Zuzenbide Estatuaren printzipioa estatu konstituzionalaren funtsezko printzipioetako bat da oinarrizko eskubideekin, printzipio demokratikoarekin, Estatu sozialaren klausularekin, printzipio federalarekin edo, Espainiaren kasuan, autonomiaren printzipioarekin batera. Printzipio horiek guztiak elkarren artean modulatu eta erlatibizatzen dira; gatazka baldin badago, komunztadura praktikoaren printzipioari jarraiki optimizatu behar dira.
Ikuspegi juridikotik so zailtasun batzuk ageri dira Zuzenbide Estatuaren printzipioa zuzen aplikatzerakoan. Alde batetik, Zuzenbide Estatu kontzeptua printzipio juridiko ugari (doktrina inbentario batzuen arabera ehun arau juridiko baino gehiago) barneratzen, hartzen eta sortzen dituen kontzeptu orokor gisa erabiltzen da. Printzipio horiek kontzeptuaren ezinbesteko ezaugarriak, elementuak edota osagaiak dira. Ez dago Zuzenbide Estatu kontzeptua osatzen duten ezinbesteko elementuen eredu onarturik. Konstituzioek printzipioa aldarrikatu besterik ez dute egiten, baina ez dituzte haren osagaiak zerrendatu edo sailkatzen. Bestalde, sarritan Zuzenbide Estatu kontzeptuan autonomia juridikoa eta konstituzionala duten (eta esparru zientifiko eta doktrinazkoan ere autonomia izan behar duten) printzipio edo osagaiak barneratzen dira, esate baterako, oinarrizko eskubideak edo printzipio demokratikoa. Era berean, ez da harritzekoa, diskurtso politiko eta filosofikoan demokrazia kontzeptua (batez ere ingelesez, democracy) bere zentzu etimologikotik haratago, Zuzenbide Estatuaren printzipioarekin zorrotz lotuta dauden printzipio eta berme juridiko eta formalen sorta zabal gisa hautematea.
Aurreko atalean printzipioaren sorrerari eta eboluzioari buruzko aipamen labur bat egiten da. Hori abiapuntu egokia izan daiteke printzipioa garaiko egokieraren arabera berreraikitzeko. Adierazi den moduan, printzipioaren oinarrizko ideia Zuzenbidearen subiranotasunaren atzean ezkutatzen den dogma da: Zuzenbidea da botere ororen iturria. Printzipio demokratikoa ere (izaera konstituzionala ere baduena) Zuzenbideari lotuta garatu behar da.
Alemaniako Konstituzioak eragin nabaria izan du Espainiako Konstituzioan, baita Zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoaren klausula baitaratzerakoan ere. Horrenbestez, erreferentzia gisa har daiteke, eta hura abiapuntutzat hartuta, Katharina Sobotak Zuzenbide Estatu kontzeptuaren hamazazpi elementu identifikatu ditu, printzipio juridiko gisa baliagarri izan daitezkeenak. Hamazazpi elementu horiek hiru multzotan antolatzen dira. Konstituzioko elementuek izaera konstituzional zehatza atxikitzen diote botere publikoari: Konstituzioarekiko atxikimendua, Zuzenbidearen baitako menderakuntza, botere-banaketa, administrazioaren legezkotasuna, babes judiziala botere exekutiboaren aurrean, bake juridikoa, motibazio betekizuna. Elementu nomokratikoak legearen agintearen adierazpide abstraktuak dira eta, legearen aginte hori da, hain zuzen, izaera demokratikora moldatuta eta oinarrizko eskubideak errespetatuz, botere publiko guztiak baitaratzen dituen instantzia erabakigarria: Legearekiko menderakuntza, arbitrariotasunaren debekua, legezkotasunaren berrezarpena, segurtasun juridikoa, justiziari uko egiteko debekua, objektibotasunezko aginteak, erabakitako agintea. Erlaziozko elementuak aurrekoen osagarri dira. Hala, erlazio zehatzetako espezialitateetara egokitzen diren printzipioak gaineratzen dira: erlazioaren justizia, hedabideen proportzionaltasuna, publizitatea.
