924an. Urte hartan bertan barkatu zioten zigorra, eta bilbotarrak Espainiatik irtetea erabaki zuen. Parisen egon zen, lehenengo eta Hendaian ondoren. 1925ean eta 1926an, Hendaian zegoela, bere lanak (La agonía del cristianimo [=Kristautasunaren agonia], De Fuerteventura a París [=Fuerteventuratik Parisera], Cómo se hace una novela [=Nola egiten da nobela bat]) frantsesera itzulita ikusteko aukera izan zuen. Azkenik, 1930ean Primo de Riveraren diktadura amaitu zenean, Salamancara itzuli zen Unamuno.

30eko hamarkada oso gorabeheratsua izan zen bilbotar pentsalariarentzat. 1931ko hauteskundeetan errepublikano sozialisten hautagaia izan zen Salamancan bertan, eta zinegotzi hautatu zuten. Ez ziren gutxi izan, gainera, Unamunok sasoi hartan hainbat lekutan errepublikaren alde emandako hitzaldiak. Euskal Herriko Frente aldizkari ezkertiarrean ere orduan hasi zen kolaborazioak argitaratzen. 1931ko apirilaren 14an Unamunok berak aldarrikatu zuen errepublika Salamancan, eta errepublikanoek hiriko unibertsitateko erretore izendatu zuten, berriro ere.

Madrilgo Gorte Orokorretara aurkeztu zen, independente gisa, ez zelako alderdi politikoekin askorik fidatzen. Diputatu hautatu zuten Salamancako sozialistei esker; alabaina, ez dirudi errepublikako gobernuaren jarduna gustuko zuenik. Izan ere, apurka-apurka Manuel Azaña presidentearen politikatik eta ekintzetatik aldentzen hasi zen, harik eta 1933an berriz ez aurkeztea erabaki zuen arte. Urtebete igarota hartu zuen irakasle-lanari zegokion erretiroa, eta unibertsitateko bizi guztirako erretore izendatzeaz gain, bere izena zeukan katedra sortu zuten.

Errepublikaren jarduna gaitzesten zuelarik, 1936ko uztailean Franco altxatu zenean, matxinatuen alde agertu zen, hasiera batean, Miguel de Unamuno. Izan ere, errepublikanoak gobernutik kendu eta Espainian behar bezalako sistema serioa ezarriko zela uste zuen. Frankistek Salamancan eskaini zioten zinegotzigoa onartu zuen, eta 1936an bertan Europako hainbat pentsalari eta idazleri gutunak bidali zizkien altxamenduaren alde ager zitezen. Badirudi, dena dela, Unamunok ez zuela denbora askorik behar izan hartutako jarreraz eta erabakiez damutzeko; Matxinatuen altxamenduak eragindako Gerra Zibila eta, bereziki, gerra horrek hurbileko lagun eta kideei ekarritako ondorio latzak (fusilamenduak, torturak, kartzela-aldiak, etab.) ikustean, atzera egin zuen.

1936ko urrian Salamancako Unibertsitatean ikasturte-hasierako hitzaldian aski damuturik agertu zen jendaurrean. Saio istilutsua izan zen, Francoren aldekoak nagusi baitziren. Irakasle batek Euskal Herria eta Katalunia Espainiaren minbizitzat jo zituen, eta Unamunok mindurik erantzun zion bera bilbotarra zela eta apezpikua Bartzelonakoa zela. Unamunoren erantzunak ez zuen lortu, baina, jendarteko zurrumurru eta oihuak isilaraztea, eta Millán Astray jeneral frankistak berretsi egin zuen Euskal Herria eta Katalunia Espainiako minbiziak zirela eta behar bezala deuseztatu behar zirela. Horretaz gain, "intelektual traidoreen" eta inteligentziaren aurkako ahotsak entzun ziren, baita "¡España, una, grande y libre!" [=Espainia bakarra, handia eta askea!] eta "¡Viva la muerte!" [=Gora heriotza!] bezalako aldarrikapenak ere. Horiei guztiei erantzuteko altxatu zen Unamuno, eta bere esaldi ezagunenetariko batekin erantzun zien: "Venceréis porque tenéis sobrada fuerza bruta. Pero no convenceréis, porque para convencer hay que persuadir. Y para persuadir necesitaríais algo que os falta: razón y derecho en la lucha" [=Irabazi egingo duzue behar besteko indar basatia daukazuelako; alabaina, ez duzue inor konbentzituko, konbentzitzeko limurtu egin behar duzuelako baten bat, eta inor limurtzeko ez daukazuen zerbait beharko zenukete: borrokatzeko arrazoia eta eskubidea].

Unamunoren erantzunaren aurrean, oihuak eta irainak biderkatu egin ziren. Soldadu batzuek armak atera zituzten, eta egoeraren larritasuna ikusita, Francoren emazte Carmen Polok besotik heldu eta bertatik ateratzen lagundu zion. Hil hartan bertan kanporatu zuen Francok unibertsitateko erretore-postutik.

Azken asteak etxean atxiloturik egin zituen, oro har, bizimoduarekin aski nahigabeturik. Lagunak bisitan joan ohi zitzaizkion egunero, eta halako batean, 1936ko abenduaren 31n, lagunekin hitz egiten ari zela, bat-batean hil zen.

Pentsamendu filosofikoari dagokionez, Miguel de Unamuno arrazionalismoaren eta positibismoaren eraginpean hezi zen; alabaina, zenbait egileren lanak irakurri ondoren (Adolf von Harnack alemaniar teologoarenak, adibidez), arrazionalismotik urrundu egin zen. Existentzialismoaren aurrekaritzat jo izan dute, Kierkergaard existentzialista kristaua ospetsu izan aurretik, daniera ikasi zuen Unamunok haren lanak hizkuntza originalean ezagutzeko. Kierkergaardek eragin handia izan zuen Unamunoren pentsamenduan, nahiz eta bilbotarrak arreta handiagoa jarri zuen norbanako zehatzean eta gizakia definitzen duen itolarrian eta agonian. Unamunoren ustez, biziaren funtsa gizakiek hiltzeko daukaten gogo-eza da, betikotasuna lortzeko gogoa, eta horri hertsirik lotuta dago aipatutako itolarria eta sentimendu tragikoa, eta horrek sorburua du, hain zuzen ere, fedearen eta arrazoiaren arteko gatazkan eta betikotasuna arrazoiaren bidetik argudiatu behar izatean. Unamunok beti zalantzei loturik doan borondatezko fedearen alde egin zuen eta ez dagoena, ezagutzen ez duguna sortzearen alde zegoen. Azken batean, bizitzaren eta errealitatearen gaineko filosofia da Unamunorena. Besteak beste, honako bi lan hauek dira aipagarriak Unamunoren pentsamenduari gagozkiolarik: Del sentimiento trágico de la vida [=Bizitzaren sentimendu tragikoaz] (1913) eta La agonía del cristianismo (1925).

Begi-bistakoa da Unamunoren bizimodua gorabeheraz josita egon zela politikari dagokionez. XIX. mendeko eta XX.aren hasierako hainbat pentsalarik bezala, kezka nabarmena izan zuen Espainiaren izaeraren edo arimaren inguruan, eta hiru lan garrantzitsu argitaratu zituen: En torno al casticismo [=Kristautasunari buruz] (1895, aldez aurretik zatika La España Moderna-n kaleratutakoa), Vida de Don Quijote y Sancho [=On Kixote eta Santxoren bizitza] (1905) eta Por tierras de Portugal y España [=Portugaleko eta Espainiako lurraldeetan barrena] (1911).

Miguel de Unamunok asko idatzi zuen, XX. mendearen hasieratik aurrera batik bat. Literaturaz denaz bezainbatean, ipuina, eleberria, olerkia eta antzerkia landu zituen. Aipagarriak dira, halaber, filosofiaren esparruan idatzitako saiakerak. Obra luzea izanagatik, zenbait gai eta kezka maiz errepikatzen dira genero bateko eta besteko idazkietan.

Narratibaren esparruan, XIX. mendeko eleberriaren molde eta muga hertsiak gainditu nahi izan zituen, eta nivola kontzeptua asmatu zuen bere obra batzuk izendatzeko. XIX. mendeko errealismoaren ezaugarri batzuei (pertsonaien garapen psikologiko funtsezkoa, deskribapen errealista, hirugarren pertsonako narratzaile orojakilea, etab.) aurre egiteko nahiari jarraikiz asmatu zuen aipaturiko kontzeptua, eta, besteak beste, formaren garrantzia beste ezeren gainetik edo pertsonaien garapen psikologiko eskasa (hots, pertsonaia lauak, ideia bakarraren edo gutxiren ordezkari direnak) aipa daitezke nivola delakoari loturik.

1895ean argitaratu zuen Paz en la guerra [=Bakea gerran]. Lan horretako kontakizuna Bilbon eta hirugarren karlistaldian dago kokaturik, eta Unamunok norbanakoek euren inguruarekin zer nolako harremana daukaten aztertu zuen. Kritikari askoren ustez, garai hartako Bilboko bizimodu arruntaren argazki zehatza da obra, non bizimodu arrunten garrantzia eta historiaren biktimen estimazioa aldarrikatu baitzituen egileak.

Amor y pedagogía [=Maitasuna eta pedagogia] 1902an kaleratu zen, eta eleberriaren eta saiakeraren mugen arteko lana da. Izan, fartsa groteskoa da, non Unamunok soziologia positibistaren kritika (batzuetan tragikoa, batzuetan komikoa) egiten baitu. Badirudi egilearen asmoa pedagogia zientifikoa barregarri uztea zela.

Recuerdos de niñez y mocedad [Haurtzaro eta gaztaroko oroipenak] (1908) lan autobiografikoa da, eta batik bat Bilbon igarotako haurtzaroa eta gaztaroaren lehen urteak ditu hizpide. Handik bost urtera El espejo de la muerte [=Heriotzaren ispilua] (1913) inprimatu zen, 26 ipuin biltzen dituen bilduma. 1914an ikusi zuen argia Unamunoren literatur lan ezagunenak: Niebla [=Lainoa]. Norbanakoen arimaren hilkortasunari eta hilezkortasunari buruzko lana da, eta oinarrian kezka filosofiko nabarmena dago, zalantza egiteari buruzko fikzioa, alegia. Hain zuzen ere, ohikoa izan zen Unamunoren obretan literatura, hots, fikzioa baliatzea kezka filosofikoak aurkezteko eta gogoeta egiteko.

1917an Kain eta Abelen istorioa pertsona bakarrarengan (Joakin Monegro, berez Kain dena) bildu zuen Abel Sánchez lanean, eta hogeigarren hamarkadako narrazio-lanak dira Tulio Montalbán (1920), Tres novelas ejemplares y un prólogo [=Hiru nobela etsenpluzko eta hitzaurre bat] (1920), La tía Tula [=Izeko Tula] (1921), Cómo se hace una novela (1927) eta San Manuel Bueno, mártir [=San Manuel Bueno, martirra] (1927). Horien artean ezagunenak azken hirurak dira. Lehenengoan Unamunoren gainerako literatur lanetan ageri ez den elementua ageri da: erotismoa, lausoki bada ere; gainera, errealitatearen eta itxuraren arteko zalantzak eta gatazkak ageri dira. Izenburuak hori ulertzeko bidea ematen badu ere, bigarrena ez da literaturazko eskuliburua, ezpada Unamunoren beraren nobelagintzaren erradiografia. Hirugarrena, hots, San Manuel Bueno, mártir da, ziur aski, bilbotarraren lan biribilena. Gertakizunak ez daude leku errealetan kokaturik, ezpada legendazko tokietan, eta idazlea pertsonaien hondora iristen da.

Narrazio-lanekin eta saiakerekin batera, hainbat poema-liburu kaleratu zituen Unamunok, baina ezin esan daiteke aurrekoekin besteko arrakasta lortu zuenik. 1907an Poesías [=Poesiak] kaleratu zuen, 1911n Rosario de sonetos líricos [=Soneto lirikoen errosarioa], 1920an El Cristo de Velázquez [=Velázquez-en Kristoa], 1922an Andanzas y visiones españolas [=Espainiako ibilerak eta ikusteak], 1923an Rimas de dentro [=Barrutiko errimak], 1924an Teresa. Rimas de un poeta desconocido [=Teresa. Poeta ezezagunaren errimak], 1925ean De Fuerteventura a París eta 1928an Romancero del destierro [Erbesteko erromantze-sorta]. Bilbotarra hil eta hamazazpi urtera, bestalde, Cancionero [=Kantutegia] (1953) lana argitaratu zen.

Oro har Unamunoren olerkietan ageri diren gaiak saiakeretan hobeki landutako kezka nagusiak dira: erlijioa, eguneroko bizimodua eta aberria. Nahiz eta hasierako idazki poetikoetan errima erabiltzeari uko egin zion, esan daiteke gehienbat eredu tradizionalei jarraiki eginiko poesia dela bilbotarrarena, kritiko askoren iritziz, arinegi: ematen du ez zuela gehiegi lantzen, azkar idazten zuela eta ia-ia idatzi zuen bezala argitaratu zuela. Hori eta bestelako zenbait ezaugarri direla eta (poesia lakarregia egitea, esate baterako), Unamuno oso urrun dago garai eta belaunaldi bertsuko Machado bezalako poeta handietatik.

Poesia-liburuekin gertatu zitzaion bezalaxe, ezin esan daiteke Unamunoren antzerki-lanak arrakastatsuak izan zirenik. Bere ohiko kezka eta zalantza existentzialak ageri dira bilbotarraren antzerkigintzan ere, eta lanen ezaugarriei dagokienez, eskematikotasuna, zuzentasuna, gaien zurruntasuna, eszenografia soila eta garbia eta pertsonaien gogoetak ardatz eta elementu bakar izatea aipatu ohi dira. Besteak beste, honako obra hauek idatzi zituen: La esfinge [=Esfingea] (1898), La venda [=Benda] (1899), La princesa doña Lambra [=Lambra printzesa] (1909), La difunta [=Difuntua] (1909), El pasado que vuelve [=Itzultzen den iragana] (1910), Fedra (1910), Soledad [=Bakardadea] (1921), Raquel encadenada [=Raquel kateatua] (1921), Sombras de sueño [=Ametsezko itzalak] (1926), El otro [=Bestea] (1926).

  • ARDILLA, J. A. G. Etnografía y politología del 98: Unamuno, Ganivet y Maeztu. Madrid: Biblioteca Nueva, 2007.
  • CABALLÉ, A. (arg.). Miguel de Unamuno, La tía Tula, Madrid: Espasa-Calpe, 1990.
  • FEAL DELIBE, C. (arg.). Miguel de Unamuno. El resentimiento trágico de la vida. Notas sobre la revolución y guerra civil españolas. Madrid: Alianza, 1991.
  • GONZÁLEZ EGIDO, L. Agonizar en Salamanca. Unamuno, julio-diciembre de 1936. Barcelona: Tusquets Editores, 2006.
  • LAÍN ENTRALGO, P. Cajal, Unamuno, Marañón. Tres españoles. Barcelona: Círculo de Lectores, 1988.
  • MARÍAS, J. Miguel de Unamuno. Espasa Calpe, Madrid, 1943,
  • DÍAZ, E. Revisión de Unamuno; análisis crítico de su pensamiento político. Madrid: Editorial Tecnos, 1968.
  • GARAGORRI, P. Introducción a Miguel de Unamuno: el desnacer y la feliz incertidumbre. Madrid: Alianza, 1986.
  • ILIE, P. Unamuno: an existential view of self and society. Madison: University of Wisconsin Press, 1967.
  • ZUBIZARRETA, A. Unamuno en su "nivola". Madrid: Taurus, 1960.