Espainiako Konstituzioan "Zuzenbide Estatu" espresio eta kontzeptua aintzat hartzen da adibide ugarik erakusten dutenez. Aitzinsolasean bertan borondate hori iragartzen da, "Zuzenbide-estatu bat sendotzea, legearen agintea segurtatuko duena, herriaren borondatearen adierazpen den aldetik", eta lehen artikuluan Zuzenbide Estatuaren (soziala eta demokratikoa) printzipioa aldarrikatzen da. Hor, beraz argi eta garbi antzematen da aurreko erregimen politikoarekin hausteko nahimena.
Konstituzioko 9. artikuluan, Zuzenbide Estatu printzipioaren adierazpen nagusiak zerrendatzen ditu, nekerik gabe. Lehen atalean ezartzen denez "Herritarrak eta botere publikoak Konstituzioaren eta gainerako ordenamendu juridikoaren mende daude". Eta hirugarren atalean legezkotasunaren printzipioa eta botere publikoen arbitrariotasun-debekua aldarrikatzen dira. Hirugarren atalean Zuzenbide Estatuko printzipioei buruzko zerrendatze arras garrantzitsua agertzen da, Zuzenbide konparatuan ezohikoa dena: "Konstituzioak bermatzen ditu: legezkotasun printzipioa, arau-hierarkia, arauak publiko egitea, aldekoak ez diren edo norbanakoen eskubideak murrizten dituzten zigor-xedapenen atzeraeraginik eza, segurtasun juridikoa eta botere publikoen erantzukizuna eta arbitrariotasun-debekua".
Oinarrizko eskubideei buruzko xedapen konstituzionalak Konstituzioko osagai dira, horrenbestez, herritarrak eta botere publikoak ere derrigortzen ditu. Dena den, berehalako lotura hori azpimarratze aldera, 53.1 artikuluan adierazten denez I. Tituluko bigarren kapituluan aitortzen diren oinarrizko eskubideek "botere publiko guztiak lotzen dituzte" salbuespenik gabe.
Halaber, xedapen konstituzional ugarik, modu berezian adierazten dute Zuzenbideak estatuko botere bakoitza lotzen duela: Gorte Nagusiek "Konstituzioak emaniko" eskumenak dituzte (66. artikulua); Gobernuak "Konstituzioarekin eta legeekin ados" gauzatzen ditu bere funtzioak (97. artikulua) eta Administrazio Publikoak "legeari eta Zuzenbideari osotara men eginik" jarduten du (103. artikulua); eta justizia Botere Judizialeko epaile eta magistratuen bidez bideratzen da, eta epaile eta magistratu horiek "legearen agintera baino ez daude menderatuak" (117. artikulua). Epaileen eta auzitegien eskumena da pertsona guztien eskubideak eta interes legitimoak modu eraginkorrean babestea (24. artikulua), baita administrazio-jardueraren legezkotasuna kontrolatzea (106. artikulua). Azkenik, xedapen konstituzional mordo batek legeari esleitzen die auzi eta gai oso anitzei buruzko erabaki funtsezkoak arautzeko eta hartzeko eskumena: oinarrizko eskubideak edo Estatuko instituzio eta organo nagusiak arautzekoa, ekonomia eta ogasunarekin zerikusia duten auzietan esku-hartzekoa, hauteskunde-zuzenbideari dagokiona edo probintzietako mugak aldatzekoa, besteak beste.
Espainiako Konstituzioa ez da Zuzenbide Estatuari buruzko kontzeptu material bat ezartzearen aldekoa. "Askatasuna, justizia, berdintasuna eta pluralismo politikoa" dira "bere ordenamendu juridikoaren balio gorentzat" aldarrikatzen dituen benetako printzipioak. Agian azken balioa izan daiteke berrikuntza bat Konstituzioari so; baina, hain zuzen balio hori da 1978ko Konstituzioa ezartzen eta arautzen duen Estatu konstituzionalaren balizko irekidura politiko gehienezkoa aitortzen duena. Hori, alderdi juridikotik eta interpretazioaren aldetik erabateko "segurua" da, Konstituzioan aitortzen diren berme eta askatasunen jabe izateagatik ezaugarritzen diren ideia politikoak eta gizataldeak bereiztea ekiditeko. Era berean, 1978ko Konstituzioak, inguruko konstituzioek bezalaxe (eta konstituzio liberalek egiten zuten moduan), oinarrizko eskubide garrantzitsuen multzo oso garrantzitsua aldarrikatzen du eta zera berresten du: "pertsonaren duintasuna, pertsonari berez dagozkion eskubide bortxaezinak, nortasunaren garapen librea, legearen errespetua eta besteen eskubideen errespetua oinarri dituzte ordena politikoak eta gizarteko bakeak" (10.1 artikulua). Xedapen horietan erreparatuz Espainiako Konstituzioak Zuzenbide Estatuaren kontzeptu material baten alde (aro liberalean zegoenari aurka egiten diona) ez duela egiten esan daiteke, ez behintzat modu hertsian, izan ere, aldarrikatzen diren balio eta printzipio gorenen xedea guztion askatasuna bermatzea eta bizikidetza modu ordenatuan antolatzeko beharrezko baldintzak ematea baino ez da.
